Blog hau ez da hedabide publiko bat, baina e, helburu berberak partekatzen ditugu, eh? Badakizu: formatzea, informatzea eta entretenitzea. Beraz, gaurkoan zure jakintza maila neurtzera nator. Badakizu zer den ozpin sindromea? Horra aukera batzuk:
Zer da "ozpin sindromea"?
Bada, bai: ozpin sindromea ez da ez ardogileen, ez sagardogileen, ez ni bezalako #señormayor erretxinon gaitza, garai bateko gailu elektronikoek denborarekin garatzen duten gaitz bat baizik. Pantaila mota batzuetan, polarizazio xafla bat ezartzen zen pantailako kristalaren gainean, irudia ikusgarri egiteko. Xafla hori itsasgarri baten bidez lotzen zen pantailara.
Bada, hezetasun, tenperatura eta bestelako baldintza optimoak mantendu ezean, itsasgarri hori denborarekin desegin egiten da, hiru ondorio nagusirekin:
- Pantailaren gainazala, lau-laua izan behar zena, forma irregular luzangako burbuila moduko batzuekin betetzen da. Hasieran txikitxoak dira, eta denborarekin gero eta azkarrago hedatzen dira, pantaila osoa hartu arte.
- Gainazalak bere jatorrizko forma galtzean, prozesuak pantailako irudien ikusgarritasunari ere eragiten dio. Orban beltzak ager daitezke pantailak erakusten dituen irudietan, argitasun gutxiagoko orbanak, edo, zuzenean, pantailak polarizazioa erabat galdu eta, ondorioz, irudirik erakusten ez duelako inpresioa eman.
- Itsasgarriaren deskonposizio prozesuak ozpin usain garratza uzten du, oso nabarmen egiten dena gailua kutxa itxi batean gordeta baldin badago.
Egiya da neuk ikusi dudalako
Kontu hau, beste hainbat bezala, modu ezin mingarriagoan ikasi dut: egunotan, trastelekuan gora eta behera nenbilela, pentsatu dut ideia ona izango zela bertatik berreskuratzea nire aspaldiko ‘Txirla’ itxurako iBook zaharra, garbitu bat eman eta beharbada gelan nonbait jartzeko apaingarri moduan. Steve Jobs Applera bueltatu ondoren, egundoko garrantzia eman zioten euren ordenagailuak PC (eta ordura arteko Mac) beigetatik bereizi eta nabarmentzeari. Erabateko askatasuna eman zioten Johnathan Ive-ri Mac berrien formari protagonismoa emateko. Esango nuke ‘Txirla’ itxurako iBook G3 garai hartako produkturik eroena dela. iMac borobil haietako batek Fisher Priceren umeentzako ordenagailu batekin gau ero bat izan balu bezala…
Ondare historiko-kulturala
Arrazoi estetikoak ez ezik, iBook zehatz honen kasuan badira berreskuratzeko arrazoi pisutsuagoak, euskararen ondare historiko-kulturalarekin lotutakoak 🤣. Izan ere, ordenagailu hau bera izan zen Mac OS X Euskaraz proiektuko probetarako erabili zena. Esan daiteke munduan euskaraz funtzionatu zuen lehen Mac ordenagaillua izan zela, harik eta Applek bere sistema euskaratzen jarraitzea galarazi zuen arte. Beitu, 2003ko azaroko ETBko Bertatik Bertara saioko erreportajean ere agertzen da iBooka, euskaratze lanetan ibili ginen Txabi Elkorobarrutia eta biokin batera:
Kontuak kontu, gauza da iBook gaixoa kutxatik atera eta zer uste duzu topatu dudala? Horixe bera: ozpin sindrome ditxosozkoa, portatil gaixoaren pantailaren zati handi bat janda :(
Eskuak zikintzeko ordua!
Hor zehar bilatuta, ikusi dut arazo honek baduela irtenbide bat baino gehiago. Bada jendea mangak jaso, pantaila osorik desmontatu eta, pazientzia eta kontu handiz, polarizazio xafla zein itsasgarri guztia kendu duena, polarizazio xafla berri bat erosi, berriz itsatsi, eta horrela konpondu duena. Esan bezala, prozesu konplexua da, pantaila bera (kristala, esan nahi dut) abilezia, samurtasun eta pazientzia handiz tratatzea eskatzen duena, eta hiru horietkao bat ere ez dago nire ezaugarrien artean.
Beraz, bigarren eskuko merkatura jo dut, eta han topatu dut Alemaniako tipo bat, iBook baten erdia 50 eurotan saltzen zuena. Niri interesatzen zaidan goiko erdia, hain zuzen ere. Pentsatu nahi dut, pantaila desegin eta osorik berregitea baino, askoz errazagoa izango dela ondo dagoen pantaila bat hartu eta harekin ordezkatzea hondatu dena… ikusiko dugu zein den emaitza!