Trepetak

Ninebot Mini, Xiaomiren Segway merkea

Ninebot Mini, Xiaomiren Segway merkea 7 - teknopata.eus

Batzuek behintzat gogoratuko duzue 2001ean aurkeztu zuten Segway gailua eta izen bereko konpainia. Bi gurpilen gainean mugitzen den plataformatxo bat da, giroskopio batzuei esker oreka berez mantentzen duena. Garraiobide pertsonal gisa aurkeztu zuten, eta iraultza ekarri behar omen zuen… eta tira, nolabaiteko oihartzuna lortu du bai, baina ez espero bezalakoa.

Esan liteke neurrik bateko ‘esku beltza’ ere sumatu daitekeela gailu honen hedapenaren inguruan. Bere aurkezpenak espektazio handia sortu zuen, eta Steve Jobs (Apple) edo Jeff Bezos (Amazon) bezalako guruek lau haizetara goraipatu zituzten tramankulu berriaren loriak. Baina gerora jakin denez, Jobsek disgustu handia eman zien egileei, esanez trastearen diseinua mokordo bat zela.

George Bush, Titanic bat egiten Segway-arekin, 2003ko ekainean
George Bush, Titanic bat egiten Segway-arekin, 2003ko ekainean

Hori gutxi balitz, Titanicen estiloko hondamendi bat ere sufritu zuen enpresak: bertatik erortzea e-zi-nez-ko-a zen gailua George Bushen esku utzi zuten… eta bai: erorikoa izan zuen artean AEBetako presidentea zenak, aurpegian urratua eta guzti. Batzuek diotenez, petrolio enpresek prestatutako boikota izan zen, tramankulu elektriko txikiak autogintzari eragin zizezaiokeen kaltea ekiditeko :-)

Eroriko larriagoak ere izan dira, ez pentsa: 2010ean, Jimi Heselden ekintzaile britainiarra Segway batean zebilela amildegi batetik behera erorita hil zen, Segway enpresa erosi eta aste gutxira.

Kontuak kontu, gauza da Segwayk ez duela egin hasieran aurreikusi zioten ibilbidea. Esango nuke gakoetako bat gailu hauen prezioa dela: 7.000 euroren bueltan dabiltza (BEZ barik). Baina baliteke hori pixkanaka aldatzen joatea: joan den apirilean, Ninebot izeneko enpresa txinatar batek erosi zuen Segway enpresa. Haren akziodun nagusienetakoa honezkero ezaguna izango duzuen Xiaomi teknologikoa da. Gaur bertan ikusi dugu enpresa erosketaren lehen ondorio potoloa: Xiaomik egindako produktu berrien aurkezpenean, besteak beste, Ninebot Mini delakoa erakutsi du.

ninebotvssegwayNinebot Mini Segwayren  bertsio txikiago bat da, 13 kilo pisatzera iristen ez dena. Auto baten maleteroan erraz sar daiteke, telefonotik kontrolatzeko aukera eskaintzen du eta bere bateriak 22 kilometroko autonomia ematen omen dio. Eta onena, Xiaomiren estiloari jarraiki, bere prezioa: 270 euro ingurukoa!!! Baina eutsi, ez atera kreditu txartela oraindik! Momentuz behintzat, Txinan baino ez dute salduko ofizialki, baina Ninebot enpresaren Frantziako webguneak erregistratzeko aukera ematen du jadanik, gailua gure artean salgai jartzen dutenean abisua jasotzeko.

Beraz, badakizue: crowdopari bat egin nahi badidazue, ni poz-pozik, e? Ikusi, ikusi zelako bideo txuloa egin duten trastea aurkezteko!

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.