NabarmenakOfftopic

Shen Yun. Sekta ultraeskuindar baten propaganda ETBn. Normala ote?

Falun Gong sektak sortutako Shen Yun ikuskizuna Bilbora dator Martxoan. ETB publizitate kanpaina masiboa txertatzen ari da. Birritan idatzi diet, kezkatuta, eta erantzuna da sektaren propaganda "bat datorrela legezkotasunaren esparruarekin eta zuzenbidearekin".
shenyun iragarkia
  • Falun Gong sektak sortutako Shen Yun ikuskizuna Bilbora dator Martxoan. Nire gomendioa: ez gastatu dirurik horretan.
  • ETB publizitate kanpaina masiboa txertatzen ari da. Horrekin kezkatuta, birritan idatzi diet.
  • Birritan erantzun didate euren aldetik sektaren propaganda bat datorrela legezkotasunaren esparruarekin eta zuzenbidearekin.
  • Niri aurreko hori ez zait normala iruditzen!

Gutxi gorabehera, duela urtebete izan nuen Shen Yun ikuskizunaren berri. Egun batetik bestera, haren iragarkiz bete ziren interneteko txoko guztiak, eta batez ere ikus-entzunezkoak. ETBn ere apurka-apurka hasi ziren iragarkiak agertzen. Oso noizean behin hasieran, eta puntu batetik aurrera ETB2ko publizitate tarte guztietan agertzen ziren haien iragarkiak. Iragarkiak diot, bat baino gehiago baitira, mezu eta itxura ezberdinarekin, kanpainak aurrera egin ahala. 5.000 urteko historia eta kultura. Bizitza aldatuko dizun ikuskizuna… eta, tartekatuta, irudi ezin eder eta ikusgarriagoak, kolore biziz jantzitako dantzariak ezinezko piruetak egiten, orkestra erraldoi bat zuzenean jotzen… 2023ko urtarrilean etorri zen ikuskizuna Bilbo eta Donostira, eta aitortu behar dizuet une batean pentsatzen egon nintzela gabonetako opari ederra izan zitekeela familia osoarentzako sarrerak erosi eta denok joatea elkarrekin Cirque du Soleil estiloko ikuskizun eder hura gozatzera.

Puntu batetik aurrera, usain arraro samarra sumatu nien iragarkiei, hasi zirelako bi ideietan asko enfokatzen: dibinitateak inspiratutako ikuskizuna eta Txina komunismoaren aurretik. Informazio bila arakatzen hasi, eta horrela jakin nuen Shen Yun ikuskizuna Txinan sortu eta Estatu Batuetan garatutako Falun Gong sektaren propaganda eta diru-bilketa aparatua dela. Txinako gobernuak legez kanpokotzat jo eta bere kideak jazarri eta torturatu dituen aitzakiarekin, Falun Gongen sortzailea Estatu Batuetara erbesteratu eta han garatu du sekta politiko-erlijioso-ekonomiko bat, ultraeskuineko ideologiarekin, eta helburu argi batekin: Txinako erregimena deuseztatzea.

Bide batez, zientzia eta medikuntzaren zein homosexualitatearen aurkako aldarriak, ideologia erabat arrazista (zerua arrazen arabera banatuta omen dago), mundua salbatzera datozen estralurtarren inguruko sinismenak edota Falun Gongen sortzaile Li Hongzhi-ren izaera jainkotiarraren ingurukoak zabaltzen dituzte. Shen Yun ikuskizuna munduan zehar erakusten duen 4-5 taldez osatutako konpainia erraldoiaz gain, sektak Estatu Batuetako hainbat komunikabide propio ere kontrolatzen ditu.

Gauzak horrela, ez da harritzekoa hainbat antzokik, batez ere izaera publikokoak, Shen Yun emanaldiak bertan behera uztea, adibidez Madrilen edo Katalunian. Edota Txinako enbaxadak berak tirabira diplomatikoak izatea beste hainbat lekutan.

EiTBren ikus-entzulearen defendatzailea

Aurreko hori dena jakinda, Shen Yunen publizitate propaganda kanpaina ETBn hartzen ari zen intentsitatea ikusita, eta gure komunikazio zerbitzu publikoak halako sekta baten ideologia zabaltzeko erabiltzeak dituen inplikazioekin arduratuta, honen denaren berri ematen zion eta kanpaina erretiratzeko aukera eskatzen zion gutuna bidali nuen EiTBren ikus-entzulearen defentsa zerbitzura. Egia esan, jabe nintzen gutuna bidali orduko berandu samar zela. Urtarrilak 23 zituen ordurako, eta ikuskizuna hurrengo egunetan izan behar zen, oker ez banago jabetza publiko edo semipublikokoak diren Euskalduna eta Kursaal jauregietan, bide batez.

Espero nuen bezala, emanaldien datak iritsi ziren eta publizitateak berdin-berdin jarraitu zuen ETBn. ‘Poz’ txikiren bat ere jaso nuen egun horietan, hala ere, ikusita ez nintzela kezka hau nuen bakarra:

Elixabete Garmendia kazetariak Berriako zutabe bat dedikatu zion gaiari, ikuskizuna otsailean Donostiara iritsi zenean: Hurrengoan aztiago eta zentzudunago jokatuko ahal dute Euskaldunako eta Kursaaleko programatzaileek. Bide batez, Euskal Telebistan ez al zitzaion inori susmagarria gertatu Shen Yunen iragarkia

Bilboko emanaldietako batean izandako ikusle batek, bestalde, bere esperientzia kontatuz idatzi zuen Deia egunkarira. Estafa adoctrinadora en el ballet izenburua jarri zion bere gutunari: Prueba de que el público de Bilbao es un público con criterio fue el final: aplausos tibios, dos bajadas de telón y la gente queriendo salir cuanto antes de aquel bochornoso encierro.

Zure ekarpena eskertzen dugu

Pasatu zen otsaila, pasatu ziren emanaldiak, eta EiTBrengandik erantzunen bat jasoko nuen itxaropena ere pasatu egin zen. Baina, ojokuidao! Martxoaren erdialdean hiru paragrafoko erantzun bat jaso nuen defentsa bulegotik. Erantzunaren muina, erdiko paragrafoa, hiru lerrokoa:

Lehenik eta behin, eskerrak eman nahi dizkizugu ElTBrekin harremanetan jartzeagatik, zure iritzia helarazteko. Zure iradokizuna arduradunei helaraziko diegu, kontuan har dezaten.
Agur bero bat.

2024ko martxoan, bueltan

Gutun etsigarri samar horren ostean, gaia ahaztutzat eman nuen, harik eta 2023ko urria erdialdean, erabat ustekabean, berriz ikusi nuen iragarki santuba telebistan. Pentsa: Shen Yunen 2024ko bira martxoan pasako da Bilbotik, eta urritik ari dira ETBn propaganda egiten.

Igual nire obsesioak izango dira, baina ultraeskuineko sekta negazionista bat finantzatzeko ikuskizun bat, garestia gainera, sarrerek 72 eta 136 euro bitarteko prezioa baitute, antzoki publiko edo semipubliko batean, eta telebista publikoaren bidez iragarrita... niri oso kontu larria iruditzen zait, eta, total, txostengintzan pilatutako esperientzia baliatuta, ordenagailu parean jarri eta berriz idatzi nuen EiTBren ikuslearen defentsa bulegora, berriz eskatzeko euren barruko publizitate araudia gainbegiratu eta egiaztatzeko halako publizitatea komunikabide publikoan legala ote den.

EiTB Maratoian ere bai

Txiribuelta guztia osatzeko, urte bukaera hurbiltzen ari den honetan, EiTBk bere Maratoiarekin bonbardatu gaitu azken asteotan: Hey, zientzia oso garrantzitsua da! Medikuntza garatu beharra dago! Eman zuen dirutxoak ikerketa zientifikoaren alde! Diru bilketa animatzeko, ETB2n Esto no es normal saioaren edizio berezi bat perpetratu dute. Eta ikerketarako dirua eskatzeko publizitate etenaldietan zer? Bai, bingo: zientzia eta medikuntza abolitu behar direla dioen sektaren propaganda koloretsua. Nik ya ez dakit! 🤦🏽‍♂️

Shen Yun ikuskizunaren iragarkia 2023ko EiTB Maratoiaren etenaldietako batean
Eman dirutxoak zientzia egiteko, eta gero joan zientziaren balioa ukatzen duen ultraeskuineko ikuskizun propagandistikoa.

EiTBren bigarren erantzuna

ETB2ko saio horren estiloko galderak planteatzen ari nintzaion neure buruari ordurako:

  • Normala ote da komunikabide publiko bat zientziaren, medikuntzaren, eta beraz, osasun publikoaren aurkako ikuskizun baten propaganda hedatzea?
  • Normala ote da propaganda hori ustez zientziaren aldeko kanpaina baten erdian txertatzea?

Horretan ari nintzela, ezustean iritsi zitzaidan, oraingoan lehenengoan baino dezente azkarrago, EiTBren defentsa bulegoaren erantzuna. Oraingoan ere, hiru paragrafoko gutun labur bat, eta mamia erdiko lau lerroetan:

Eskertzen dugu berriz ere ElTBrekin harremanetan jarri izana. Kasua aztertu ondoren,
jakinarazi behar dizugu ElTBk publizitate-espazio horiek kontratatzeko eskatu dien dokumentazio guztia bat datorrela legezkotasunaren esparruarekin eta zuzenbidearekin.

Alegia: todo legal. Sekta ultraeskuindar batek publikoa engainatu eta adoktrinatzen saiatzeaz gain, bere dirua biltzeko sortutako publizitate engainagarria komunikabide publiko baten bidez zabaltzea normala izateaz gain, legezkotasunaren esparruarekin eta zuzenbidearekin bat dator.

Ba txika, ez dakit, zer nahi duzu esatea. Legala izango da, baina niri onartezina iruditzen zait hala ere!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.