Xuxen instalatzailea macOS sistemarako

Xuxen instalatzailea macOS sistemarako 3 - teknopata.eus
Azken eguneraketa: 2023/12/07 (Xuxen 5.4 bertsioa)

Elhuyarreko lagunek 5.4 bertsiora eguneratu dute Xuxen zuzentzaile ortografikoa, eta beraz, Mac ordenagailuetan erraz instalatzeko aspaldi sortutako instalazio paketea ere berritzea tokatzen da. Eskuratu orrialde honen bukaeran Xuxen zure Mac-ean automatikoki instalatzeko artxiboa. (Edo bestela, eskuz ere instala dezakezu, Xuxenen webgune ofizialeko jarraibideei jarraituz).

Xuxen 5.4 zure Macean instalatzeko, hiru pausu erraz jarraitu behar dituzu:

  1. Instalatu Xuxen
  2. Konfiguratu zure macOS sistema zuzenketa euskaraz egiteko
  3. (Aukerakoa) Eskertu lan hau! :)

1. Instalatu Xuxen 5.4 zure Mac ordenagailuan

macOS errore mezua: fitxategia ezin da ireki jatorri ezezagunekoa delako.
KONTUZ!!! Instalatzailea betiko klik bikoitzarekin irekitzen saiatuz gero, segurtasun alerta bat jasoko duzu, eta instalazioa bertan behera geratuko da!
  1. Deskargatu instalatzailea sarrera honen bukaeran.
  2. Ireki .zip artxibo konprimatua.
  3. Egin klik saguaren eskumako botoiarekin ‘Instalatu Xuxen 5.4 Mac’ artxiboan, eta aukeratu ‘Ireki’ (Abrir / Open) aukera. Sistemaren instalatzailea irekiko da.

4. Jarraitu instalatzailearen pausuak. (Momentu batean, zure administratzaile pasahitza eskatuko dizu). Gogoratu Xuxen 5.4 erabili ahal izateko, zure Mac OS X bertsioak 10.6 izan behar duela gutxienez.

2. Konfiguratu Xuxen 5.4 Mac ordenagailuetan

Instalazioa amaitutakoan, jarraitu pausu hauek zure Mac-ak jakin dezan euskaraz ari zarela. Prozedura apur bat aldatzen da zure sistemaren bertsioaren arabera, baina oso-oso erraza da. Ireki zure ordenagailuko ezarpenen panela (Preferencias edo Ajustes del Sistema) eta jarraitu pausu hauek

macOS 13 (Ventura) edo berriagoa baduzu:

macOS Ventura eta berriagoen Teklatua>Testu sarrera koadroa Sistemaren Ezarpenetan

Ireki Sistemaren Ezarpenak (Ajustes del Sistema) eta bilatu Teklatuari dagokion panela. Bertan, bilatu ‘Testu sarrera’ aukera, eta haren azpian sarrrera-iturriak editatzeko botoia.

Hurrengo koadroan, ireki ‘Ortografia’ aukeraren ondoan agertuko zaizun menu hedagarria, bertan aukeratu Euskara (Liburutegia), eta gero onartzeko botoiari sakatu. Horrela euskarazko zuzenketa ortografikoa gaituko duzu sistemako aplikazioetan.

macOS Ventura eta berriagoen Teklatua>Testu sarrera koadroa Sistemaren Ezarpenetan

macOS 12 (Monterey) edo zaharragoa baduzu:

Zure ezarpen panelean Idioma y Texto aukera ikusten baduzu:

  1. Aukeratu ‘Texto’ fitxa. Honelako zerbait ikusiko duzu:Xuxen instalatzailea macOS sistemarako 8 - teknopata.eus
  2. Ziurtatu ortografiako hizkuntzen artean, ‘Euskara (Librer?a)’ agertzen dela. Hala ez bada, gehitu ezazu ‘Configurar…’? aukeratik.

Zure ezarpen panelean Idioma y Región aukera ikusten baduzu:

  1. Euskara zerrendako lehena jarri ondoren, sakatu ‘Panel de Preferencias Teclado’ botoiari.
  2. Irekiko den panelean, ‘Texto’ fitxa aukeratu.
  3. Ziurtatu ortografiako hizkuntzen artean, ‘Euskara (Librería)’ agertzen dela. Hala ez bada, gehitu ezazu ‘Configurar…’ aukeratik.


Ohar teknikoak: non dabilen eta non ez…

macOS sistemako hainbat aplikazio, euskarazko ortografia zuzenketa aktibatuta dutela
Xuxen martxan, Pages, TextEdit, Mail eta Safari aplikazioetan

Behin ondo instalatu eta konfiguratuta, Xuxen macOSen zuzenketa ortografikoko sistema erabiltzen duten aplikazio guztietan izango duzu erabilgarri. Besteak beste, Applek berak egindakoetan, hala nola TextEdit, Mail, Safari (eta haren bidez, Google Docs bezalako web aplikazioetan), Pages, Numbers, Keynote…

Eta MS Officen?

Mac-eko Microsoft Officek bere zuzenketa motore propioa dauka, eta beraz, harekin ezingo duzu Xuxen erabili. Baina gaitzerdi: Office-ren zuzenketa motore hori kapaza da euskarazko testuak zuzentzeko (15.XX bertsioan bai behintzat) eta, Xuxen bezain fin ez badabil ere, apur bat lagunduko dizu.

Eta tira, bestela, beti duzu aukera %100 libre, %100 euskaraz eta %100 dohainik den (eta garai batean ez bezala, oso txukun dabilen) LibreOfficera pasatzeko!!!

3. Ordaindu zurito bat! (Aukerakoa! ;-))

Zurito baten ikurra

Instalatzaile hau zuritoware da. Horrek esan nahi du erabilgarri suertatu bazaizu, derrigorrezkoa ez, baina oso gomendagarria dela egileari zurito bat ordaintzea, software hau mantentzen eta beste batzuk sortzen ere animatzeko. Animatzen bazara, ondoko botoiari sakatuta egin dezakezu nahi duzun dohaintza, zure Paypal kontua edo kreditu txartela erabiliz.

Xuxen 5.4 instalatzailea macOS sistemarako
Xuxen 5.4 instalatzailea macOS sistemarako

Xuxen zuzentzaile ortografikoaren 5.4 bertsioa (2023ko abendukoa) Mac ordenagailuetan erraz instalatzeko paketea.

Size: 1 Mb
Version: 1.0
Published: 2023(e)ko abenduak 7