Batzuek gogoratuko duzue: 2016 inguruan, Amazonek sistema iraultzaile eta disruptibo eta ez dakit zenbat gauza gehiago iragarri zuen AEBetako bere denda fisikoetarako: kamera eta AA sistema konplexu bati esker, bezeroek kutxatik pasatu gabe eros zezaketen, kamerek automatikoki antzematen baitzuten bakoitzak zer erosren zuen, eta erosketa automatikoki kobratu. Hedabide guztietan barra-barra hitz egin zen berrikuntzaz. Euskadi Irratiko Amarauna saioan ere, Benitok, Jozulinek eta hirurok ahobete hortz hitz egin genuen batere kutxazainik gabeko supermerkatuez 2016ko abenduaren 11n.
Bada, merkataritza fisikoa goitik behera irauli, eraldatu, optimizatu eta disruptitu behar zuen berrikuntza definitbo haren inguruan gauzatxo batzuk jakin dira egunotan. Hurrenez hurren:
- Amazonek berehala ekin behar diola kutxazainik gabeko sistema hori erabat erretiratzeari.
- Erretiratze horren arrazoi nagusia (baina ez bakarra) sistemaren gehiegizko kostua dela, eraginkortasun txikiarekin batera (kobro desegokiek eragindako erreklamazio kopuru handia, alegia).
- Prezio handi horren arrazoi nagusia dela, heldu aulkiari, bezeroak eta bakoitzaren erosketak identifikatzeko ustezko adimen artifizial aurreratua, egitan Indian kontratatutako 1.000 langileko taldea zela. Langile horien zeregina zen AEBetako dendetako kamerek grabatutako irudiak banan-banan aztertu, bezeroak identifikatu eta bakoitzak zer eramaten zuen ikustea, faktura prestatzeko.
Hau da, Amazonek ez zuen kutxazainik gabeko dendarik. Gertatzen zen bakarra zen kutxazainak denak batera zeudela, munduaren beste puntan. Aitonak egiten zigun txistean bezalaxe: irratiaren barruan ez dago txinatar bat sartuta albisteak irakurtzen, baina Amazonen kameren atzean indiarrak dabiltza konektatuta, bezeroei sorbalda gainetik so.
Disruptitzea, eta berritzea, eta iraultzea hau zen lagunok. Eta joan prestazen, susmoa baitut ChatGPT eta Dall-E eta halakoen atzeko teloia jausten denean, Oz-eko aztian bezala, barre, negar ala garrasi, zer egin erabaki gabe geratuko garela.