Astelehen horribilis samarra izan dugu lanean eta ezin izan diogu nahi beste kasu egin efemerideari, baina gauza da gaur, behingoagatik, albiste on batekin esnatu garela: 10 urte pasa dira lehen puntu eus domeinua martxan jarri zenetik. Urteurreneko ospkaizunei hasiera emateko, ekitaldi bat egun du PuntuEus Fundazioak EiTBren Bilboko egoitzan, eta han kontatu dute, besteak beste, 10 urte geroago 15.000 webgunek erabiltzen dugula .eus domeinua geure burua mundu zabalean identifikatzeko.
Besterik gabe, lerrotxo batzuk utzi nahi izan ditut hemen, PuntuEus Fundazioko lankideei beste behin ere zorionak eta eskerrak emateko, eta urteurrenarekin lotuta burutik gurutzatu zaikzidan ideia solte batzuk apuntatuta uzteko:
Ze azkar naturalizatu dugun puntu eus domeinuen erabilera, eta, aldi berean, ze azkar pasatu den domeinuaren tema guztia aldarrikapen bat izatetik zerbitzu bat izatera. Seinale ona, zalantzarik gabe, honelako gauza batzuetan behintzat etengabeko aldarrikapenean ibili behar ez izatea, baina aldi berean seguru nago zerbitzua kudeatzea askoz zailagoa dela aldarrikapena kudeatzea baino, besteak beste, atxikimendu maila ez delako berdina…
Kontuz! Zorionez, hurrengo puntua PuntuEus Behatokiko grafikoetan dagoen datu oker batean oinarrituta dago, bertatik jakinarazi digutenez. Asko pozten naiz benetako datua askoz ere positiboagoa delako!
15.000 puntu eus! Ez dira gutxi! Baina igual aukera bat galdu dugu euskararen temarekin presio apur bat sartzeko. Ulertzen dut domeinuak funtzionatzeko ezinbestekoa dela erregistro kopuru handiak izatea eta abar, baina PuntuEusek berak bere behatokian dituen datuak ez dira, ez, etxaferuak botatzeko modukoak. PuntuEUS webguneen %85,6k ez du euskarazko edukirik. Eta webguneen %65,6ren lehenetsitako hizkuntza gaztelera da. (Euskara berriz, %5,26rena baino ez). Bizi garen errealitatearen isla baino ez dira izango datuok, noski, baina jo, zapore ona ez dute uzten
Tira, edonola ere, emango diogu geure buruari pozteko eta ospatzeko baimena, ezta? Zorionak, PuntuEus, 10 urte hauetan lortutako 15.000 domeinu horiengatik, eta mila esker orain arte egindako lan guztiagatik! Jarraitu dezagun honelako gauzatxoak naturalizatzen eta aldarrikapenak zerbitzu bihurtzen! ;-)
Kaixo Joxe,
eskerrik asko zorion mezuagatik! Dena dela, zuri esker ohartu gara Behatokiko grafikan akats bat dagoela: 2023an .EUS diren webguneen artean euskararen presentzia % 69koa izan da. Zuk diozun moduan ez luke zentzurik izango .EUSen euskararen presentzia hain txikia izatea.
Ahalik eta azkarren zuzenduko ditugu webeko datuak.
eskerrik asko!
Josu
Kaixo Josu!
Ostras, ba pozten naiz datua oker badago, eta benetakoa askoz ere positiboagoa bada! Sartuko dut ohartxo bat testuan.
Mila esker eta zorionak berriz egindako lan guztiagatik!
Joxe