BlogosferaNabarmenak

Interneten kakaztea, 1/3: Zer da “kakaztea”?

Cory Doctorow-k sortu du 'enshittification' hitza, plataformen gainbehera azaltzeko. Hona prozesuaren nondik norakoak, berak azaldu bezalaxe.
Sare sozialen logoak kaka pilo erraldoi baten gainean
Gipuzkoa 2.0 ekimenaren aurkezpenaren barnean ekitaldiaren parte hartu zuten BoingBoing blogeko Cory Doctorow eta Ordiziako Jakintza Ikastolako Maite Goñi, Kultura eta Euskara Departamentuko Kultura Sustapeneko eta Hedapeneko Zuzendaria den Haritz Soluperekin ekitaldiaren nondik-norakoak aztertzen.
Cory Doctorow, Maite Goñi eta Haritz Solupe, 2009ko uztailaren 28an Tabakaleran, Gipuzkoa 2.0 ekitaldia prestatzen. cc-by-sa GipuzkoaKultura

Cory Doctorow kazetaria, egile eskubide libreen aldeko ekintzailea eta zientzia fikziozko idazlea ere bada. Gauza asko egiten ditu, eta denak ondo samar: esan liteke Kanadako Maite Goñi dela.

Izatez, Maiterekin lotuta izan nuen nik bere berri, 2009ko uztailean. Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoa 2.0 ekitaldia antolatu zuen Donostian, haren estrategia digitalaren bueltan jarduteko. Eta han jardun zuten hizlari Coryk eta Maitek, Luistxo Fernandez eta Markel Olanorekin berarekin batera.

Doctorow pentsalari eta idazle nekaezina da, bere bloga bisitatuz berehala ikusiko duzunez. Sarri eta asko idazten du, ez nik bezala! Lehengoan, testu ezin mamitsuagoa argitaratu zuen bertan, xehe-xehe azalduz ingelesez ‘enshittification’ deitu dioten prozesuaren nondik norakoak. Laburbilduz, nola eta zergatik bihurtzen ari den internet osoa mokordo erraldoi bat… baina baita, horrekin batera, zer egin daitekeen prozesuari buelta emateko.

Bide batez, euskaraz prozesu honi ‘kakaztea’ deitzen hasi gara batzuk. Ezin izen egokiagoa iruditzen zait, baina tira, aukera hoberik izanez gero, entzuteko prest! ;-)

Artikulua hain interesgarria eta haren edukia hain jakingarria iruditu zaidanez, Coryren blogak duen cc-by-sa lizentzia aprobetxatu, testua euskaratu eta hona ekartzea pentsatu dut, ingelesez ondo moldatzen ez bazara ere irakurri ahal izan dezazun. Hori bai: jatorrizkoa luzetxoa denez, hiru artikulutan banatuko dut hemen. Gaurkoan kakaztearen definizioari dagokion zatia, eta hurrengo egunotan kakaztearen jatorria eta konponbidea ere ekarriko dizkizut.

Ah, nire ingelesa ere ez da beste munduko ezer, eta itzulpen honetan gogo eta ahalegin gehiago jarri dut, benetako jakintza baino. Zati batzuk egokitu egin ditut ustez behintzat hobeto ulertu daitezen. Akatsik edo ulertzen ez den pasarterik topatuz gero, jakinarazi lasai, mesedez!

Ea ba: hemen Doctorowren artikuluaren itzulpen/egokitzapena. Gozatu!

Kakaztearen historia naturala

Dr Slump telesaileko fotograma bat, kolorinetako kakak pasioan poz-pozik dabiltzala
Dr Slump (Arale) telesailean kaka non-nahi agertzen zen. Beharbada Simpsondarrak ez dira etorkizuna aurreikusi duten bakarrak!

Joan den urtean, “kakaztea” terminoa sortu nuen (“enshittification”, ingelesezko jatorrizkoan) plataformak nola usteltzen diren deskribatzeko. Hitz zikintxoak bere bidea egin eta oso azkar orokortu zen. American Dialect Society delakoak 2023ko Urteko Hitza ere izendatu zuen, eta orain suposatzen dut norbaitek kakaren emotikonoa jarriko duela nire hilarrian.

Beraz, zer da kakaztea, eta zergatik egin da hain ezaguna? Sortu dudan teoria bat da, azaltzeko plataformek nola kolonizatu duten internet osoa, eta zergatik ari diren plataforma horiek guztiak hain azkar eta sakon usteltzen. Zergatik axola duen, eta zer egin dezakegun horren aurrean.

Esan liteke kakaztozenoan bizi garela (enshittocene, jatorrizkoan), kakazte erraldoi batean. Bertan, axola zaizkigun zerbitzu guztiak, gure konfiantzakoak, kaka pilo erraldoia bilakatzen ari dira. Eta frustragarria da. Etsigarria da. Beldurgarria ere bada

Kakaztearen definizioa

Kakaztea azaltzea ez da erraza. Horretarako “historiako indar handien” eremu misteriotsutik atera eta jende jakin batek hartutako erabaki zehatzen mundu materialera sartu behar dugu. Desegin daitezkeen erabakiak, eta izen-abizen, bizileku, lantoki zein baliabide jakinak dituen jendea.

Kakazteak arazoa izendatu eta konponbide bat ere proposatzen du. Ez da soilik “gauzak okertzen ari dira” esateko modu bat, nahiz eta horrela erabiltzea guztiz onargarria den. Baina kakaztea modu zehatz eta teknikoagoan erabili nahi baduzu, ikus dezagun zein den bere funtzionamendua

Kakaztea hiru urratseko prozesua da:

  1. Hasieran, plataformak onak dira haien erabiltzaileentzat.
  2. Gero, erabiltzaileez abusatzen hasten dira, gauzak hobetzeko bezero komertzialentzat.
  3. Azkenik, bezero komertzialez ere abusatzen dute, balio erantsi guztia beraientzat berreskuratzeko.

Eta ondoren, hil egiten dira.

Baina azter dezagun kasu erreal bat. Zein izan daiteke Facebook baino egokiagoa?

Benetako kasu bat: Facebooken kakaztea

Facebook enpresa bat da, sortu zena propio Harvardeko ikasleen “txortagarritasuna” publikoki puntuatzeko, beraien baimenik gabe. Eta handik aurrera okerrera baino ez du egin.

Facebook abiatu zenean, .edu eta k-12.us helbideak zituzten Estatu Batuetako unibertsitate eta institutuetako ikasleentzat zen soilik. Baina 2006an publiko orokorrarengana zabaldu zen, esanez: “Bai, badakit denok erabiltzen duzuela Myspace. Baina Myspace Rupert Murdochena da Eskrupulorik gabeko milioidun australiar zaharruno eta gaizto batena, ahal duen modu guztietan zelatatzen zaituztena”.

“Eman izena Facebooken eta guk sekula ez zaituztegu zelatatuko. Esaguzue zeintzuk diren mundu honetan axola zaizkizuen pertsonak, eta jario pertsonal bat prestatuko dizuegu, pertsona horiek beraien jarraitzaileentzat argitaratzen dutenaz soilik osatua”.

Lehen fasea: ahalegin guztiak erabiltzaileen mesedetan

Hortxe lehen urratsa. Garai hartan, Facebookek bazuen etekin ekonomikoa -inbertitzaileek jarritako dirua, hain zuzen ere-, eta etekin hori bideratu zuen azken erabiltzaileak pozik izateko. Erabiltzaileak, ondorioz, Facebookera lotu ziren. FBk, teknologia negozio gehienek bezala, sare-efektua dauka bere alde. Esaten da produktu edo zerbitzu batek sare-efektua duela hobetu egiten denean jende gehiagok erabiltzen duen neurrian. Zure lagunak bertan daudenez, zu ere FBn sartu zara, eta gero beste batzuk ere bertan sartu dira zu han zaudelako.

Baina sare-efektu handia ez ezik, FBk mudantza kostu altuak ere bazituen. Mudantza kostu horiek dira produktu edo zerbitzu batetik irtetean atzean utzi behar duzun guztia. Facebooken kasuan, jarraitzen zenituen eta zure jarraitzaile ziren lagun guztiak. Teorian, erraza zen bertatik atera eta beste edonora joatea. Praktikan, ekintza kolektiboaren arazoak bete-betean harrapatzen zintuen.

Jende askok gauza bera aldi berean egitea adostea oso zaila da. Kuadrillako sei lagunekin hurrengo tragoa non hartu adostea kostatzen bada, nola adostu behar duzue zuk eta Facebookeko 200 lagunek nora joan Facebooketik ateraz gero?

Bigarren fasea: ahalegin guztia bezero komertzialen mesedetan

Konturatu orduko, erabiltzaileak elkarren gatibu zeuden Facebooken, plataformara nahi gabe lotuta. Ondorioz, Facebookek egoera hori aprobetxatu eta erabiltzaileengana bideratzen ari zen etekin ekonomikoa erretiratu egin zuen, bi bezero komertzial motari eskaintzeko: iragarleak eta hedabideak.

Iragarleei, FBk esan zien: “Akordatzen kaiku horiei esan genienean ez genituela zelatatuko? Gezurra zen. Goitik behera zelatatzen ditugu. Zaintza datu horien sarbidea emango dizuegu iragarkietarako segmentazio xehe-xehe gisa, eta ingeniaritza bitarteko handiak jarriko ditugu publizitate iruzurra zapuzteko. Zure iragarkiak zerbitzatzea merke-merkea da, eta ez dugu ahaleginik aurreztuko ziurtatzeko iragarki bat ordaintzen duzuen bakoitzean, benetako gizaki batek ikusiko duela”.

Hedabideei berriz, FBk zera esan zien: “Akordatzen kaiku horiei esan genienean ikusi nahi zituzten gauzak soilik erakutsiko genizkiela? Gezurra zen! Igo zuen webguneetako pasarte laburrak, erantsi zuen webguneko loturak, eta halakorik ikusteko sekula eskatu ez duten milioika erabiltzaileren begietaraino eramango ditugu beraien baimenik gabe. Doako trafiko inbutu bat eskaintzen dizuegu, zuen webguneetara milioika erabiltzaile eramango dituena, nahi duzuen bezala monetizatzeko. Erabiltzaile horiek itsatsita geratuko zaizkizue zuen jariora harpidetzean”. Horrela, iragarleak eta hedabideak ere plataformari lotuta geratu ziren, erabiltzaile horiekiko menpekotasunaren ondorioz.

Erabiltzaileek elkar bahitu zuten, eta bahitu horiek hedabideak eta iragarleak ere bahitu zituzten. Azkenean, denak ziren bata edo bestearen gatibu.

Hirugarren fasea: ahalegin guztia etekinaren mesedetan

Horrek esan nahi zuen hirugarren urratsari ekiteko garaia zela. Erretiratu etekinak leku guztietatik, Facebookeko akziodunei emateko. Horrek ondorio ezberdinak ekarri zituen interesatutako taldeetako bakoitzarentzat:

  • Erabiltzaileentzat: dosi homeopatikora murriztu zen nahita jarraitutako kontuetatik zetorren edukia, eta Facebookek iragarkiekin eta hedabideek diruz sustatutako edukiekin bete zuen hutsune hura.
  • Iragarleentzat: prezioak igo eta iruzurren aurkako neurriak malgutu zituen, eta beraz iragarleak askoz ere gehiago ordaintzen hasi ziren, lehen baino askoz eraginkortasun txikiagoa zuten iragarkien truke.
  • Hedabideentzat: artikuluen irismena murriztuz joan zen, beren artikuluen zati gero eta luzeagoak Facebooken publikatu ezean. Puntu batetik aurrera, Facebooken artikulu osoak argitaratu ezean, algoritmoak erabat baztertzen zituen hedabideen argitalpenak. Ondoren, FB hasi zen hedabideak zigortzen euren webguneetako estekak jarriz gero. Horrela, hedabideak harrapatuta geratu ziren berriz, euren kontrolpeko webguneetako artikulu osoak estekarik gabe argitaratzera behartuta. Praktikan, hedabideak FBren eduki hornitzaile bihurtu ziren, eta erabateko menpekotasuna garatu zuten, irismenari zein monetizazioari dagokienez.

Talde horiek kexatzen hasi zirenean, teknologiako exekutibo guztiek Enpresak Kudeatzeko Masterrean ikasten duten Darth Vaderren ikasgaia errepikatzen hasi zen FB ere: “Tratua aldatu egin dut. Egizue otoitz gehiago aldatu ez dezadan”.

Eta horrela, Facebook sartu da kakazte prozesuaren faserik arriskutsuenean. Etekin ekonomiko posible guztia jaso nahi du, eta zerbitzura balio hondarrak baino ez bideratu, erabiltzaileak eta bezero komertzialak gatibu mantentzeko behar bestekoa soilik. Beste ezer ez du utziko mahai gainean, atera daitekeen xentimo bakoitza erauzi eta akziodunei bideratu ahal izateko.

Baina hori oso oreka hauskorra da, “Zerbitzu hau gorroto dut baina ez dut lortzen bertatik irtetea” eta “Jainko maitea, zergatik itxaron dut hainbeste hemendik irteteko, goazen lehenbailehen” arteko muga mehe-mehea delako.

Cambridge Analytica eskandalu bat, sekretuen errebelazio bat, zuzenean transmititutako tiroketa masibo bat besterik ez da behar erabiltzaileak arrapaladan irteten hasteko. Eta orduan FBk ikasi du sare-efektua aho biko ezpata dela: Erabiltzaileek ezin badute hanka egin beste guztiak bertan daudelako, jende guztia alde egiten hasten denean ez dago arrazoirik norberak ere ez ospa egiteko.

Hori kakazte terminala da, plataforma bat kaka mokordo erraldoia bilakatzen den fasea. Fase honetan normalean panikoa ere izaten da, nahiz eta tech bro-ek eufemistikoki ‘pibotatzea’ deitzen dioten. Horrela iristen gara honelako pibotatzeetara: “Etorkizunean, interneteko erabiltzaile guztiak hankarik eta sexurik gabeko poligono gutxiko marrazkitxo masiboki zelatatuak bilakatuko dira, ‘Metabertsoa’ deitu diogun eta duela 25 urteko eleberri satiriko ziberpunk batetik kopiatu dugun mundu birtual batean”.

Horrelaxe hasi, garatu eta hiltzen da kakaztea. Horixe da bere ‘historia naturala’. Baina nola funtzionatzen du? Zergatik kakazten ari da orain internet osoa? Hurrengo kapituluan ikusiko dugu konponbide egokia bilatzeko ezinbestean ondo ulertu behar den prozesua.

Klikatu hemen bigarren zatia irakurtzeko.

Artikulu hau Cory Doctorowren Pluralistic blogeko artikulu honen egokitzapena da, cc-by-sa lizentziaren arabera egindakoa.

2 iruzkin
  • Kepa
    2024(e)ko otsailak 27 at 09:26

    Oso interesgarria, Joxe!! Adi nabil irakurtzen.

    Reply
    • joxe
      2024(e)ko otsailak 27 at 10:02

      Mila esker, Kepa! Egunotan argitaratuko dut hirugarren eta azken partea. Hori bai, mamiaren meritu osoa Doctorowrena da, eh? 😅

      Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.