Badira momentu historikoak non, oraindik oso ondo ulertzen ez ditugun arrazoiengatik, unibertsoa arautzen duten lege eta printzipioak errebelatzen zaizkigun gizaki xumeoi.
Horrelako zeozer gertatu zait egunotan, mundua erabat irauliko duen lege unibertsal batekin egin dut topo. Newtonek sagarrarekin bezalaxe, baina kolpetik baino, pixkanaka-pixkanaka. Sarrera honen tituluan ikusi duzun bezala, Atzeraurre Kiribiloidearen Lege Unibertsala deitu diot. (Eskerrik asko Ana Morales, Leire Narbaiza eta Txabi Landabidea izendatzeko laguntzagatik!).
Aurrerabide diagonala
Legea oso sinplea da. Edozein lan edo proiekturi ekiten diogunean, beti pentsatzen dugu modu linealean garatuko dela. ‘A’ edo ‘Zero’ egoera batetik abiatzen gara, eta uste orokorra da lan edo proiektu horretan zenbat eta ahalegin eta baliabide gehiago jarri, orduan eta gehiago garatuko dela, lerro zuzen batean, helburu gisa markatu dugun ‘B’ egoerara iritsi arte. Honela, gutxi gorabehera:
Aurrerabide diagonalaren aurreiritzi oker horretan oinarrituta planifikatzen ditugu gure lanak, ziurtzat emanda proiektuaren hasieratik X egun pasatuta, proiektua A + X egoeran egongo dela. Bada: EZ. Hori ez da SEKULA gertatzen. Oso erraz garta daiteke (etengabe gertatzen da, gogoan hartu m artxan duzuen edozein lan), proiektua hasi zenetik 10 egun pasatuta, proiektua ez egotea A+10 egoeran, hasi zenean baino dezente okerrago baizik, 7 pausu atzerago, adibidez. Frustrazio, haserre eta -ojokuidao- galera ekonomiko handiak dakartza Aurrerabide Diagonalaren Uste Faltsuak.
Atzeraurre kiribiloidea
Ostras, Joxe, eta orduan, nola planifikatu behar ditut nire lanak kalte horiek ez gertatzeko? Bueno, ba hor dago koska. Ez ahaztu sekula Atzeraurre Kiribiloidearen Lege Unibertsala. Edozein lan edo proiektu abiatzen duzularik, haren progresioa ez da sekula izango lerro zuzen bat, kiribil bat baizik. Honelako zeozer:
Hau da, behin ekiten diozunean, lana oso azkar pasako da A egoeratik A+1era, baina gero oztopoak agertzen hasiko dira, eta laster igaroko da A-1 egoera batetik, gero handik A+3ra, berriz A-4ra, eta horrela buelta eta buelta eta buelta, helburu moduan zenuen B puntura, edo handik gertu samar, iritsi arte.
Eta zenbat buelta emango du kiribilak proiektua A puntutik Bra iristeko? Tira, hori erlatiboa da, eta ikerketa sakonagoak falta dira oraindik, baina nire hipotesia formula matematiko hau da:
Non:
- b= kiribilaren buelta kopurua
- a= proiektuari eskainitako ahalegina
- j= proiektuan lanean dabilen jende kopurua
- t= denbora
- u= proiektua amaitzeko dagoen urgentzia
Bai, bai, badakit harrituta zaudetela eta denbora behar duzuela aurkikuntza harrigarri hau liseritzeko. Baina lasai, hasierako shocka pasatu aurretik oso-oso erabilgarria egingo zaizue!