Bada kontzeptu, edo hipotesi, edo ideia bat, gero eta zabalduago dagoena: internet apurtuaren ideia. Datuen kapitalismoaren, kakazte prozesuaren eta adimen artifizialaren abusuaren ondorioz, pertsonen arteko komunikazioa errazteko balio behar zuen sareak jada ez du horretarako balio. Bilatzaileek ez dute balio informazioa topatzeko, ustez ‘sare sozialak’ zirenak elkarri gezurrak botatzen diharduten robotez bete dira, eta sarean dauden komunikabideen fidagarritasuna ere gero eta txikiagoa da, SEO eta klikbeita guduen, adimen artifizialaren abusuen eta monetizazio beharraren ondorioz.
Internet bakarrik ez
Baina, aurrekoan Itziar Otegi Aranburuk 31 Eskutik blogean zioen bezala, apurtze hori internetetik haratago doa, gero eta nabarmenagoa da:
Apurtze orokor hori oso nabarmen egiten da lupa hurbiltzen badugu gizarteko sektore jakin batzuetara. Ni hurbilago ukitzen nauen sektorean, komunikabideetan, honezkero ez dago munduan aberia konpontzeko zinta amerikar nahikorik.
Joan den uztailean, Eusko Jaurlaritzak zazpi milioi euroko laguntza poltsa bat iragarri zuen, zer eta eguneroko informazioa ematen duten komunikabide profesionalek zabaltzen dituzten edukiak sortzean, lantzean eta argitaratzean adimen artifizial generatiboak duen eragin negatiboa minimizatzeko. Sei milioi hedabide handientzat, eta beste bat txikiagoentzat. Ahalegin ederra -boteprontoan- herritarron dieta informatiboa zaintzeko.
Baina hara non Gaur bertan, fanfarria handiz, ondoko autopromo albistea ikusi dugun aipatutako diru laguntza deialdian kopururik handienetakoa jasoko duen DIario Vasco egunkarian: egunkariak kanal berri bat abiatuko du desinformazioaren aurka borrokatzeko. Lehen irakurketa batean albiste ona ematen badu, testuak berehala ekin dio adimen artifizialaren loriak kantatzeari eta, azken boladan edonon ikus daitekeen bezala, teknologia berriaren ‘konta ezin ahala abantailak’ aldarrikatzeari, zantzu kritiko txikienik gabe. Desinformazioaren aurkako kanal bat saldu digute, baina, finean, adimen artifizialaren aldeko kanala da:
Desinformazioaren aurka = adimen artifizialaren alde azpijoko gaizto hori saltzearekin nahikoa ez, eta gainera, hara zer dioten kanal berriaren hedapenaz.
Bada, justu ekimen horren berri jaso ondoren, beste honen berri ere jaso dugu, oraingoan Sustaturen Mastodon kontuaren bidez
Enegarren abisua, oraingo honetan Estatu Batuetako irrati publiko batek TikToken aurkako epaiketa batetik ateratako dokumentuetatik, sare horiek nahita direla toxikoak eta desinformatiboak. Facebooken barruko miserien inguruan argi samar hitz egin digute egunotan ere, adibidez, La Sextako Salvados saioan, ohiko doinu horixka – hirupistakozirkukoaz bada ere. Arturo Béjar, Metako segurtasun arduraduna izandakoa, ikus dezakegu bertan, xehetasun guztiarekin azaltzen nola desaktibatu zituen enpresak berari enkargatutako segurtasun filtro guztiak, eta nola duen propio erabakita, erabiltzaileen segurtasuna ala etekina aukeratu behar duenean, beti etekinaren alde egitea.
Enegarren aldiz frogatu da, dokumentuekin, Twitter, Facebook, Instagram, TikTok eta enparauak erabiltzaileen kaltetan dirautela, nahita. Eta hala ere, gure era, kolore eta tamaina guztietako hedabideak (eta ez soilik hedabideak: erakunde publiko eta pribatuak, elkarteak, eskolak, kirol klubak…) hor jarraitzen dugu, jo ta fuego, haragia pikatzeko makina elikatzen.
-Ai, Joxe, baina eske jendea hor dago!
-Bai, noski, eta erdaretan, eta matxismoan, eta tabakismoan ere bai!
Esandakoa. Zeozer oso apurtuta daukagu, eta ez interneten soilik.
OHARRA: berez, berez, sarrera hau WordPresseko ActivityPub pluginaren ‘erantzun federatuen’ tema probatzeko aitzakia zen. Barkatu txapa! XD
[…] laburra: bai, kateak nabaritu ahal izateko eta internet zati bat apurtuta […]