…hauxe da gauza ederra mundu guztientzako, kantatzen zigun Oskorrik. Baina lehengoan komentatzen genuen kakazte lasterketaren erdian, mundua bera ere txiki geratu da, eta inguruko planeta eta sateliteak ere simaurtzen hasiak gaude.
Silicon Valley eta inguruotako psikopatak ilargia eta, are, Marte ere konkistatzen setatzen ari zaizkigula, arazo teknikoak biderkatzen ari dira. Adibidez: 1969 eta 1971 artean ilargiraino iritsi ziren 6 misio tripulatuen artean, bertan izandako 12 astronautek kakaz betetako 96 poltsa utzi zituzten bertan. Kontzientzia ekologiko urria, batetik, eta bestetik, bueltako bidaiarako pisua ahalik eta gehien murriztu beharraren ajeak, badakizue. Eta 2-3 laguneko ordu gutxi batzuetako 6 bisitatan. Pentsa nolakoa litzatekeen kontua dozenatxo bat laguneko kolonia egonkor bat finkatuz gero, adibidez!
Gustu txarreko txistea dirudi, baina arazo erreal eta potoloa da. Hainbesterako ezen Estatu Batuetako NASA agentzia espazialak hiru milioi euroko sariak hitz eman baititu, Ilargia, Marte eta beste planeta batzuetan hondakin solidoekin zer egin pentsatzen duenarentzat. Helburua da sistema bat diseinatzea, misio espazialetatik ahalik eta hondakin solido gutxien ekarri behar izatea bueltan Lurrera. LunaRecycle Challenge deitu diote lehiaketari.
Espazioko trasteen ifrentzu iluna
Ez da egunotan espazio lasterketaren inguruan atera den albiste aztoragarri bakarra. Zalantzarik ez dago espazioko kolonizazioaren inguruko diskurtsoa oso efektista eta xarmangarria izan daitekeela, baina baditu bere gauzatxoak… Besteak beste, telekomunikazioetarako eta internet munduko punta guztietara eramateko erabiltzen diren satelite artifizialek, adibidez, gas, gai kimiko eta metal toxikoak isurtzen dituzte euren bizitzaren amaieran erori eta atmosferan sartzean erretzen direnean. Arazoa erreala zen orain arte, baina askoz larriagoa bilakatu omen da enpresa batzuk satelite artifizialen ‘megakonstelazioak’ hedatzen hasi direnean. 2023an adibidez, hildako satelite artifizialetatik eratorritako 200 tonelada inguru disolbatu ziren atmosferan. Zeren noski, besterik pentsatu badezakegu ere, satelite horiek ez dira desagertzen, atmosferan disolbatu baizik.
Ai! Star Treken oso polit marraztu ziguten espazioaren kolonizazioa… baina badirudi errealitatea apur bat zikinagoa dela!