The Guardian egunkariak argitaratu duenez, bere alabak berak bidalitako ohar baten bide jakinda, gaur hil da, 81 urte zituela, Sir Clive Sinclair. Besteak beste, poltsikoko kalkulagailuak eta garai baten hasiera ekarriko zuen ZX Spectrum ordenagailuen asmatzailea.
Asko hitz egiten da -oraindik ere- Steve Jobsek informatikaren mundura eta, hedapenez, mundu osora ekarri zuen iraultzaz. Bada, esango nuke Sinclair honek antzeko papera -edo beharbada handiagoa- jokatu zuela ordenagailuak etxeetara eramateko saiakeran. Garai batean behintzat, gizona obsesionatuta ibili zen etxeetarako erosteko moduko ordenagailu erabilerraz eta batez ere merkeak sortzearekin. Eta ez zuen amore eman harik eta ZX Spectrum delakoa salgai jarri arte: etxeko telebistara konektatu eta BASIC programazio sistema erraza erabiliz programatu zitekeen mikro-ordenagailu merkea. Lehen bertsioak 39.900 pezeta balio zuen 16 kilobiteko memoriarekin, 240 euro inguru. 48 kilobitekoak, berriz, 52.000 pezetako kostua zuen 312,5 euro. Konparazio baterako, Iraultzaile eta ‘for the rest of us’ leloa zeramaten Apple II ezagunek, Jobsen enpresak aurrez montatuta saldu zituen lehenengoak, 1298 dolarreko prezioa zeukan 4 kilobiteko memoriarekin, eta 2638 dolar 48 kilobitekin, bost eta zortzi bider garestiagoak.
Gomazko tekla ezinezko haiek zituen makinatxoak benetako iraultza ekarri zuen: lehen aldiz, telebistan ikusten genituen ‘konputagailuak’ etxean sartu zitezkeen. Eta horixe sartu zirela! Oso denbora gutxian, Spectrum hauek etxe askotan agertzen hasi ziren (geurean ez, tamalez), eta ordura arte enpresa mundura mugatua zegoen softwarearen eta informatikaren merkatua etxeetara ere zabaltzen joan zen: jokoak sortzen zituzten enpresak sortu ziren, kolore, neurri eta itxura guztietako aldizkariak, periferikoak, programazio ikastaroak…
Oso garaikoa dirudien kontu bat ere inauguratu zuen Sinclair jaunak: ordenagailuen ezaugarrietan zenbakitxoak gehitzen joateko norgehiagoka: 48k, 64, 128… Denborarekin, hasierako makinatxo plastikoso hura sofistikatzen joan zen, potentzian irabazten… eta merkatua ere konplikatzen joan zen. Sinclair etxea zena AMSTRAD izatera pasa zen, IBMren PC estandarra iritsi zen eta… enfin, denbora baduzue, hartu tartetxo bat tipo honen bizitza eta negozioez irakurtzeko. Argi dago Jobsek garai bat markatu zuela informatikaren aroan, baina beste hau ere ez da makala. Bueno, informatikaren beraren alorretik kanpo ere bai, eh? Pentsa, ibilgailu elektriko bat ere asmatu zuen 1980ko hamarkadan! Goizegi, beharbada. Lastima!
Enfin, esandakoa. Agur eta ohore, Sir Clive!