Atzokoan Xuxen instalatzeko gomendatu nizuen, gaur egun erabiltzen dituzuen softwareen gainean dabilen gehigarri bat. Gaurkoan berriz, proposamena apur bat ausartagoa da: Chrome, Edge, Safari edo Explorerren ordez, Firefox nabigatzailea instalatzea. Mila arrazoi daude Firefox nabigatzailea erabiltzeko beste edozein baino. Hemen batzuk, azkar-azkar:
- Software librea da. Bere ‘tripak’ publikoak dira, eta edozeinek aztertu eta eraldatu ditzake. Hura erabiltzen dugunean, nabigatzeaz gain beste zerbait egiten ote duen jakitea erraza da (bueno, programazioaz jakinez gero behintzat). Ez du ezer ezkutatzen. Beste nabigatzaileak pribatuak dira, haien tripetako kodeak copyrighta dauka, eta ez da publikoa ‘teloiaren atzetik’ zer egiten duten.
- Mozillarena da. Mozilla fundazio bat da, helburu nagusitzat duena internet irekia, eskuragarria, neutrala eta librea bultzatzea. Firefox du horretarako tresna nagusienetakoa. Estandar irekiak errespetatu eta bultzatzen ditu, eta erabiltzaileak modu proaktiboan babesten gaitu datu pribatuen erauzketa bezalako praktiketatik.
- Euskaraz dago. Software librea izateak hainbat abantaila ematen dizkio Firefoxi. Haietako bat, oso erraza dela edozein hizkuntzatara itzultzea. Librezale taldeko lagunek urteak daramatzate Firefoxen euskaraketa egunean mantentzen, eta emaitza oso txukuna da.
- Zer arraio: ondo txukuna da! Nabigatzaile gisa, Firefox OSO ondo dabil estandarrak errespetatzen dituzten webguneekin. Litekeena da webguneren bate edo besterekin arazoak izatea, baina gogoratu hau: webgune bat Firefoxekin ondo ez badoa, horrek esan nahi du webgunea dela arazoak dituena, ez Firefox. Google, adibidez, kode ez-estandarrak erabiltzen ditu bere web zerbitzu askotan, hobeto ibili daitezen Chromen beste nabigatzaile batzuetan baino. Horrela, Chrome erabiltzera bultzatzen gaituzte, eta errazago egin dezakete interneten egiten dugun guztiaren jarraipena.
- Plataforma anitzetan dago: ordenagailuan zein telefonoan instalatu daiteke Firefox, eta gailu ezberdinetan dituzun laster-markak, pasahitzak eta abarrak sinkronizatu.

Firefox hemendik eskuratu dezakezu ordenagailurako, GNU Linux, Windows eta macOS sistemetarako. Android eta iOSen berriz, beheko botoi hauetatik eskura dezakezu:
E, baina nik derrigor erabili behar dut beste nabigatzaile bat! :(
Tira kasu horretan ere, bada gauzatxo bat egin dezakezuna, zure nabigatzaileak bisitatzen dituzun webguneen aurrean euskaldun bezala aurkeztu dezan bere burua: ezarri euskara lehenetsitako hizkuntza gisa.
Horrek zure egunerokotasunean ez du eragin handiegirik izango: ez du zure nabigatzaileko menurik aldatuko, eta webguneak ere berdin-berdin ikusiko dituzu. Baina, esan bezala, bisitatzen dituzun webgune guztiei esango die edukiak euskaraz nahiago dituzula. Munduan diren eta ez diren enpresa teknologiko guztiek gure interneteko jarduera guzti-guztia milimetrora zaintzen duten honetan, keinu hori oso garrantzitsua da, munduan zehar barreiatuta dauden enpresa horiek jakin dezaten euskaldunak eta euskaltzaleak bagarela.

Zure nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia euskarara aldatzeko, jarraitu Lehen Hitza Euskaraz webgunean aurkituko dituzun jarraibideak.
[…] instalatu, Firefox instalatu eta Android gailuak euskaratu ondoren, uste dut prest zaudetela jauzi de-fi-ni-ti-bo-a emateko: […]
[…] instalatu, Firefox instalatu eta Android gailuak eta ordenagailua bera euskaratuta, gaurkoan relax apur bat irabazia dugu, […]
[…] Instalatu Firefox […]
[…] Instalatu Firefox […]
[…] Firefox instalatu […]