‘Bizitzaren txinparta’ ez ei da Coca-Colari atera ahal zaion bakarra. Daizi Zheng diseinatzaile txinatarraren webgunean ikus daitekeenez, morroia ‘Green Phone’ izeneko kontzeptu bati ari zaio bueltak ematen. Sakelako bateriek ematen dituzten arazoekin kezkatuta (iraupen mugatua, ekoizteko zailtasun teknikoak, kutsadura, birziklatzeko zailtasunak…), haien ordez ‘fuel cell’ edo erregai zelulen teknologian oinarritutako sistema bat sortzen dabil.
Sistemaren oinarria elektrizitatea karbohidratoetatik ateratzen duen sistema biologiko bat da, aspaldi euliak birziklatzeko makinaren kontura aipatu genuenaren antzekoa. Edozein likido azukredun emanda, segapotoak argindara sortuko luke, eta hondakin gisa ura eta oxigenoa. Baietz ideia ona?