BlogosferaNabarmenak

Mitologia berria: “Nire Xko kontua”

Musk ahoberoak egunetik egunera garbiago uzten digu zer eta nolakoak diren 'sare sozialak' deitzen ditugun horiek.
Galtzagorriak

Uste dut beste inoiz idatzi dudala hor zehar, baina tira, bakoitzari berea: oso eskertuta nago Elon Muskekin, bere ahobero handinahi horretan, argi eta garbi uzten ari zaigulako zer eta nolakoak diren ‘sare sozial’ gisa saldu dizkiguten putzu toxiko horiek.

InfoWars

Azken egunotako berri pozgarri eta dibertigarrienetako bat Infowars auzia izan da. Laburbilduz: Estatu Batuetako ultraeskuineko agerkari digitala gezurrak, muturreko diskurtso negazionista eta osasun produktu miragarriak saltzera dedikatzen zen. Besteak beste, 2012ko Sandy Hook-eko triskantza muntaia zela publikatu zuen InfoWarsek, beste hainbatetan bezala, ondoriorik izango ez zuelakoan. Eskola hartan hil zituzten 20 ume eta 6 langileen familiek epaitegira eraman zuten InfoWarsen jabea, Alex Jones, eta 1.500 milioi dolarreko isunak ordaintzera kondenatu.

Alex Jones (53809411743)
Alex Jones hitzaldi batean. Argazkiaren egilea: Gage Skidmore (AEB). Iturria: Wikimedia Commons.

Jonesen ondarea ez zenez nahikoa isunari aurre egiteko, epaileak InfoWars agerkaria eta bere baliabide guztiak (tartean sare sozialetako kontuak) ere saltzera kondenatu zuen. Enkantean atera eta irabazlea The Onion izan da, ezkerreko agerkari satiriko bat. Bere jabeak gutun zoragarri batean iragarri zuen erosketa.

Musk erreskatera

Mitologia berria: "Nire Xko kontua" 7 - teknopata.eus
Elon MUsk 2024ko martxoan, hitzaldi batean. Argazkia: Wcamp9. Iturria: Wikimedia Commons..

Bada, salerosketaren xehetasunak ixten diren bitartean, X Corpek, behinola Twitter gisa ezagutu genuen sare haren jabeak, errekurtso partziala jarri dio salerosketa aginduari. Zergatik eta ‘Xko kontuen jabetza ez delako erabiltzaileena, Xrena baizik’. Musken enpresak dio Xko Infowars kontuaren jabea bera dela, ez Infowarsena, eta beraz ezin dela sartu Jonesen zorak kitatzeko akordio horretan. Are gehiago, X sareak dio bere erabilera baldintzetan oso argi azaltzen dela “X Corpek Xko kontuak erabiltzeko lizentzia ez-esklusiboa besterik ez diela ematen erabiltzaileei”. Hau da: zure izena daraman kontua erabiltzeko baimena duzu, baina izatez, kontua Xrena da.

Horra bada, beste mito moderno bat, goitik behera desarmatuta. ‘Nire X kontua’, ‘nire Instagram profila’, ‘nire Youtube kanala’ esaten duzun hurrengoan, gogoratu: ez dago halakorik. Kontu eta profil horiek, zure izena eta irudia daramaten arren, ez dira zureak, zerbitzua ematen dizun enpresarenak baino. Ikusten? Benetan esistitzen ez den beste izaki mitologiko bat!

  • Hacia una comunicación más libre - Pedradas
    2024(e)ko azaroak 28 at 10:38

    […] instituciones y empresas para dar de comer a todas ellas. Además, quitando al fediverso (Mastodon) trabajas para el enemigo (como se está viendo en el asunto […]

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.