NabarmenakTeknopataren ajeak

Bost trikimailu produktiboago izateko

Jaiki goizaldeko bostetan, dutxatu ur hotzarekin, ez alde egin zure lanpostutik erdizka duzun zeregina bukatu arte, ez erabili laneko denbora lankideekin sozializatzeko, saihestu distrakzio ez produktiboak…
Bost trikimailu produktiboago izateko 7 - teknopata.eus

Jaiki goizaldeko bostetan, dutxatu ur hotzarekin, ez alde egin zure lanpostutik erdizka duzun zeregina bukatu arte, ez erabili laneko denbora lankideekin sozializatzeko, saihestu distrakzio ez produktiboak…

Horrelakoak, eta okerragoak ere, gero eta sarriagotan irakur daitezke non-nahi: LinkedIn bezalako sare ‘profesionaletan’ zein teknologia albistegi eta era guztietako aditu eta coachen blog eta bestelako espazioetan. Beti ere zeharkako mezu ustez sinpatiko, umoretsu eta adeitsuarekin: “ei, jejeje, zuk ere produktiboago izan nahi duzu, ezta?”.

Baina, vamos a ver, gure bizitzako zein momentutan naturalizatu dugu “produktiboagoa izatea” bizi-helburu desiragarri, eredugarri eta, are, sozialki onargarria dela? Esan nahi dut: noren txikitako ametsa da “produktiboagoa izatea”? Noiz barneratu dugu gure bizitzako xedea dela lanean jasotzen dugun soldataren truke lan gehiago egitea?!? Zoratu al gara?

Lehengoan irakurri nuen Silicon Valleyren azken urteotako mundu ikuskera, ideologia (beldurgarri) bat izateaz gain, nortasunaren nahasmendu bat ere badela. Libertarianismoa niretzat, besteentzat feudalismoa. Edo sinpleago esanda: nirea nire, eta zurea gure, baina dimentsio planetarioan. Batmanen filmetan bezala, gaizto zoroek hiriko agintea eskuratu dute eta, okerrago dena: danok konbentzitu gaituzte euren musikaren erritmora poz-pozik dantzatzeko.

Hala, hor zehar gabiltza, munduan bueltaka, geure burua zigortzen, ahal bezain produktiboak ez garelako. Edo, coachera batuaz esaten denez, ‘geure buruaren bertsiorik onena’ eskaintzeko geure buruarekin borrokan. Hiria gobernatzen duten gaizto zoroek irabazi dute, eta gure buruan barru-barruraino sartu dira.

Horrela iritsi gara gizarte psikopata batera non sozialki gertagarria den bizarrik gabeko umemoko batek sekta ekonomiko-politiko bat muntatzea diruaren, gorputzaren eta produktibitatearen gurtzaren inguruan?

Bost trikimailu produktiboago izateko 11 - teknopata.eus

Non albistegi teknologiko batek, jijiji-jajaja, albiste bikain gisa saltzen digun enpresa batek martxan jarri duela zerbitzu bat, langileen abatarrak sortu eta aldi berean bizpahiru bileretan egoteko aukera izan dezaten: Ei, primerako albistea! Orain lan bat egiten egotea jadanik ez da aitzakia beste hiruzpalau lan ere aldi berean onartzeko! Yuju! Gora produktibitatea!

LinkedIn sareko artikulu bat, azalduz ze garrantzitsua den osasun mentala langileak produktiboak izateko.

Edo LinkedInen, norbaitek oso serio azaltzen digun enpresek langileon osasun mentalaz serio arduratu behar dutela… osasun mental urria duten langileak ez direlako produktiboak! Ez langileak ondo zaindu behar direlako, edo nolabiateko erantzukizunetik, edo kezkatik, ez,ez: produktibitatea, lagunok!

Bada: ez, jaun-andrea. Nik bestelako helburuak ditut bizitzan: jende atseginaz inguratzea, haiekin momentu onak pasatzea, betetzen nauten gauzak egitea, aurreko hori dena egiteko besteko soldata jasotzea lana txukun eginez… baina ez, inondik inora, produktiboagoa izatea. Mila esker gomendioengatik, hala ere!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.