Artikulu hau Cory Doctorowren Pluralistic blogeko artikulu honen egokitzapena da, cc-by-sa lizentziaren arabera egindakoa.
Artikuluaren lehen partean, Cory Doctorowk argitu digu teknologia enpresen kakaztea gertatzen dela etekin ekonomikoak birbideratzen direnean, lehenengo eta behin erabiltzaileentzako zerbitzuetatik iragarleentzako zerbitzuetara, eta gerora zerbitzuetatik inbertsoreen poltsikoetara zuzenean. Gaurkoan berriz, prozesu horren arrazoiak eta garabidea aztertuko ditugu. Nola funtzionatzen du kakazteak? Zergatik kakazten ari da orain internet osoa? Hori jakin gabe, ezin konponbiderik bilatu.
Kakaztozenoa
Zerk eragin du kakaztozenoa? Zer du historiako momentu zehatz honek Kakazte Handia sortzeko? Interesak zerora mantentzeko politikaren amaiera? Teknologia enpresa handietako agintarien aldaketa? Merkurioren atzeraldi bat? Ez ba.
Dirua dohainik zegoen sasoiak, zalantzarik gabe, askatasuna eman zien teknologia enpresei etekinekin beldurrik gabe jolasteko. Baina Facebook interesik gabeko politika amaitu baino dezente lehenago hasi zen kakazten, Amazon, Microsoft eta Google bezalaxe.
Erraldoi teknologikoetako batzuetan agintari berriak sartu ziren. Baina Googleren kakazteak okerrera egin zuen sortzaileak enpresara itzuli zirenean ‘AA panikoa’ (barkatu: ‘AA pibotea’) gainbegiratzeko.
Eta Merkurioren atzeraldia ere ezin da izan, ni Cancer naizelako eta, jende guztiak dakienez, Cancerrok ez baitugu astrologian sinesten.
Entitate independente mordo bat modu eta aldi berean aldatzen direnean, horrek esan nahi du ingurunea ere aldatu dela. Eta horixe gertatu zaio teknologiaren munduari.
Teknologia enpresek, beste denek bezala, inperatibo kontrajarriak dituzte. Batetik, dirua irabazi nahi dute. Bestetik, dirua irabazteko langile konpetenteak kontratatzea eta motibatuta mantentzea ezinbestekoa da, eta bezeroek erosi nahi dituzten produktuak egitea. Enpresa batek zenbat eta balio handiagoa eman bere langile eta bezeroei, orduan eta balio txikiagoa eman diezaieke bere akziodunei.
Enpresek gure gustuko gauzak modu ohoragarrian eta bidezko prezioan ekoizteko, oreka puntu bat behar da. Gehiago kobratzea, kalitatea eskastea eta langileak kaltetzea garestiago atera behar zaio enpresari, horrela jokatzeak dakarren etekina baino.
Badira lau indar, enpresei diziplina ezarri eta euren kakazteko bulkadari eusten diotenak:
- Lehenengoa: lehia. Bezeroek euren dirua beste edonora eramango duten beldur diren enpresak kontu handiz ibiltzen dira kalitatea eskasteko edo prezioak handitzeko orduan.
- Bigarrena: erregulazioa. Tranparik eginez gero administrazioren batek irabaz dezaketena baino isun handiagoak jarriko ote dizkion beldur diren konpainiek tranpa gutxiago egiten dute.
Bi horiek sektore guztiei eragiten diete, baina hurrengo biak teknologiarekin zuzenean lotuta doaz:
Hirugarrena: auto-laguntza. Ordenagailuak oso-oso malguak dira, eta haietatik eratortzen diren produktu eta zerbitzuak ere bai. Erabiltzaileek beti eskuratu ditzakete programak eta tresnak, balioa haiengandik akziodunengana birbideratzeko anti-funtzionalitateak desegiteko. Pentsatu zuzendaritza bulego batean norbaitek esaten duela :“Kalkulatu dut gure iragarkiak %20 inbasiboagoak egiteak %2ko etekin handiagoa ekarriko digula erabiltzaile bakoitzeko”.
Mundu digitalean, norbaitek erantzun lezake: “Bai, baina hori eginez gero, gure erabiltzaileen %20k iragarki blokeatzaileak instalatuko dituzte, eta erabiltzaile horiengandik jasotzen dugun etekina zerora murriztuko da, betiko”.
Horrek esan nahi du konpainia digitalek beste muga bat ere badutela. Beldur dira hurrengo kakazte maniobrak erabiltzaileak “Nola deskakaztu hau?” googleatzera eramango ote dituen.
Laugarrena eta azkena: langileak. Sindikatuen presentzia oso txikia da teknologiako langileen artean, baina horrek ez du esan nahi negoziatzeko indarrik ez dutenik. Sektoreko ‘talentu urritasun’ historikoak eragin du langileek eragin handia izatea haien nagusiengan. Nagusiarekin ados ez zeuden langileek kalea zeharkatu besterik ez zuten beste lanpostu bat, lanpostu hobe bat, aurkitzeko.
Langileek bazekiten hori, eta nagusiek ere bai. Ironikoki, horrek eragin zuen teknologiako langileak oso erraz zapaldu ahal izatea. Teknolangileek euren unearen zain zeuden fundatzaile gisa ikusten zuten euren burua. Hurrengo teknologia enpresa epikoa sortzeko momentua iritsi bitartean soldatatxoa ateratzen ari ziren figura heroiko gisa.
Horregatik ziren esanguratsuak Googleren “ez izan gaiztoa”, edo Facebooken “egin mundua zabalagoa eta konektatuagoa” bezalako leloak: misio baten sena txertatzen zuten langileen buruan. Fobazi Ettarh-ek “bokazio txundigarria” eta Elon Muskek “biziki gogorra izatea” deitzen diote.
Teknologiako langileek negoziazio botere handia zuten, baina ez zuten erabili euren nagusiek osasuna, familia edo loa sakrifikatzeko eskatu zietenean, epemuga arbitrarioen izenean. Nagusiek ‘campus’ apetatsu bihurtu zituzten lantokiak, gimnasio, gourmet kafetegi, garbitegi zerbitzu, masaje eta guzti. Horrela, langileek mimatuta zeudela esan ahal zioten euren buruari, mandoek bezala lan egitera behartuta zeuden arren.
Baina ugazabentzat, langileak misioaren senarekin motibatzeak badu bere ifrentzua: azkenean langileek misio bat dutela sentituko dute. Eta ondorioz, euren osasunaren kaltetan sortutako produktua nahita kakazteko eskatzen zaienean, langileek kalte moral sakona sentitu, amorruz erantzun eta dimititzeko mehatxua egongo dute. Horrela, langileak eurak ziren kakaztearen aurkako azken lubakia.
Kakaztearen aurreko aroan lidergoa ez zen askoz hobea. Exekutiboak ez ziren hobeak, baina mugatuta zeuden. Beren bulkadarik txarrenak lehiak, erregulazioak, autolaguntzak eta langileen indarrak geldiarazten zituzten.
Beraz, zer gertatu zen?
Kakaztozenoaren hasiera
Muga horietako bakoitza banan-banan higatzen hasi zen, erabat desegin arte, eta dena kakazteko bulkada erabat aske utzi zuten, kakaztozenoari atea irekiz.
Lehenengoa lehia izan zen. Reaganen garaira arte, lehia legediaren xedea lehia sustatzea zen. Monopolioaren kontrako AEBetako legeak korporazioen boterea arriskutsutzat jotzen zuen, eta botere hori arintzen saiatzen zen. Europako monopolioen aurkako legeak Estatu Batuetakoetan oinarritu ziren, Marshall Planaren arkitektoek inportatuta.
Kontsumitzaileen ongizatea
Baino aro neoliberalean, lehiaren gaineko agintaritzek ‘kontsumitzaileen ongizatea’ izeneko doktrinari heldu zioten mundu osoan: monopolioa kalitatearen adierazgarri da. Jende guztiak denda berean eta produktu bera erosten badu, horrek esan nahi du hori dela dendarik onena, produkturik onena eskaintzen, eta ez inor tranpatan ari denik.
Eta horrela, mundu osoan, gobernuek lehia legeak betearazteari utzi zioten. Alde batera utzi zituzten, enpresek ere ezikusiarena egiteaz bat. Enpresa horiek beren lehiakide nagusiekin bateratu ziren eta enpresa txikiagoak erosi egin zituzten, benetako mehatxu bilakatzeko beste hazi aurretik. Kontsolidazio-orgia bati ekin zioten, imajina daitezkeen industria endogamikoenak sortuz. Industria haietako sektore osoek Habsburgotarren barailak ere garatu zituzten, endogamiaren endogamiaz: betaurrekoak, itsaso bidezko garraioak, kristalezko botilak, ordainketen prozesamendua, C bitamina, garagardoa…
Gure ekonomia globalaren gehiengoa bost enpresak, edo beharbada gutxiagok, menperatzen dute. Enpresa txikiagoek uko eginez gero euren burua kartel hauei saltzeari, erraldoiek eskuak libre dituzte lehia legeak are gehiago urratzeko, prezioak nahi beste murriztuz lehiakide independenteek asentatzeko aukerarik izan ez dezaten.
Diapers.com enpresak Amazonen erosketa eskaintzari errefusatu zuenean, Amazonek 100 milioi dolar erre eta hilabeteak pasa zituen pixoihalak kostu prezioaren oso azpitik saltzen, harik eta Diapers.com hondoratu zen arte. Orduan, Amazonek lau xentimotan erosi eta itxi egin zuen.
Gaur-gaurkoz, lehia aspaldiko oroitzapen bat da. Tom Eastmanek dioenez, gaur egungo weba da ‘bost webgune erraldoi, bakoitza beste lauren testuen pantaila kapturez beteta’. Honezkero, enpresa erraldoi horiek ez dute gure arreta galtzeko batere beldurrik.
Lily Tomlinek pertsonaia bat antzeztu ohi zuen Laugh In telebista saioan. AT&T konpainiaren telefono operadore bat, Bell sistemarentzako iragarkiak egiten dituena. Iragarki denek berdin bukatzen zuten: “Ez digu ardura. Beharrik ere ez. Gu gara telefono konpainia”.
Gaur egungo erraldoiek ez dute lehiakideen mugarik. Ez die ardura. Arduratu beharrik ere ez dute. Google dira haiek.
Agur, beraz, lehen mugari. Eta desegiten zen bitartean, bigarrena ere, erregulazioa, kondenatua zegoen.
Erregulatzaileen bahiketa
Industria bat ehunka enpresa txiki eta ertainek osatzen dutenean, hori jendetza da. Ezinezkoa da denen artean adostea zer esan Parlamentuari, Kongresuari edo Batzordeari. Esan beharreko hori adosteko moduaz ere ez dira ados jartzen.
Baina sektore bat erabateko kontrola duten hiruzpalau enpresara mugatzen denean, jendetza izateari utzi eta cartel bat bilakatzen da, partzuergo bat. Bost enpresak, edo lauk, edo hiruk, edo bakar batek, erraz bateratuko dute agintariei helarazi beharreko mezua, eta lehian inbertitu behar ez dutenez, nahi beste diru daukate behar izanez gero banatzeko.
Adibidez: Facebook. Urtero-urtero milioiak ematen dizkio Nick Clegg Erresuma Batuko diputatu ohiari, Europan barrena ibil dadin aldarrikatzen Facebook dela ‘Europako Ziberespazioa’ Txinako Alderdi Komunistatik babesten duen gauza bakarra.
Erraldoi teknologikoek bahituta dituzte erregulatzaileak, eta horrek aukera ematen die kontzentrazio txikiagoa duten sektoreak mugatzen dituzten legeei ezikusiarena egiteko. Lan arloko, kontsumoko zein pribatutasuneko legeak urratzea ondo dagoelako itxurak egin ditzakete, urraketa horiek aplikazio baten bidez egiten dituztelako.
Horregatik da garrantzitsua lehia: konpainiak lan gehiago egitera eta balioa kontsumitzaileekin eta langileekin partekatzera behartzeaz gain, eragozten dielako porrot egiteko handiegi edota kartzelarazteko handiegi egitea.
Baina gauza asko eta asko daude, ez ditugunak lehiaren bidez hobetzea nahi. Adibidez: pribatutasunaren inbasioak. Europako Batasunak bere pribatutasun legeen mugarria, GDPR delakoa, onartu zuenean, suntsipen masiboko gertaera izan zen Europako publizitate-teknologiako enpresa txikientzat.
Estatu Batuetako erraldoi teknologikoak baino are inbaditzaile eta axolagabeagoak ziren. Galtzeko gutxiago zuten, azken finean. Zelatatze komertzialean ez dugu lehiarik nahi. Ez dugu nahi gure giza eskubideak bortxatzeko eraginkortasuna handitzea.
Baina Google eta Facebook -orain., bat-batean, Alphabet eta Meta direla esaten dutenak- onik atera dira Europako pribatutasun legeetatik. Eta ez da GDPR urratzen ez dutelako (horixe urratzen dutela!). Arrazoia da egoitza nagusia Irlandan dutelako itxurak egiten dituztela, Europako delinkuentzia korporatiboaren paradisurik nabarmenetakoan.
Irlanda norgehiagokan dabil Europako beste delinkuentzia paradisu batzuekin (Malta, Luxenburgo, Zipre, Herbeherak eurak ere batzuetan), ikusteko zein estatuk eskaintzen duen ingurunerik abegikorrena era guztietako krimenentzat. Izan ere, komenientziako bandera irlandarra astindu dezaketen enpresak Maltako bandera altxatzeko bezain mugikorrak dira, irlandarrek Europako araudia betearazteari ekingo baliote.
Eta horrela iritsi gara Datuak Babesteko Irlandako Batzordeak urtean 20 kasu handi baino gutxiago prozesatzera, Alemaniak epe berean 500 kasu handi kudeatzen dituen bitartean, kontinente osoan pribatutasuna gehien urratzen duten enpresa guztiek egoitza nominala Irlandan badute ere.
Beraz, Googlek eta Facebookek pribatutasun legeekiko immuneak balira bezala jokatzen dute, legea aplikazio batekin urratzen baitute. Uberrek ere laneko legedi osoa urra dezake, eta aldi berean aldarrikatzen du berdin diola, aplikazio batekin egiten duelako.
Uberrek lanari prezioa jartzeko duen algoritmoak ordain ezberdina eskaintzen dio gidari bakoitzari lan berbera egiteagatik. Veena Dubalek ‘soldata-diskriminazio algoritmikoa’ deitzen dio horri. Selektiboagoa baldin bazara onartzen dituzun lanak aukeratzeko orduan, Uberrek gehiago ordainduko dizu bidaia bakoitzeko.
Baina ordainketa oparoago horiek onartzen dituzunean, muzin eginda fakturak ordaintzen lagundu ahal dizuten bestelako lantxoei, Uber ordainketak murrizten hasiko da, prezioetan gora eta behera eginez selektiboagoa bihurtzen zaren heinean, zurekin jolastuz arrain bat kaña batean nola, harik eta prezioak ezartzeko robotaren aurrean etsi eta ordainketa txikiekin harrapatuta geratu arte, bestelako lantxo haiek betiko galduta gainera.
Gero Amazon ere badugu. Kontsumitzaileak babesteko legedia urratzen du, baina esaten du ez duela axola, aplikazio batekin egiten dutelako. Amazonek 38 bilioi dolar irabazten ditu urtean bere “publizitate” sistemarekin. “Publizitatea” kakotx artean, ez baitute iragarkirik saltzen, bilaketa emaitzetako posizionamendua baizik.
“Iragarkietan” gehien gastatzen duten konpainiak emaitzen goiko aldean agertzen dira, produktu kaskarragoak prezio altuagoetan eskaintzen badituzte ere. Amazoneko bilaketa baten lehen emaitzan klik egiten baduzu, batez beste %29 gehiago ordainduko duzu zerbitzuko preziorik onenaren aldean. Lehen lau emaitzetako bat aukeratuz gero, %25 gehiago. Batez beste, hamazazpi artikulu behera joan behar duzu Amazoneko eskaintzarik onena aurkitzeko.
Merkatariren batek gauza bera egingo balu denda fisiko batean, isunetan itoko lukete. Baina Amazonek bahituta dauzka bere erreguladoreak, eta beraz zure eskubideak urratu ditzake, eta gero esan: “ez du axola, aplikazio batekin egin dugu”.
Autolaguntza delitu
Puntu honetan hirugarren galga, auto-laguntza, oso erabilgarria da. Ez baduzu nahi zure pribatutasuna urratua izan dadin, ez diozu zertan Irlandako erreguladoreari itxaron. Iragarki blokeatzaile bat instalatzea daukazu.
Web erabiltzaileen erdiak baino gehiagok erabiltzen dituzte iragarki blokeatzaileak. Baina weba plataforma irekia da. Garatu zen garaian, teknologikoak ehunka enpresa ziren, elkarrekin mokoka, legegileak bahitzeko ahalmenik gabe.
Gaur egun, aplikazioak weba jaten ari dira, eta aplikazioak bikainak dira kakazte prozesurako. Erregulazioa bahitzea ez da soilik araudiari men ez egitea; legedian zuzenean eragiteko ahalmena ere bada, legedia zure arerioen kontra erabiltzeko gaitasuna.
Gaur egungo erraldoi teknologikoak auto-laguntza neurriak ustiatuz handitu ziren. Facebook hasi zenean Myspace erabiltzaileei esaten Rupert Murdoch australiar maltzurraren panoptikotik ihes egin behar zutela, zera esan zien: “Izorratu zuen lagunak, etorri Facebookera eta erlaxatu pribatutasun politika moloiari begira, beraiek ere hona iritsi arte”. Baina hori baino gehiago ere egin zuen.
‘Bot’ bat ere eman zien, programa txiki bat. Zure Myspace erabiltzaile eta pasahitza ematen zenion, eta bota Myspacera sartzen zen eta zure izenean jarduten hasten zen: zure Myspaceko sarrera-ontzian zegoen dena arraspatzen zuen, Facebooken kopiatu, eta aukera eskaini Facebooken erantzun eta erantzun horiek Myspacera bueltan bidaltzeko.
Garai batean, Microsoft Apple itotzen saiatu zen, Microsoft Officen Mac bertsio funtzional bat ateratzeari uko eginez. Horrela, bulego asko hasi ziren euren diseinatzaileen Mac-ak baztertzen, eta txartel grafiko hobeak eta Photoshop eta Illustratorren Windows bertsioak zeramatzaten PCekin ordezten. Baina Steve Jobsek ez zion erregutu Bill Gatesi Mac Office eguneratu zezan.
Bere ingeniariei agindu zien Microsoft Officeren alderantzizko ingeniaritza egiteko, eta harekin bateragarria zen suite bat sortzeko. Horrela sortu zen iWork software bilduma. Bere aplikazioek (Pages, Numbers eta Keynote) arazorik gabe irakurri eta idatz ditzakete Microsoften Word, Excel eta Powerpoint dokumentuak.
Google merkatuan sartu zenean, bere bilaketa robota bidali zuen munduko web zerbitzari guztietara. Robotak web erabiltzaile bat balitz bezala aurkezten zen zerbitzari horietan: “Aupa! Baduzu web orririk? Eskerrik asko! Baten bat gehiago? Bikain! Besteren bat gehiago?”.
Baina pirata guztiek almirante izan nahi dute. Facebook, Apple eta Google euren arerioekiko bateragarritasun hori garatzen ari zirenean, hura ‘aurrerabidea’ zen. Baina zu saiatuz gero haiei gauza bera egiten, hori pirateria da.
Saiatu Facebookentzako aplikazio alternatibo bat egiten, eta esango dizute Estatu Batuetako zein Europako legeak urratu dituzula, hala nola Digital Millenium Copyright Act eta Europar Batasuneko Copyright Zuzentaraua, besteak beste.
Saiatu programa bat sortzen Androiden iPhone aplikazioak exekutatzeko edota Appleren bideo eta musika denden edukia erreproduzitzeko, eta bonbardatu egingo zaituzte hondakinak harrotu arte.
Saiatu Googleren edukia robot batekin arakatzen, eta misil nuklearrekin egingo dizute eraso, erradioaktibo bilakatzen zaren arte.
Saiatu Appleren sistema eragilea euskaraz jartzeko doako partxe bat banatzen, eta abokatuak bidaliko dizkizute milioietako isunekin mehatxatzen.
Izugarria da teknologikoek zer punturaino bahitu duten legedia. Lehen aipatu dudan legea, adibidez, Digital Millenium Copyright Act (DCMA) delakoaren 1.201 atala. Clintonek sinatu zuen 1998an, eta Europar Batasunak bere Copyright Zuzentarauaren 6. artikulu gisa inportatu zuen.
Erabateko debekua da, copyrighta duen lan baten sarbidea mugatzen duen edozein motatako enkriptazioa kentzearen kontrakoa. DVDak kopiatzea edo iPhone bati ‘Jailbreak’ delakoa egitea bost urteko kartzela eta 500.000 dolarrekin zigortzen du, lehen aldia bada. Legea horrenbeste tenkatu dute, ezen gaur egun posible den egile bat zigortzea bere sorkuntzetara sarbidea emateagatik.
Honelaxe da kontua: 2008an Amazonek Audible erosi zuen, audioliburu plataforma bat, lehiaren aurkako operazio batean. Gaur egun, Audible monopolioa da, audioliburu merkatuaren %90etik gora menderatzen duelarik. Audiblek bere plataformako egile guztiak behartzen ditu Amazonen ‘eskubide digitalen kudeaketa sistemarekin’ saltzera. Sistema horrek edukien kontsumoa Amazonen aplikazioetan soilik egitea baimentzen du.
Beraz, demagun, nik liburu bat idatzi dut eta mikro baten aurrean irakurri. Gero zuzendari eta ingeniari bati ordaindu dizkiet milaka dolar batzuk nire grabazio hori audioliburu bihurtzeko, eta zuei saltzen dizuet merkatuaren %90etik gora kontrolatzen duen Audible plataforma monopolistaren bidez.
Nik gerora erabakitzen badut Amazonetik alde egitea, eta nahi badut irakurleak nirekin etortzea plataforma alternatibo batera, jai daukat. Tresnaren bat ematen badizuet nire lana Amazonen enkriptaziotik askatu eta beste edozein aplikaziotan erabiltzeko, hori delitua da, eta 5 urteko kartzela zein milioi erdi dolarreko isuna jaso nezake, lehen aldia izanez gero.
Zigor hori gogorragoa da audioliburu berbera Torrent gune batetik zuzenean pirateatuz gero jasoko zenukeena baino. Are gehiago, audioliburuaren CDa denda fisiko batean lapurtzeagatiko zigorra baino gogorragoa ere bada. CD hori garraiatzen duen kamioia bahituko bazenu ere, ez zenuke hain zigor gogorrik izango.
Bueltatu gaitezen iragarki blokeatzaileetara. Web erabiltzaileen %50ek erabiltzen dituzte blokeatzaileok. Baina app erabiltzaileen %0k erabiltzen dituzte. Izan ere, app batean iragarki blokeatzailea sartzeko, lehenengo eta behin aplikazioaren enkriptazioa desegin behar da. Eta hori, laguntxook, delitua da. Negozio ereduaren mespretxu-delitua, Jay Freemanek deitzen dionez.
Eta beraz, norbaitek batzargela batean esaten duenean “Egin ditzagun gure iragarkiak %20 gorrotagarriagoak, sarrerak %2 areagotzeko”, inork ez dio erantzuten horrek erabiltzaileak bultzatuko dituenik “Nola blokeatuko ditut iragarkiak?” googleatzera. Erantzuna “ezin da” baita. Izatez, aukera gehiago dago batzargela horretan norbaitek esateko “Egin ditzagun gure iragarkiak %100 gorrotagarriagoak, sarrerak %10 areagotzeko”. Eta horrexegatik nahi dute konpainia guztiek aplikazio bat instala dezazun, haien webgunea erabili beharrean.
Soldata diskriminazio algoritmikoa pairatzen ari diren txikizkako langileei ezerk ez die eragozten kontra-aplikazio bat instalatzea, Uber gidari guztiak koordinatu eta lan guztiak errefusatzeko ordainketak minimo batera iristen ez diren bitartean.
Eragozpenik ez, salbu eta negozio ereduaren mespretxu-delitua. Kontra-aplikazio hori garatzen duten lagunek hondamenean edota kartzelan bukatzeko beldurra, DMCA 1201, Iruzur eta Abusu Informatikoen Legea, marka komertzialena, copyrightena, patenteena, kontratuena, merkataritzako sekretuena, lehiarena… bestela esanda ‘IP Legea’ urratzeagatik.
‘IP’ eufemismo bat besterik ez da. Esan nahi du: “Nire enpresako harresietatik harago iristen eta nire kritikoen, lehiakideen eta bezeroen jokabidea kontrolatzen uzten didan legea”. ‘App’ ere eufemismoa da, eta esan nahi du “IPz hain bildua dagoen webgune bat, non erabiltzaileen lan, kontsumo eta pribatutasun eskubideak babesteko edozein aldaketa delitua baita”.
Ez digu ardura. Beharrik ere ez. Gu gara telefono konpainia.
Langileak: kombucha eta masajeak
Baina bazen laugarren muga bat: langileak. Hamarkadetan zehar, teknologiako langileen negoziazio ahalmen handiak eta lanbidearekiko bokazio txundigarriak muga jarri zioten kakazte prozesuari, baita sektorea enpresa erraldoien eskukada batera murriztu zenean ere. Baita enpresa horiek agintariak bahitu zituztenean gure kontsumitzaile, pribatutasun eta lan eskubideak urratu ahal izateko. “Negozio ereduaren mespretxu-delitua” sortu eta erabiltzaileen autolaguntza aukerak desagerrarazi ondoren ere bai. Hala eta guzti ere, langileek produktuak kakazteko beharraren aurrean sentitzen zuten kalte moralak enpresen bulkadari eusten zion.
Akordatzen teknologiako langileen ametsa zenean urte batzuk pasatzea enpresa handi batentzat lanean, gero beren kabuz hasi eta erraldoi teknologiko hura suntsituko zuen enpresa sortzeko? Tira, amets hori laster bilakatu zen: erraldoi teknologiko batentzat lan egin urte batzuetan eta gero sortu startup faltsu bat lehengo nagusiak eros dezan, lanean nolabaiteko saria eta promozioa lortzeko modu korapilatsu gisa.
Ametsa areago okertu zen: pasatu zure bizitza osoa teknologiako erraldoi batentzat lanean, eta lortu doako kombucha eta masajeak asteazkenetan.
Eta gaur egun, ametsa amaitu egin da. Geratzen dena da: lan egin teknologiako erraldoi batentzat kale gorrira bidaltzen zaituen arte. Iazko azken sei hilabeteetan kalean geratu diren 12.000 googlelariak bezalaxe, enpresak datozen 27 urteotako guztien soldatak ordaintzeko besteko akzio berrerosketa egin ondoren.
Honezkero, langileek ez dute ahalmenik nagusien bulkadarik okerrenei eusteko. “Nik ez dut produktu hau okerrago egin nahi”-ren erantzuna da “bueltatu zure plaka eta kontuz ibili irtetean ateak ipurdian jo ez diezazun”.
Ulertzen dut hau dena apur bat tristea dela. Oso tristea, izatez.
Artikulu hau Cory Doctorowren Pluralistic blogeko artikulu honen egokitzapena da, cc-by-sa lizentziaren arabera egindakoa.