NabarmenakTeknopataren ajeak

Urtzi Odriozola: Sautrelan saio pare baterako lekua egin beharko liokete “Esne mamitan”-i

Informatikaria blog honen 88.888. bisitaria izan da, eta 'Esne mamitan' liburuaren ale pertsonalizatu bat lortu du horrela.
Urtzi Odriozola: Sautrelan saio pare baterako lekua egin beharko liokete "Esne mamitan"-i 7 - teknopata.eus

Aste arrunt samarra izan behar zuen honako honek Urtzi Odriozola informatikari laudiozarauztarraren bizitzan.Bada badakizue, kontua ez da gauzak nola hasten diren, nola amaitzen diren baino, eta konturatzerako, emozio gogorren zurrunbiloan murgilduta zegoen Urtzi. Astelehenean jakin zuen, bat-batean jakin ere, berari egokitu zaiola milioika euskal herritarrek irrikaz desio zuten ohorea: Teknopataren Txokoaren 88.888 bisitaria izatea, alegia. Hori berez ohore txikia bailitzan, euskal post-literaturaren erakusgarri gorena bilakatu den Esne mamitan liburuaren ale autografiatu bat ere jaso du gazteak.

IMG_20150506_204208
Odriozola sinestu ezinda dago oraindik ere

Albistea jakin bezain pronto, Urtzi larrialdietara eraman behar izan zuten lankideek, antsietate atake batek jota. Antsiolotiko tratamendu potente baten ostean, larrialdietako atariaren kanpoaldean itxaron diogu, galdera batzuk egiteko. Hunkituta erantzun digu, negarrari kosta-kosta eutsita.

88.888. bisitaria izan zara Teknopataren Txokoan. Espero zenuen halako ohorea? Nola aldatu dizu bizitza?

Egia esan izugarrizko sorpresa izan da! Ez dakizu zer nolako poza eman didan! Izugarrizko bira izan da bizitzan. (Zotinka) Pentsa, Esne mamitan ale bat, egilearen sinadura eta guzti jasotzea ez da egunero gertatzen den zerbait….

Sari ederra benetan. Zer egingo duzu berarekin?

Beno, oraingoz inprimatu eta lasai eta patxadaz irakurtzeari ekin diot. Ez daukat inongo zalantzarik eta bukatu ostean nire bizitzako oroitzapenen kaxan gordeko dut. Noski, aldian aldian berriz ere berrirakurketa sakon bat egiteko. Gustatzen zait liburuetan kontzeptu sakonak azpimarratu eta tartean tartean Zarauzko malekoian paseoan nabilen bitartean buruari eragitea.

Zer esan dizute herrian? Zaila gertatzen ari zaizu celebrity berria bihurtzea?

Egia esan dena azkarregi pasa da eta oraindik ez dugu ez nire ingurukoek ezta nik ere erreakzionatzeko denbora askorik izan. Baina pentsatzen jarrita bertigo pixka bat ere ematen du!! Ez nuke nahi laster aterako den xelebritien aldizkari berri horretako portada izan…

'Esne Mamitan' errelatoaren sakontasunak bere baitan murgilduta utzi dute gazte inpresionablea.
‘Esne Mamitan’ errelatoaren sakontasunak bere baitan murgilduta utzi dute gazte inpresionablea.

Zer diozu liburuaz? Maisulan aparta, ezta? Zer iruditzen zaizu Sautrelak kasurik egin ez izana?

Egia esango dizut… Horren sakona da ezen oraindik kontzeptu guztiak ongi interpretatu ahal izateko ez dut liburua guztiz amaitu. Lehen esan dizudan bezala, pixkanaka irakurri eta hondartza aldean paseoak emanez meditatzen nabil. Asko dauka liburuak esateko eta nik uste Sautrelan lekua ondo irabazita duela. Saio pare baterako lekua egin behar liokete Joxeri. Agian Hasierrek ez du oraindik Joxeren twitterraren berri?

Zer esango zenieke dohainik jaso ez duten gixajoei?

Zorte ona merezi duenak bakarrik izaten duela. Baina lasai egoteko, horrelako maisulan batek merezi duela bere ekarpena, eta noski, ongi inbertitutako dirua dela. Ea honek jarraipena duen! Espero dut ordurako liburua irakurria eta ondo barneratua izatea… Pena litzateke pentsamendu berrien esanahia hasieratik galtzea!

Elkarrizketarekin jarraitu nahi izan dugu, baina erizainek bultzatu egin gaituzte, mutila bakean uzteko eta orain atseden hartu behar duela esanez. Aurrerago harrapatu beharko dugu, ast honetako emozio olde guztia igarotzen denean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.