Teknopataren ajeak

Telefónica: Gora tarifak! Gora!

Telefónica: Gora tarifak! Gora! 1 - teknopata.eusTelefónicak duela gutxi iragarri duenez, 2008ko urtarriletik aurrera %25 garestiago kobratuko die bere bezeroei sakeleko telefonoetatik finkoetara deitzea. Halako deien ezarpen tarifa, orain 12 zentimokoa dena, 15 zentimotan jarriko du operadoreak. Trukean, deien minutuko prezioa %8 eta %18 bitarte jaitsiko dela azaldu du behinola Espainiako telefonia monopolioa zuen enpresak.

Aldaketen helburua tarifikazioa sinplifikatzea dela esan dute Telefónicakoek. Hartara, 2008tik aurrera ordutegi banaketa bakarra ezarriko du, orain arte dei hartzailearen operadorearen araberako bereizketa bertan behera utzita. Tarifa arrunteko eta murriztuko ordutegiak, hortaz, berdin berdinak izango dira aurrerantzean Telefónicatik edozein operadoretara egindako deietan.

Hori bai, ez pentsa operadoreen arteko bereizketa erabat desagertuko denik. 2008tik aurrera, tarifa murriztua eta arrunta ‘blokeka’ kobratuko die Telefónicak haren bezeroei. Bi bloke egin ditu Telefónicak, dei hartzailearen operadorearen arabera. Lehenengo blokean telefonia operadore tradizionalak daude: Movistar, Vodafone eta Orange. Haien bezeroei deitzea merke-edo izango da: 15,5 zentimo minutuko ordutegi arruntean, eta 10 murriztuan. Yoigo, Euskaltel eta beste batzuen bezeroei deitzea, berriz, zigortu egingo du Telefónicak: dei horien prezioa 19 zentimokoa izango da tarifa arruntean, eta 17koa murriztuan. Alde ederra, gero: %22garestiago tarifa arruntean, eta %70 garestiago murriztuan. Txiste erraz eta koiunturala: nola deituko diote bigarren blokeko tarifa horri?  Por qué no te callas?!?, noski.

Bejondeiela, bada, Telefónicakoei. Monopolioa galtzen ari ziren garaian, bezeroen arreta telefonora deitu nuen behin, telefono bidezko internet nodoa (eta tarifa laua, beraz), Euskaltelen nodo batera pasatzeko eskatu arren, ez zidatelako egiten. Aitzaki merkeak bata bestearen atzetik bota zizkidan telefonistak, eta ni protestaka hasi nintzen.Halako batean, eta etxean telefonoa izateko haiekin kontratua eduki behar zela jakinda, zera esan zidan telefonistak: “Mira guapo: esto es lo que hay. Si lo quieres, lo coges, y si no, ya sabes”. Harez geroztik istorio hori kontatzen diet beti telemarketing kanpainetan deitzen didatenean. Eta bai, fijo orduko kontratu haren izena ere Porquenotecallas zela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.