Trepetak

Polaroid Two, ideia ona?

Polaroid zahar bat
Polaroid zahar bat. Argazkia Arty Smokesena da

Otsailean iragarri zuen Polaroidek berehalako argazkiak egiteko pelikulak egiteari utziko ziola. Mende erdi batez bere negozio nagusia izandako kamerak egiteari ere utzia zioen jadanik, eta beraz, ezer gutxi espero zitekeen argazkilari independente askoren musa izandako enpresaren etorkizunetik.

Zink eta Pogo, erantzun desesperatuak

Dena den, badirudi bizirauteko borrokan ari direla oraindik, eta duela ez asko, Zink teknologia aurkeztu zuen behinola argazki instantaneoen errege izandakoak: Zero Ink esan nahi du izenak (zero tinta, alegia) eta, kamera zaharren teknologia eguneratuz, argazkiak tintarik gabe inprimatzeko sistema bat da. Horretarako, kristal mikroskopiko bereziak dituen papera erabiltzen da. Kristal horiek ez dute kolorerik egoera normalean, baina tenperatura egokia aplikatuz gero, kolorez aldatzen dute, eta horrela inprimatzen dira argazkiak: paper kristaldunari tenperatura ezberdinak aplikatuz.

Kristalak, esan bezala, ZINK paperean daude itsatsita, eta beraz, paper hori eta inprimagailua besterik ez da behar argazkiak paperera pasatzeko: ez tintarik, ez kartutxorik, ez beste ezer. Teknologia horren lehen emaitza Polaroid Pogo izeneko argazki inprimagailu eramangarria da: bluetooth zein kable bidez konekta daiteke ordenagailura, baina baita segapotora zein kamera batera zuzenan, eta beraz argazkiak edonon inprimatzeko aukera ematen du.

Polaroid Two, klasiko baten zaharberritzea

Polaroid Two. Egin klik handiago ikusteko
Polaroid Two. Egin klik handitzeko

Kontzeptuari beste bueltatxo bat emanez, eta seguruenik etorkizunik ez duen iraganari gogor helduta, Polaroidek ohiko kamera digital bat eta Pogo inprimagailua kutxa bakar batean sartu eta Polaroid Two argazki kamera berria aurkeztu du: argazkiak paperean inprimatu ahal dituen kamera digitala. Ikus ditzagun ezaugarri teknikoak:

  • Hiru hazbeteko pantaila
  • Zoom digitala: 4x
  • SD txartelekin bateragarria
  • Argazkiak kameran ikusi eta ebaki egin daitezke inprimatu aurretik
  • Argiztatzearen zuzenketa automatikoa
  • Begi gorrien zuzenketa automatikoa
  • Tenporizadorea
  • PictBridge sistemarekin bateragarria
  • PC zein Mac-ekin bateragarria
  • Inpresorak 2 x 3 hazbeteko argazki itsasgarriak inprimatzen ditu, 60 segundu baino gutxiagotan
  • Data, artxibo zenbakia edo marko pertsonalizatuak inprimatzeko aukera
  • Bateriaren karga osoak 20 argazki inprimatzeko edo 75 argazki flasharekin egiteko ematen du

Erresuma Batuan salgai dago jadanik, 270 euro inguruan, eta 30 orriko paper paketeak 9 euro inguru balio du.

Ideia gisa, eta teknopatontzako gutizia moduan, ez zait txarra iruditzen, baina uste dut Polaroiden saiakera berri honek ez duela etorkizun handirik… Inprimatu ditzakeen argazkiak txikiegiak dira erakargarriak izateko. Beharbada ‘nitxo’ jakin batzuetan funtzionatuko du akaso (argazki digitalekin ohitzen ez den edadeko jendea, idoloen pegatinak egin nahi dituzten grupiak…), baina ez zait iruditzen oso merkatu zabal izan dezakeenik. Zuek zer deritzozue?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.