Sailkatu gabe

Bai, nor da?

Telefonoari erantzutean esaten ditugun hitz horiek zentzu berria hartu berri dute Gibraltar eta Pirineoen artean bizi garenontzako. Izan ere, Madrilgo legebiltzarrak lege berria onartu zuen joan den asteko ostegunean: Datuak Gordetzeko Legea deritzonak, baimena ematen dio Poliziari gure komunikazio elektronikoen xehetasunak aztertzeko, ikerketak egiten dabilenean.

Legea, 2002an onartu zen LSSI delakoa osatzera dator lege hau, hiritarron eta zerbitzu emaileen betebeharren zerrenda osatzera, hain zuzen ere. Helburua, jakina, hiritarrok seguruago egon gaitezela, eta poliziek tresna eraginkorragoak izan ditzatela delituen aurkako borrokan.

Horrelaxe nahi gaituzte!Eta hori lortzeko, saldoa kargatzen dugun bakoitzean egiten dituzten datu gurutzaketak nahiko ez balira bezala, aurrez ordaindutako telefonia zerbitzuen erabiltzaileak zehatz-mehatz identifikatzeko beharra onartu du Madrilgo legebiltzarrak. Datu horiek, gainera, hamabi hilabetez gorde behar dituzte zerbitzu emaleek, egindako eta jasotako dei guztien informazio zehatzarekin batera: eguna, ordua, iraupena, deia egin eta jaso duten telefono zenbakiak… Poliziak datu horiek nahi erara erabili ahal izango ditu, inongo epaileren agindurik gabe.

Hori bai, izugarrizko eskuzabaltasuna erakutsiz, Madrilgo diputatuek zerrenda horiek ‘soilik’ gordeko dituzte, eta ez deien edukia. Hori positibotzat jo dute sozialistek, “kaltetutako eskubideen eta ezarritako obligazioen arteko oreka lortu delako”. Hots: obligazio berriak eta kaltetutako eskubideak parekoak direla. Eskerrak!

Betiko jendaila berotu egin da lege honen onarpenarekin, eta antzeko neurriak hasi dira eskatzen txat gela, mezularitza sare eta abarrentzako, anonimoak izaki, oso erraza delakoan pederastek eta horrelakoek gaiztakerietarako  erabiltzea.

Horixe ba, eskerrak agintariak gu segurtasuna zaintzen duten! Askoz lasaiago sentitzen naiz orain, eta zuek?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.