Komunikazioa

Hamar aholku hedabide zaharrentzat

Ben GoldacreBen Goldacre doktoreak ospe handia du Erresuma Batuan, The Guardian egunkarian idazten duen Bad Science (Zientzia txarra) zutabeari esker. Hango irratian eta telebistan ere agertzen da maiz, eta nolabaiteko gudu irekia du hedabideek zientzia albisteek ematen duten moduaren kontra.

Aurrekoan, hausnarketa interesgarria egin zuen Erresuma Batuko egunkari zaharrek formatu digitalera hurbiltzeko darabilten moduari buruz, eta pentsatu dut beharbada oso interesgarria izango litzatekeela hausnarketa hori gure ingurura ekartzea. (Jakinda, noski, euskal esparru komunikatiboak eta Erresuma Batukoak zerikusi handirik ez dutela, era optimista batean esatearren).

“Hamar aholku prentsa zaharrarentzat” da Goldacreren idatziaren izenburua. Nire ingeles prekarioak utzi didan neurrian, hona ekarri ditut aholkuok. Baliorik ote dute euskarazko hedabideotan aplikatzeko? Erantzunak eskertuko lirateke!

1. Ahaztu irakurleen arteko eztabaida linealak. Egunkari nazionala zara, milioika irakurle dituena, artikuluen azpiko iruzkin kateak nahaspilak izango dira beti, komunitatea handiegia delako. Inork ez ditu beste iruzkin guztiak irakurriko eurenak idatzi aurretik eta beraz, ez dago eztabaidarik. Komunitatea hain handia denean ez dago ezagutzak elkartrukatzeko gunerik. Kasurik onenean, eztabaidok ondo funtziona lezakete iruzkin harilkatuekin, edo botoen bidez, Slashdot bezalako komunitate handietan bezala. Iruzkin linealek sekula ezin dute elkarrizketa interesgarririk sortu milioika bisitariko komunitateetan.

Tira, nazionalak gutxi dira euskarazko hedabideen artean… eta milioika irakurle dutenak… ejem… are gutxiago. Hala ere, nik esango nuke gure artean ere oso aplikagarria dela iruzkin hariak elkarrizketa bihurtzeko zailtasun hori. Komunitatea , gure kasuan, txikiegia delako, handiegia baino, eta ezin ikusiak, haserreak eta abarrak hurbilegi izaten ditugulako. Bitxia da, hala ere, nola Goldacrek proposatzen duen irtenbideak (iruzkin bozkatuenak) arrakasta handia lortu duen gure artean.

2. Podcasta eginez gero, ez dadila izan irrati komertzialaren bertsio are merkeagoa. Irrati komertzial txarra badaukagu jadanik. Multimedia merkea da egiten zein banatzen: aprobetxatu hori. Bildu gai batean ezin hobeto jantzita dagoen jendea, adibidez, eta utziezu elkarrizketa luze eta egituratua izaten gai interesgarrien gainean. Ez editatu hori. Edo egin elkarrizketa bat eskura daukazun eta oso interesgarria den norbaiti, zuzenean balitz bezala. Ez editatu hori ere. Inbertitu aurreztu duzun denbora: bilatu jende interesgarri gehiago.

3. Gehitu beste batzuen edukia. Gustagarria da munduaren ikuspegi koherentea aurkezten duen egunkaria, eta ikuspegi hori beste egunkari, aldizkari, blog eta abarretatik egiten duzun aukeraketan ere ikusten da. Ez idatzi blog sarrera luzeak artikulu horiei buruz zer pentsatzen duzun azalduz: haiekiko lotura baino ez jarri. Badakigu irakurtzen. Ulertuko dugu. Jarri bat baino gehiago: utzi zure idazle edo editore onenei erakusten zer irakurtzen duten.

4. Espazio arazoengatik ez balitz, paperezkoan egon litekeen edozer aurkituz gero zure webgunean, ezabatu berehala. Webgunea ez da paperezkoaren bigarren mailako edukiarentzako lekua. Ona izan arren, oso jende jakin batentzat bakarrik interesa duten gaientzat da. Eman xehetasun eta hizkuntza ilun gehiago. Nahi baduzu, egin loturak azalpen errazetara. Utzi ekonomiako morroiari luzatzen zuk erabat aspergarri deritzozun ekonomia konturen batean. Berak bere publikoa ezagutzen du, eta oraingoan asmatzen ez badu, inor ez da arduratuko.

Honen arabera, euskal prentsak akats larriak egiten ditu digitalen tratamenduan. Askotan erabiltzen da webgunea paperean sartzeko lekurik ez dagoen edukiak argitaratzeko… eta batzuetan nahita, edizio digitala sustatzeko asmoz (Aikor, Anboto…). Beste batzuetan, ordea, bereizketa argia egiten da paperezko edizioaren eta digitalaren edukien artean, eta praktikan izena konpartitzen duten bi hedabide ezberdin dira (Baleike, Uztarria). Eredu mistoak ere badira. Edizio espezializatuak ateratzeko erabili beharko genuke sarea? Hori ez al doa betiko “sarea irakurtzeko ezerosoa da eta hobe da ahalik eta laburren idaztea” gomendioaren kontra?

5. Kontratatu editore gehiago, eta kazetari gutxiago. Webgunen honen mezua da kazetariak ez direla onak adituen jakintzaren eta ulermenaren bitartekari lanetan. Hori beharrean, eman bitartekaririk gabeko esperientzia. Ez idatzi adituari buruz: utzi adituari zuretzat idazten, eta editoreari irakurgarriago egiten, hala behar bada. Hedabide inprimatuen gudari ezezagunak editoreak dira, ez kazetariak. Kontuan hartu: izar bat ez bazara, ez zaigu inporta “profesional baten moduan” idatz dezakezula pentsatzen duzun. Sarean, gaien inguruan benetan dakien jendearengana iritsi ahal gara zuzenean, eta horiek, normalean, ondo idazten dute. Hurbil gaitzazu horiengana, edo gu joango gara haien bila, zu gabe.

Editore eta kazetarien arteko bereizketa horrek gogora ekarri dit Iban Arantzabalen sarrera hau. Goldacre hau zientzialaria da berez, eta nekatu samar omen dago kazetariok zientzia informazioari ematen diogun trataerarekin… ezinezkoa dela ulertzen ez dugula ondo azaltzea eta halakoak. Baina zientzalariek beraiek nahi/ahal dute egiten dabiltzana zientziaz ez dakigunoi azaldu?

6. Frikientzat ari zara lanean: eskaini ondo antolatutako informazio jarioak (RSS edo hobeak). Argiñanok sukaldaritzaren inguruan idazten duen hurrengoan, berehala jakin nahi dut. Esadazu noiz egiten duen, eta zure gunera itzuliko naiz… eta horrek dirua ematen du publizitatean.

7. Bota erregistratze barrera guztiak. Ia ez dago zertan esan. Niretzat ez zara hain garrantzitsua, zure artikulu bat irakurri nahi dudalako soilik nire denbora galtzeko erregistro orri bat betetzen. Bugmenot erabiltzeko aukera erabil nezake; tontoegi jartzen bazara, ez dut zure orria irakurriko eta kitto.

8. Moldatu zure eduki guztiak sakelako telefonoetan, blackberryetan, ordenagailu zaharretan eta PDAtan irakurgarri izateko. Ez dakizu zenbat jendek erabiltzen dituen horiek. Ez dakizu zenbat aspertzen diren bus geltokian, komunean edota bileretan. Eman zure eduki guztia testu formatu sinple batean, pantaila txikietan ikusteko moduan. Horrek, gainera, zure webgunea irisgarriago egingo du ezintasunen bat dutenentzat. Baina ez egin azpigune berezi bat horretarako, gune nagusiaren eduki osoaren hamarren bat daukana. 1998 aspaldi igaro zen, eta dagoeneko inork ez du WAP erabiltzen. Egia esan, inork ez du sekula erabili. WAP kaka bat zen.

9. Ez erabili flash, ez webguneentzako bestelako animazio sistema zentzugaberik. Oso polita ikusten da programatzailearen portatilean proiektua erakustera datorrenean, baina geldoa da kargatzen, eta amorragarria nabigatzean. Web orriaren azal nagusitik orri mordo bat zabaltzea eta gero ctrl+tabekin haien artean saltoka ibiltzea da egunkari bat gainetik irakurtzearen gaur egungo baliokidea. Zure guneak ez badit hori egiten uzten, eta orriak banan-banan ikustera behartzen banau, alde egingo dut.

10. Bideo produkzioak ez luke behar izango zure praketako poltsikoan sartzeko handiegia den gailurik. Irudiak hiru hazbete inguruko tamaina izango du nire pantailan. Zure taldeko baten batek “produkzio ekipamendua” hitzak erabiltzen baditu, akabatu ezazu. Sekula ez kontratatu telebistako inor. Ez dakite nola lagundu: haiek dira arazoa, eta guk telebistara beharrean zure hedabidera jotzearen arrazoia. Kontzentratu ideietan.

6 iruzkin

  • Txopi
    Txopi
    2007(e)ko irailak 10 at 23:35

    Zorionak, artikulu benetan interesgarria!

    Hala ere, galdera bat: uztarria.com-i buruz lehen puntuan aipatzen duzuna ez doa zortzigarren puntuaren aurka? Esan nahi dudana da, Goldacrek esaten duena 20minutos bezalako hedabide modernoek egiten dutena dela: nahi baduzu zure izenordea erregistratu baina gogorik ez baduzu esan behar duzuna esan eta kitto.

    Nire ustez egoera guztientzako konponbide miragarririk ez dago, eta Uztarriak hartutako erabakia beraien komunitatearentzako onena izan daiteke (beraiek jakingo dute), baina artikulu honetan euskal hedabide eskuraerraz batentzako aholkuak ematen hari bagara, nik erabiltzaileen erregistroa ez nuke derrigorrezkoa egingo. Zuk/zuek zer uste duzue?

    Reply
  • joxe
    2007(e)ko irailak 11 at 00:33

    Eup!

    Neuk ere horixe bera pentsatu nuen sasi-itzulpena egiten ari nintzela, baina uste dut zentzu batean guztiz uztargarriak direla puntu biak. Seguruenik matiz gehiegi galdu zaizkit itzulpenean: nire ustez, Goldacrek erregistroen aurkako iritzia ematen duenean, edukiak ikusteko erregistratu beharraz ari da gehienbat: albisteak irakurri ahal izateko erregistratu beharraz, alegia. Hori oso modan egon zen duela urte batzuk egunkari handien bertsio digitaletan (El Pais eta NY Times etortzen zaizkit burura oraintxe), eta seguru nago Erresuma Batuko egunkari handi eta tradizionalek ere tentazio hori izango zutela digitalera pasatzean. Zorionez, badirudi desagertzen doan kontua dela. Bestela, iritziak uzteko erregistroa eskatzea guztiz zilegi da nire ustez, anonimotasunak -batez ere egoera gatazkatsuetan- areagotu egiten du Goldacrek lehenengo puntuan aipatzen duen benetako eztabaida eza, oilategiaren mesedetan.

    Bestela arrazoi duzu, argi dago konponbide magikorik ez dagoela, baina beharbada ideia baliagarri batzuk bai atera daitezke Goldacreren dekalogo horretatik. Gurera moldatu beharra dago, noski: ehunka milioi irakurleko hizkuntz esparrua har dezaketen ingelesezko egunkariek alde, abantaila eta desabantaila handiak dituzte kalkulu ofizialen arabera gehienez 600.000 bat irakurlerengana iritsi daitezkeen euskarazko hedabideekin…

    Eta zure galderari erantzunez: informazioa eskatzeko erregistrorik ez, baina bai iritzia emateko. Eztabaida hori beste zenbait lekutan ikusi dut (Sustatun adibidez, eta behin baino gehiagotan, gainera), eta atera dudan ondorioa da erregistroa ‘gaitz beharrezkotzat’ jo daitekeela. Baina badakit bestelako iritziak ere badirela ;).

    Reply
  • Txopi
    Txopi
    2007(e)ko irailak 11 at 11:04

    Joxe, Goldacre-k “bota erregistratze barrera guztiak” esaten duenean, zuk argitu didazun bezala, edukiak irakurtzeko ostopoei buruz ari da. Hala ere, WEB 2.0 delakoaren esanetan, jendearen partaidetza ezinbestekoa da. Jendeak analisi baten aurrean kontrako arrazoibideak ikustea gogoko du, bere ondorioak era azkar eta erosoan atera bait ditzake. Ez hori bakarrik, jendeak beraien ikuspuntua eman ahal izatea eskertzen du (askotan “ados nago” eta “ni ere ados nago” esateko bada ere) gehienek aukera hori inoiz ez edo oso gutxitan erabiliko badute ere.

    Hedabide batek irakurleen partaidetza sustatzen badu (iruzkinak egiten utziz, artikuluak bozkatzen utziz, artikuluak prestatzeko era ere luzatuz, norberaren blogak sortzeko lekua eskainiz, etab.), era horretako tresnak ematen ez dituzten hedabideengan abantaila argia izango du. Nik hori nahiko argi daukat eta zu ere uste berdinekoa izango zarelakoan nago. Horrela da?

    Baina aukera guzti hauek, arrisku berriak ere ekartzen dituzte: anonimo petralak, erabilera bakarrarentzako erabiltzaileak, bozketa interesatuak, eztabaida odoltsuak, etab. Arrisku horien aurrean nola jokatu egoeraren araberakoa izan behar dela deritzot, eta ez orokorrean aukera batzuk besteak baino hobeagoak direla argudiatu. Izan ere, nire ustez, hedabide batek parte hartzeko zenbat eta erreztasun gehiago eman, orduan eta zarata gehiago jasateko arriskua du.

    Baina horren aurka konponbide bakarra partaidetza oztopatzea da (aurretik erabiltzailea erregistratu beharra, iruzkinak banan-banan moderatzea, etab.)? Nire ustez ez, eta ezagutzen ditudan webgune askok hartu dituzten konponbideak ikusita, erabiltzaileengandik onena itxaroteak gehienetan onena eman dezaten sortarazten du:

    * Barrapunto.com – Anonimotasuna arautua dago (“Pobrecito hablador” delako erabiltzaile bereziarekin) eta iruzkinen interesa erabiltzaileek neurtzen dute. Metodo hau oso eraginkorra dela argi geratu da eta jende gehienak bere erabiltzailea sortzen badu ere, egokia ikusten duenean, gauzak anonimo bezala esateko aukera dauka. Erabiltzailerik ez daukaten etorriberriek ere jarraian hartu dezakete parte, ez bakarrik iruzkinak eginez baizik eta albisteak proposatuz. Nahi duenak norberaren bloga ere sor dezake eta hedabideak daukan atentzioa ustiatu dezakezu. Onura amankomuna da.

    * Zabaldu.com – Anonimoriz ez dago baina hedabidean agertzen diren eduki guztiak erabiltzaileen artean erabakitzen dira bozketen bidez. Barrapunton editoreek erabakitzen dute zer argitaratu eta zer ez, baina Zabaldun komunitateak bere osotasunean dauka botere hori. Spam-a heltzen denean, erabiltzaileek beraiek markatzen dituzte bidalketa txarrak. Nola ez, iruzkinak ere egin daitezke.

    * EuskalHerria.Indymedia.org – Adierazpen askatasuna eta informazioa jasotzeko askatasuna ziurtatzea du helburu, maiz gai polemikoak jorratzen direlarik. Gainera, anonimoak onartzen dira, gai batzuetan eztabaida odoltsuak sortzen direlarik. Bozketarik ere ez dago (jende guztiari bere istorioa zabaltzeko aukera izan dezan) eta guzti horrek zarata maila altua ekartzen du. Hori txarra da? Boterearentzako deserosoak diren gauzak esaten dituztenentzako metodo egokia da eta agian horregatik erabiltzaileen partaidetza oso altua da. Erdiko zutabeko albisteak talde editorialak prestatzen du (talde guztiz irekia da, webgune osoa bezala eta oso jende desberdinek hartzen dute parte) eta beraz, Barrapunto eta Zabalduren erdibidean dagoen metodo bat dauka albiste garrantzitsuenak prestatzeko.

    * Marrapuntu.org – Barrapunto aipatu dudanez, Marrapuntu ere aipatu nahi dut. Bozketarik ez dago. Anonimoek iruzkinak eta albisteak bidali ditzakete. Iruzkinen argitaratzea bapatekoa da, albisteak moderatzen dituzten talderen bat badago ere. Talde hori zein den ez dakit, irekia dela suposatzen bada ere.

    * Sustatu.com – Bozketarik ez dago. Anonimoek ezin dute ez iruzkinik egin ez albisterik bidali (e-mail bitartez partehartze guztiak baieztatu egin behar dira). Iruzkinen argitaratzea bapatekoa da, albisteak moderatzen dituzten talderen bat badago ere. Talde hori itxia da eta erabiltzaile arrunt batek ez dauka han sartzeko aukerarik.

    Beraz, anonimotasuna nahiko gauza arrunta eta zabaldua da, iruzkinetan eztabaidak eta orokorrean zarata maila bat egotea ere bai. Bakoitzak parte hartzea sustatzeko eta edukietan izan nahi duen aniztasuna eta zarata laguntzeko eta oztopatzeko aukera asko daude. Adibide hauen aurrean, erabiltzaileen erregistroa ezinbestekoa egitea ez nuke gehienetan gomendatuko. Alderantziz, erabiltzaileek eurek ekarpenak bozkatu eta egokitasuna neurtu dezaten usten baduzu, polizia lan gutxiago egin beharko duzu, jendea pozago egongo da eta parte hartzea erraztu egingo duzu. Orduan, zure buruko mina parte hartze falta izan beharrean, eztabaida odoltsuak eta zarata nola murriztu izango dira, baina hori lantzeko gero eta ideia eta metodo gehiago daude. Derrigorrezko erregistroekin, edukien moderazioarekin eta abar, lan gehiago izango duzu eta gainera kendu daitezkeen atzerapenak sortuko dituzu, erabiltzaile asko uxatuz eta aspertuz. Beno, horrela ikusten dut nik behintzat.

    Webgune pertsonaletan, erabiltzaileek beraien partaidetza moderatzea ezinezkoa da (masa kritikorik ez dagoelako) eta aipatu ditudan gauza asko ezin dira egin. Beraz, kasu horietan hartu beharreko jarrerak oso desberdinak izan daitezkeela deritzot. Badaezpada argitu nahi nuen ;-)

    Azkenik, anonimotasuna (anonimity) eta sasianonimotasuna (pseudonimity) desberdindu nahi nituzke. Jendeak bere izenordea (edo izenordeetako bat) erabiltzen duenean, ez da guztiz anonimoa. Nik IndyEHn beti izenorde berdina erabiltzen badut, naiz eta inolako kontrolik ez egon, nire izenordearen bitartez identitate bat lantzen dut eta beste erabiltzaileek nor naizen eta gauza batzuetaz zer uste dudan jakin dezakete. Nik Zabaldun edo Sustatun erabiltzaile bat sortzen badut tontokeri bat esateko, eta erabiltzaile hori gehiago erabiltzen ez badut, anonimo bezala hartuko dut parte, naiz eta izenorde bat erabili. Beraz, oso kontzeptu antzekoak dira eta teknikoki (nik dakidala behintzat) ezin dira banatu. Hala ere, erabiltzaileek parte hartu aurretik erregistratzea derrigortzea eta hori egiteko existitzen den e-mail bat erabili behar izatea, anonimotasuna sailtzen du sasianonimotasunaren mesedetan.

    Nire ustez, izen eta abizenak erabiltzea, sasianonimotasuna erabiltzea edo benetako anonimotasuna erabiltzea eskubidea izan beharko litzateke. Interneten gehien dagoena sasianonimotasuna da, gizakiok errealitate fisikoan identitate argi eta bakarra daukagulako. Gehienok horretara jotzen dugu eta gustorago gaude horrela komunikatzen garenean. Baina milaka dira anonimotasuna erabiltzeko arrazoiak (batzuk berekoiak eta beste batzuk inolaz ere) eta eskubide hori bermatzea nahiko erreza dela uste dut. Gohiko adibidea gehienak horren seinale dira. Norbaitek sasianonimotasuna nahiago izateak ez luke beste batek batzutan edo beti anonimotasuna erabiltzeko eskubidea moztu behar. Antzeko egoera bat sortzen da izen abizenak erabili eta sasianonimotasuna erabiltzeren artean. Orain dela ez asko, copyleftdun wiki “ireki” batetan idazteko izen ordearen ordez izen eta abizenak erabiltzea erabili behar izan nituen (parte hartzeko nire arrazoiak ere azalduz) eta gainera moderatzaile batek erregistroa onartu harte itxaron. Wiki horretan lau katuk idazten dugu, baina hori bai, zaratarik txikiena ere ez dago. Bakoitzak atera ditzala bere kontuak…

    OHARRA: Eman ditudan datu guztien artean zerbait txarto badago, aurretik barkamenak eskatzen ditut eta zuzenketak eskertuko nituzke.

    Reply
  • joxe
    2007(e)ko irailak 13 at 01:20

    Aupa Txopi,

    Lehenengo eta behin, mila esker ekarpenarengatik *OSO* eztabaida interesgarria iruditzen zait, oso aberasgarria.

    Ideia-zurrunbiloa daukat buruan bueltaka eta gorputzak eskatzen didana lotara joatea da, baina egin duzun ahaleginak erantzun minimo bat behintzat behar duelakoan nago. Ea zer ateratzen zaidan.

    Lehenengo eta behin, aitortuko dizut nire pentsaera erabat ‘kutsatuta’ dagoela ‘kazetari profesionala’-ren ikuspuntuaz. Hedabide tradizionalen etorkizuna kolokan dagoela irakurri dut hortik duela gutxi (pentsatzen nuen hemen bertan izan zela, baina ez dut aurkitzen!) eta ados nago horretan: aldaketa geldo baina geldiezina eragin dute teknologia berriek esparru horretan, eta hedabide guztien ‘horizontalizazioa’ gertatzen ari da, neurri ezberdinetan bada ere, erabat horizontalak diren zabaldu.com eta antzekoetatik hasi eta oraindik erabat bertikala den Berrian amaitu arte (tira, hedabideak aukeratutako gutxi batzuei blogak jartzea diagonaltasuna deitu ahal diogu agian).

    Erregistroak direla ez direla: ados zurekin ezin dela formula orokorrik ezarri, eta kasuan kasuko irtenbideak aztertu behar direla. Goldacrek berak aipatzen du erabiltzaileek beraiek iruzkinei botoak emateko sistemak ondo funtzionatzen duela… …erabiltzaile komunitate handietan, hau da, parte hartze eta inplikazio minimo bat bermatzeko moduko tamaina duten komunitateetan. Zabalduk, Marrapuntuk… horretarako tamaina nahikoa eduki dezakete… baina, adibide bat jartzearren, ez dakit nik botoen formula horrek zer emango lukeen balizko ‘irungokronika.net’ batean, alardearen inguruko iritzi artikulu batean.

    Azkenean, zuk diozuna da: ez dago formula magikorik. Metodo bakoitzak bere ajetxoak ditu, eta kasu bakoitzean baliagarri suertatzen dena erabiltzeko aukera egon behar du…

    …baina enfin, ez nago oso santu ordu hauetan jadanik, eta gainera zure mezu bat ikusten ari naiz librezalen ;) Bueltaka ditudan beste ideia parea apuntatu eta jarraituko dugu honen inguruan bueltaka…

    Reply
  • Txopi
    Txopi
    2007(e)ko irailak 13 at 09:50

    Teknologia berrien eragina dela eta (bideoak norberak grabatzeko erreztasuna, Internet bitartez irrati bat montatzeko erreztasuna, web 2.0 fenomenoaren barnean indartu den partehartze filosofiaren arrakasta…) hedabide tradizionalak sakonki eraldatzeko beharraz zertxobait idatzi nuen duela egun gutxi:

    http://www.zabaldu.com/story.php?albistea=2472

    Agian iruzkin horretan aipatzen dudan albistearen bila zenbiltzan…

    Reply
  • Joxe
    2007(e)ko irailak 13 at 10:19

    Bai, horixe zen aipatzen nuena. Mila esker :)

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.