NabarmenakTeknopataren ajeak

Itzulpen automatikoa euskarazko hedabideetan. Jolasten eta enredando.

Itzulpen automatikoak hankaz gora jar lezake euskarazko hedabideen panorama. TOKIKOMeko medioetan esperimentuak egiten ari gara tresnak zer eman dezakeen aztertzeko.
Euskarazko albisteen itzulpen partzialak TOKIKOM taldeko hainbat webgunetan

Aspalditxotik nabil kezkatuta kontu batekin: zer gertatuko den gure inguruan ‘euskarazko hedabide’ kontzeptuarekin, itzulpen automatikoak irakurle/ikus-entzule/erabiltzaileari erabat garden egiten dionean edukia zer hizkuntzatan sortu den.

Izan ere, euskarazko hedabide kontzeptu hori ez baita deskriptiboa soilik. Inguruan ditugun euskarazko medio guztiak, salbuespenik gabe, euskaraz sortu dira helburu jakin batekin: euskararen erabilera areagotzea. Denboraren poderioz elementu horrek indar gehiago ala gutxiago hartu du hedabideetako bakoitzean, baina hortxe dirau guzti-guztietan, pisu handiago edo txikiagoarekin.

Testuinguru horretan, edozein hizkuntzatan sortutako edukia beste edozein hizkuntzatara txukun itzultzeko ahalmena duen teknologiaren zabalerak benetako identitate krisia ekar dezake euskarazko hedabideen mundura. Nire sakelakoaren konfigurazioaren arabera Anboto, Geuria, Berria, Elhuyar, Argia edo Frankfurter Allgemeine bera ere gaztelera perfektura itzulita irakur baditzaket ezer egin gabe; edo gehienez jota botoi bati sakatuta Wired, Washington Post, El Correo zein La Vanguardia euskara txukunean jaso baditzaket osorik aparteko ahaleginik gabe… egoera horretan zer da eta nola eutsi behar zaio euskararen erabilera sustatu nahi duen “euskarazko hedabide” izaerari?

Itzulpen automatikoa TOKIKOMen toki komunikabideetan

Horren inguruko gogoeta saio batzuk egin izan ditugu TOKIKOMen azken hileotan. Goienak tiratuta, horietan parte hartu dugu Goienak berak, AED Euskara Elkartea, TOKIKOM bera eta Elhuyarreko lagunak. Ideia interesgarriak atera ziren saio horietan, tartean hauek:

  • Tsunamia badator. Fenomeno meteorologikoa balitz bezala saldu digute eta ez da horrela. Nonbait propio hartutako erabakia da, eta haren ondorioa da Adimen Artifiziala (tartean itzulpen automatiko aurreratuta) badatorrela, guk nahi zein ez. Horren aurrean geratu gintezke geldi eta ikusi zer gertatzen den, ala eskura ditugun tresnekin probak egin eta ikusi erabil ote ditzakegun gure alde. Bigarren horren alde egin dugu.
  • Hartu dezagun kontrola. Guk zerbait egin ala ez, teknologiako operadore handiek erabaki dute AA eta IA (Itzulpen Automatikoa)ren bidetik jotzea. Badakigu marka handiek kolatuko dizkigutela haien trepetak, baina hala ere, beti izango da hobe guk kontrolatu dezakegun zerbait eskaintzea, amore eman eta gure edukien kontrola hirugarrenen esku uztea baino.
  • Euskarazko hedabidea da euskaraz sortzen dena. Itzulpenak eskaini arren, beti utzi behar dugu argi jatorrizko edukia euskaraz sortua dela. Horretarako bide on bat izan daiteke, adibidez, sekula ez itzultzea eduki osoa, zati batzuk baizik.
  • Itzulpen automatikoa beste komunitate batzuetara hurbiltzeko baliagarri. Ondo erabiliz gero, itzulpen automatikoak inoiz ez bezalako ateak zabaldu ahal dizkigu beste hizkuntz komunitate batzuekin komunikatzeko. Euskaratik sortutako ikuspegi eta agenda informatibo bat erdal mundura zabaltzeko, baina baita beste hizkuntz komunitate txikiekin ere edukiak elkartrukatzeko.
  • Euskal Herrian puntako eragileak ditugu. Euskararen beraren zein euskal komunitatearen ezaugarriei esker, Euskal Herrian baditugu teknologia hauetan punta-puntan dabiltzan eragileak: Elhuyar/Orai, Vicomtech/Trebe, EHUko IXA taldea… luxu hori aprobetxatu behar dugu gure alde!

Total, gauzak horrela, egunotan esperimentu bat jarri dugu martxan TOKIKOM taldeko hiru komunikabidetan: Alea, Erran eta Goiena. Erredakzioak sortutako albisteetan botoi bat jarri dugu, albiste horien titularra eta sarrera momentuz gaztelerara, frantsesera eta ingelesera itzultzeko, laster beste hizkuntza batzuk ere gehitzeko asmotan. Probatu nahi dugu zer erreakzio sortzen duen horrek publikoaren artean, eta benetan balio duen beste komunitate batzuetako kideak gurera erakartzeko. Zalantza eta galdera asko piztu digun mugimendua izan da, baina tira, proba behintzat egin beharko!

Honi buruz unibertsitatean, jakingo banu bezala!

UIK 2024 ikastaroaren kartela. Itzulpengintza eta teknologia: aurrera eskuz esku, aurrera aurrez aurre.

Itzulpen automatikoak buruko minak eragiten baditu euskarazko kazetaritzaren eremuan, pentsatu ere ez dut egin nahi zein izango den panorama itzulpengintza alorreko lankideen artean. Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroetan gai horri buruzko ikastaro mamitsu bat izango da uztailaren 18 eta 19an: Itzulpengintza eta teknologia: aurrera eskuz esku, aurrera aurrez aurre.

Batez ere itzultzaile profesionalei zuzendutako ikastaroa izango da, baina antolaketa lanetan dabilen Elhuyarreko Itziar Cortés lagunak hedabideen panorama azaltzera gonbidatu nau bertara eta, tira, gezurtiaren sindromeari muzin eginda hantxe izango naiz, hemen kontatutakoa ganora apur bat gehiagorekin azaltzen saiatzen. Interesa baldin baduzue, zabalik duzue matrikulatzeko epea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.