Teknopataren ajeak

Googlentzero joan zaigu pilak kargatzera

Amazonek bizik harritu gintuen hilabete hasieran banaketak drone bidez egiteko asmoa iragartzean. Baina ez da errobotikarekin lotutako inbertsioak egiten ari den erraldoi bakarra...
Googlentzero joan zaigu pilak kargatzera 7 - teknopata.eus

Asko hitz egin dugu azken asteotan Amazonek iragarritako banaketa sistema berriaz: drone edo erlamandoak erabilita, Amazonen asmoa da bezeroek internet bidez egiten dituzten eskariak ordu erdi baino lehenago iristea etxera. Bai behintzat, banaketa zentroetatik hurbil samar bizi diren bezeroen kasuan. Iragarkiak asko harritu du bat baino gehiago, eta bere burua nabarmentzeko marketin operazio hutsa baino ez dela ere esaten duenik bada. Zerbait egongo da, baina, beste banaketa enpresa batzuk ere sistema bera probatzen ari direla iragarri dutenerako.

Teknopata baten ikuspuntutik, ezin ukatu aukerak baduela bere xarma: erosketa online egin, eta handik ordu erdira, mini helikopteroa zure etxean ate joka, kax-kax-kax, fardela entregatzeko zain. Baina baditu bere zailtasunak: batetik legalak (aire bidezko trafikoa arautzen duen legedia aldatu beharko litzateke erlamando zibilen erabilera masiboa ordenatzeko), eta bestelakoak ere bai. Nik ezagutzen ditut hainbat auzo non Telepizzako banatzaileak ere ez diren sartzen, motorrak lapurtzen dizkietelako. Honelako errobot txikiak euren kasa bidaltzea amu handiegia litzateke lapurrentzat…

Eta gauza da, denok Amazoni begira gabiltzan bitartean, badela beste erraldoi bat, mugimendu gutxienez bitxiak egiten ari dena. Izan ere, Google ahalguztidunak ez bat eta ez bi, baizik eta ZAZPI errobotika enpresa erosi ditu azken hileotan, asmo ez oso argiekin. Hori gutxi balitz, Android sistema eragilearen arrakastaren atzean dagoen Andy Rubin jarri du errobotika sailaren buru, helburua edozein dela era, apustu sendoa den seinale argia.

Enpresa horietako gehienak industriarako errobotak egiten dituzte, eta beraz pentsa liteke Google merkatu horretan sartu nahian dabilela: autogintzarako eta lantegi handien produkzioa automatizatzeko errobotak saldu nahian. Baina badira erosketa bi, multzo horretan deigarri suertatzen direnak. Lehenengoak Meka Robotics du izena, eta bere produkturik baliotsuena hemen azpian ikus dezakezuen errobot buru ezin adierazkorragoa da. Hozkirria ere ematen du, ezta?

Bestelako errobot atalak ere egiten ditu Mekak, beste bideo honetan ikus daitekeenez:

schaftbot
Jarri honi txapela eta otar handi bat kapoiak eta abarrak eramateko eta hortxe duzue 2020ko Olentzero!

Bigarren erosketa susmagarria Japoniako Schaft enpresa da. Honen helburua errobot humanoideak egitea da, eta bere espezialitatea, bi hankatan ibil daitezkeen ondoko irudikoa bezalako makinak. Sekulako trastetzarra da bai, eta ez oso sinpatikoa, baina Mekare burua ezarriz gero, seguru nago askoz ere irudi goxoagoa emango duela.

Total, gu erlamandoen inguruan hitz egiten pentsatzen ari garen bitartean, oso litekeena dela Googlek bere banaketa sistema propioa izatea buruan, automatikoki gidatzen diren furgonetak eta haietatik bi oinetan ibiltzen irteten diren errobotak osatua. Baietz hemendik urte gutxira gabonetako opariak Googlentzerok ekarri!!!

 

Via: Forbes

  • Bitacoras.com
    2013(e)ko abenduak 24 at 01:46

    Información Bitacoras.com

    Valora en Bitacoras.com: Asko hitz egin dugu azken asteotan Amazonek iragarritako banaketa sistema berriaz: drone edo erlamandoak erabilita, Amazonen asmoa da bezeroek internet bidez egiten dituzten eskariak ordu erdi baino lehenago iristea etxera. B..…

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.