BlogosferaTeknopataren ajeak

Interneten kakaztea, 3/3: Nola gelditu kakazte prozesua?

Artikuluaren azken zatian, Cory Doctorowk kakazte prozesuari buelta emateko gakoak ematen ditu
Interneten kakaztea, 3/3: Nola gelditu kakazte prozesua? 7 - teknopata.eus

Artikulu hau Cory Doctorowren Pluralistic blogeko artikulu honen egokitzapena da, cc-by-sa lizentziaren arabera egindakoa.

Aurreko sarreretan ikusi dugu kakaztea zer den, eta nola hedatu den teknologiaren esparru osora, eta pixkanaka-pixkanaka handik kanpora ere bai. Panorama triste eta etsigarria da oso. Hala ere, hirugarren zati honetan, Cory Doctorowk kakazte prozesua geratu eta desegiteko aukerak azalduko dizkigu, eta ohar optimista bat ere gehituko dio analisiari: baldintza ezin hobeak ditugu garaiotan kakazteari aurre egin eta prozesuari buelta emateko

Kakaztozenoaren sendabidea

Kakaztearen hedatze prozesua triste eta etsigarria izan daiteke, bai, baina entzun! Gaixotasuna identifikatu dugu. Bere historia naturala arakatu dugu. Haren azpiko mekanismoa identifikatu dugu. Orain sendabide batean lan egin dezakegu.

Ikusi dugunez, badira lau muga, kakaztea galarazten dutenak: lehia, erregulazioa, autolaguntza eta langileak. Kakaztea desegin eta berriz agertu ez dadin, haietako bakoitza berrezarri eta indartu behar ditugu.

Lehia osasuntsu

Lehiari dagokionez, gauzek itxura ona dute benetan. Europa, Erresuma Batua, Estatu Batuak, Kanada, Australia, Japonia eta Txina, guztiak ari dira azken bi belaunaldietan baino dezente gehiago egiten lehiaren alde,. Enpresa fusioak blokeatzen eta eginda daudenak desegiten ari dira, eta prezio abusuen zein beste taktika narras batzuen aurkako neurriak ere hartzen ari dira. Gogoratu Europan eta Estatu Batuetan badauzkagula jadanik halakoak egiteko legeak. Kontua da betearazteari utzi geniela Helmut Kohlen garaian.

Interneten kakaztea, 3/3: Nola gelditu kakazte prozesua? 11 - teknopata.eus

22 urte daramatzat kontu hauetan borrokan Electronic Frontier Fundazioarekin batera, eta sekula ez dut ikusi une itxaropentsuagorik politika teknologiko sendo eta informatua lortzeko.

Hori bai, kakaztalariak ez dira hau guztia besterik gabe onartzen ari. Negozioetako prentsak etengabe azpimarratzen du zer zentzugabe eta zaharrunoa den gai hau guztia. Ni bezalako jendeari ‘monopolioen aurkako hipster’ deitzen digute, eta bihotzez gorroto dituzte euren lana egiten duten erreguladoreak.

Ikusi adibidez Lina Khan, Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federaleko buru bikaina. Azken hiru urteotan gehiago egin du monopolioen aurka, aurreko 40 urteetan izan dituen aurrekari guztiek batuta baino. Rupert Murdoch-en The Wall Street Journal egunkariak 80 editorialetik gora argitaratu ditu Khan -en lana gaitzetsiz, behin eta berriz esanez ideologo ezdeusa dela, ezer egiteko ahalmenik gabea. Noski, Rupert. Horregatik dedikatu dizkiozu 80 editorial. Ez delako ezer egiteko gauza.

Kanada bera ere ari da lehiaren gaiari heltzen. Kanada! Bilioidun gaiztoen lurra! Herrialdeko telekomunikazio enpresa guztien jabe den Ted Rogersetik hasita; herrialdeko janari denda guztien jabe den Galen Weston-engandik pasatuz; labur esanda Brunswick probintzia osoaren jabe diren Irvingdarrekin bukatzeko.

Bada, Kanada bera ere ari da honen inguruan mugimenduak egiten. Joan den udazkenean, Trudeauk hitz eman zuen Kanadako lehiaren lege ‘kirrinkaria’ eguneratuko duela, ‘nagusitasunaren abusua’ behingoagatik debekatzeko. Badirudi Galen Westonek erabaki zuenean konspirazio kriminal batean sartu eta ogiaren prezioa finkatzea -imagina daitekeen deliturik Les Miserablesena-, azkenean nahi ez zuen arreta ere erakarri zuela, e?

Lehiaren gaian bide luzea dago egiteko, baina lehiaren erregulazioa berpizte masiboa jasotzen ari da mundu osoan. Ronald Reaganek eta Margaret Thatcherrek koman jarri zuten monopolioen aurkako legedia 80etako hamarkadan, baina berriz esnatu zaigu, itzuli da, eta amorratuta dago.

Erregulazioa: koalizio handia

Eta araudia? Nola eragotziko diegu teknologia enpresei legearen gainetik pasatzen jarraitzea euren krimenei “aplikazio batekin” atzizkia gehituta? Tira, badirudi Europan hasita daudela formulak topatzen. Aurten bertan, Merkatu Digitalen eta Zerbitzu Digitalen legeak sartu dira indarrean, eta Europako epaitegietara zuzenean jotzeko aukera ematen diote teknologia enpresek izorratu duen jendeari, Irlanda bezalako krimen korporatiboen paradisuetako hortzik gabeko zaindarien gainetik pasatuz.

Estatu Batuetan ere, badirudi pribatutasun digitaleko lege bat lor lezaketela azkenean. Imajinatu ere ezin duzue zelako atzerakoia den Estatu Batuetako pribatutasun legedia. AEBetako Kongresuak aldarrikatutako aplikazio zabaleko azken pribatutasun legea 1988koa da.

Interneten kakaztea, 3/3: Nola gelditu kakazte prozesua? 13 - teknopata.eus
By Pete Souza/ White House – Domeinu publikokoa.

Bideo Pribatutasuna Babesteko Legeak delitu izendatzen du bideoklubetako langileek bezeroek alokatutako bideoen historiala ezagutzera ematea. Auzitegi Gorenera bidean zihoan ultraeskuineko epaile batek bere bideo alokairuen zerrenda Washingtongo egunkari batean argitaratuta ikusi ostean aldarrikatu zen. Eta alokatutako bideoak ez ziren hain lotsagarriak!

Epaile hark, Robert Bork-ek, ez zuen lortu Auzitegi Goreneko aulkirik. Arrazista ahobero hutsa zelako, eta Nixonen Prokuradore Nagusi aritutako kriminala ere bai. Baina Kongresuak ulertu zuen euren bideo alokairuak izan zitezkeela hurrengoak eta, beldurraren beldurrez, Bideo Pribatutasuna Babesteko Legea onartu zuten. Huraxe izan zen estatubatuarrek pribatutasun lege handi nazional bat izan zuten azken aldia. Mila bederatziehun eta laurogeita zortzi. Denboratxo bat pasatu da harez geroztik.

Eta gauza da badela jende pila bat haserre, AEBetako pribatutasun paisaia ezin eskasagoarekin lotutako kontuen ondorioz. Facebookek aitona Qanon bilakatu duelako kezkatuta? Instak zure nerabea anorexiara bultzatu duelako? Tiktokek milenialen burmuinek garbitzen ari delako Osama Bin Ladenen aipuak erabiliz? Edo polizia Black Live Mattersen manifestazioetako, edo urtarilaren 6ko partaide guztien identitateak eskuratzen ari delako Googleren kokapen datari esker? Edo Estatu Errepublikanoetako Fiskal Nagusiak neskato nerabeek estatutik kanpoko abortatze kliniketara egiten dituzten bidaien jarraipena egiten ari direlako? Edo alokairu eta truke plataformek jende beltza online ere baztertzen dutelako? Edo norbait zure deepfake pornoa egiten ari delako adimen artifiziala erabiliz?

Pribatutasun lege federala izatea, ekintzarako eskubide pribatuarekin –hau da, norbanakoek euren pribatutasuna urratzen duten konpainiak salatzeko aukerarekin–, aurrerapauso handia litzateke arazo horiek guztiak zuzentzeko. Eta bada koalizio handi bat halako pribatutasun lege baten alde.

Autolaguntza: Steinen legearen zain

Eta autolaguntza? Hori askoz urrunago dago, ai!

Europako DMAk teknologia erraldoiak euren hesitutako lorategiak irekitzera behartuko ditu, bata bestearekin komunikatu ahal izateko. Whatsappetik iMeesage erabiltzaileekin komunikatzeko aukera izango dugu, edo Facebooketik irten eta Mastodonera pasatzeko, Facebookeko erabiltzaileekin komunikatzeko aukera galdu gabe.

Baina teknologiako erraldoien produktu horietako bat hartu eta haren alderantzizko ingeniaritza egin nahi baduzu zuretzat lan egin dezan eta ez haientzat, Europak ez dauka ezer zuretzat.

Hobetzeko tarte zabala dago esparru horretan, eta uste dut AEBak izan litezkeela lehenak meloi hori zabaltzen. Zalantzarik gabe, Europako Batasunaren marka-estiloaren barruan sartzen da enpresak behartzea gauzak era jakin batean egitera. Estatu Batuetako estiloa konpainiei beren produktuen barne funtzionamendua eraldatzea eragozteko ahalmena kentzea den bitartean.

Nire itxaropena da Steinen legea garaituko dela: “Betiko jarraitu ezin duen edozer, azkenean gelditu egingo da”.

Enpresei uztea erabakitzen bezeroek produktuak nola erabili behar dituzten bihurrikeriatan hasteko tentazio handiegia da. HPk ingeniariz betetako eraikin bat dauka zure inprimagailua tinta kartutxo ofizialetara lotzeko modu berriak pentsatzen, zure ontziratze txartelak eta erosketa zerrendak inprimatzeko tinta litroko 2.500 eurotan ordaintzera behartuz.

Iraingarria da. Ados ez dauden bakarrak beste industrietako monopolioak gidatzen dituztenak dira. Euren intsulina ponpak euren glukosa monitoreetara lotzen ari diren osasun teknologiako monopolistak bezala, diabetesa duen jendea tintazko inprimagailu ibiltari bihurtuz.

Langileak

Azkenik, langileak dauzkagu. Europan, sindikatuak askoz sendoagoak dira Estatu Batuetan baino, eta Estatu Batuetako teknologiako baroiak kolpeka ikasten ari dira hori. Ez dago ezer pozgarriagorik eguneroko albisteetan, sindikatu nordikoen Teslako tipoaren aurkako azken matxinada baino.

Baina Estatu Batuetan ere hazkunde handia dago teknologia sektoreko sindikatuetan. Langileak konturatzen ari dira ez direla ‘zain dauden fundatzaileak’. Doako masajeen, aurpegiko piercingen, eta nagusiek ulertzen ez dituzten gauzak dioten kamiseta beltzak janzteko egunak amaitzen ari dira.

Seattle-n, Amazoneko teknikariak biltegietako langileekin batera atera ziren protestan, azken finean denak baitira langileak.

Teknologiako langileak komunera doazen bakoitzean arduradunari abisatzen dion adimen artifizial baten zaintzapean ez egoteko arrazoi bakarra haien negoziazio indarra da. Baina indar hori oso azkar higatzen ari da. Gauzak doazen bidean, Amazoneko programatzaileak laster hasiko dira ordenagailuen ondoan izango dituzten botiletan txiza egiten. Zakil itxura zuen kohete bat eraiki zuen arren, Jeff Bezosek benetan gorroto ditu gure giltzurrunak!

Ekimen ausart, gihartsu eta globala ikusten ari gara hala lehian nola araudietan eta lan esparruan, autolaguntza atzean utzita. Eta bazen garaia, albiste txarra baita kakaztea industria guztietara hedatzen ari dela.

Sarera konektatutako ordenagailu bat barruan daraman edozeri, fabrikatu duen jendeak Darth Vaderren MBAren araudia aplika diezaioke, arauak unetik unera aldatuz, zure eskubideak urratuz, gero esateko: “Ondo dago, aplikazio batekin egin dugu”.

Mercedesek zure azeleragailu pedala hilabeteka alokatzen, Gauzen Interneteko plater garbigailu adimendunak, euren xaboi jabeduna erostera behartzen zaituztenak… kakaztea metastasia egiten ari da gure bizitzako txoko guztietara hedatzeko. Softwareak ez du mundua jaten; kakaztu egiten du.

Baina horrek guztiak badu alde on bat: kakazteak mundu guztia mehatxatzen badu, orduan mundu guztiak du interesa ‘deskakaztean’. Estatu Batuetako pribatutasun legearekin bezala, kakaztearen kontrako koalizio potentziala masiboa da, geldiezina.

Zuen arteko zinikoak beharbada eszeptikoak izango dira. Azken finean ez al dira ‘kakaztea’ eta ‘kapitalismoa’ gauza berbera? Bada, ez. Tira, ez naiz hasiko hemen kapitalismoaren alde, justu-justu sinistu dezaket merkatua dela modurik eraginkorrena baliabideak esleitzeko eta politikak arbitratzeko. Kapitalismoak larrialdi klimatikoa maneiatzeko orduan izan duen erabateko porrotak nire zalantza guztiak uxatu ditu.

Baina duela 20 urteko kapitalismoak lekua egin zion internet basati eta lanjerosari. Bazterreko ikuspegiak zituztenek elkar topatu, lagundu eta antolatzeko eremua zen. Gaur egungo kapitalismoak zentro komertzial digital fantasma bat sortu du, globala, baina kontsonante astuneko izenak dituzten enpresen automata apurtuez, alferreko trepetez eta kriptotxanpon iruzurrez betea.

Internet ez da krisi klimatikoa, ezta genero zein arraza berdintasuna, genozidioak edo injustiziak baino garrantzitsuagoa. Baina borroka horiek guztiak egingo ditugun espazioa da. Internet libre, justu eta irekirik gabe, borroka galduta dago hasi aurretik ere.

Interneten kakaztea desegin egin dezakegu. Gailu digital guzti-guztien kakazte progresiboa geldiarazi dezakegu. Kakazteari aurre egingo dion nerbio sistema digital hobea eraiki dezakegu; faxismoa borrokatzeko, genozidioak amaitzeko eta gure planeta eta espezie salbatzeko behar ditugun masa mugimenduak koordinatzeko espazio egokia izango dena.

Martin Luther Kingek esan zuen “Beharbada egia da legeak ezin duela behartu gizon bat ni maitatzera, baina ni jipoitzeari uztera behartu dezake, eta hori ere oso garrantzitsua da”.

Eta egia izan daiteke legeak ezin dituela soziopata korporatiboak behartu zu tratu duina eta justua merezi duen gizaki gisa ulertzera, eta ez soilik diruzorro ibiltari gisa, edo erantzukizun mugatuko korporazioa den kolonia-organismo hilezkorrarentzako heste-bakterio hornigai gisa.

Baina eragin dezake exekutiboak zure beldur izatea, merezi duzunik uste ez duen arren, justiziaz eta duintasunez tratatzerainoko beldurra. Eta uste dut hori ere oso garrantzitsua dela.

Artikulu hau Cory Doctorowren Pluralistic blogeko artikulu honen egokitzapena da, cc-by-sa lizentziaren arabera egindakoa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.