Sekta eta pseudoterapia sektarioen alderdirik amorragarriena da nola baliatzen duten egoera bereziki zaurgarrian dauden pertsonen etsipen eta itxaropen beharra, pertsona horien kontrol mentala eta, bide batez, baliabide ekonomikoak ere, bereganatzeko.
Etengabe errepikatzen den eskema da. Batzuetan esango dizute zure depresio edo ezinegon esistentzial edo tristura edo dena delakoaren oinarria lagun, familia eta gizartearen errua direla, eta egin behar duzuna dela lagun, familia eta gizartetik irten beraiekin bat egiteko… eta beste batzuetan, zure minbizi terminalaren errua medikuntza tradizionalari kasu egitetik datorrela, eta egin behar duzuna dela, zer dakit nik, lixiba edatea.
Eta bigarren alderdirik amorragarriena da nola gehienetan, diskurtso alternatibo, maitakor eta txatxiguaiaren gerizpean, sekta eta pseudoterapia talde horiek ezin errazago lortzen duten baliabide publikoak erabiltzea euren ebangelizazio lanak egiteko. Azken hilabeteotan hona ekarri ditudan kasu guztietan hala izan da: Shen Yun ikuskizun sektarioaren propaganda masiboa Euskal Irrati Telebistan, Bhakti Marga sektaren topaldi masiboa Izurtzako Udal Frontoian.
Hurrengoa, Azkoitian
Sirimiri hori etengabea da eta, jakin berri dudanez, hurrengo zaparrada Azkoitian izango da. Laguntza Integraleko Mugimendua izeneko talde bat Osasun eta Ongizate Eguna antolatzen ari da urrirako. Jardunaldi horretako izarra Nadiya Popel doktorea da. Hitzaldiak emateaz gain, kontsulta ere pasako du Azkoitiko Elkargunean, ’15 eurotik aurrerako borondatezko dohaintzen’ truke.
Nadiya Popel ‘doktorea’ Balear Uharteetako Medikuen Elkargotik egotzi dute, besteak beste lixiba eta disolbagarriak ‘errezetatzeagatik’.
Popel doktorearen bueltan eratutako ‘Laguntza Integraleko Mugimenduan’ era guztietako terapia berritzaileak aurki daitezke minbizia tratatzeko: bikarbonatotik hasi, dieta zaintzetik jarraitu, eta kafe infusioetara iritsi arte.
Bueno, ba Popelel eta bere kuadrillak Azkoitiko azpiegitura publikoak erabiliko dituzte disparate horien berri hedatzeko. Popelen beraren ‘kontsultak’, ‘eskulan intrabenosoen tailerrak’, ‘itsasoko ur bioerabilgarrien tailerrak’… Entretenimendurik ez da faltako!
OHARRA:
Inguruko norbait sekta edo pseudoterapia talde arriskutsuren batean sartuta dabilen susmoa baldin baduzu, eskatu laguntza lehenbailehen! Hemen topatuko dituzu lehen urratsak emateko lagungarri izan daitezkeen pista batzuk.