OfftopicZi-Fi

Cordyceps: inurriak zonbi bilakatzen dituen onddoa

Cordyceps onddoak inurriak zonbi bilakatzen ditu. Gurekin ere egin ote lezake, The Last of Us telesailean bezala?
Cordyceps: inurriak zonbi bilakatzen dituen onddoa 7 - teknopata.eus

Bakoitzari berea: The Last of Us telesail eder askoa da benetan, baita zonbi eta apokalipsiak gustuko ez dituzuenontzat ere, benetan.

Aitortu behar dizuet ni gehien hunkitu nauen eszena lehen atalaren hasiera izan dela, telesail osoaren aurkezpen gisa balio duena. Telebista saio batean, zientzialari bat agertzen da, azalduz birusen beldur baino, onddoen beldur bizi beharko ginatekeela. Birusak baino askoz ere zailagoak direla suntsitzen eta, halako batean, gizakion kontra bihurtuko balira, gorriak ikusiko genituzkeela.

Cordyceps: inurriak zonbi bilakatzen dituen onddoa 11 - teknopata.eus
Birusek gaixotu gaitzakete, baina onddoek garuna kontrola dezakete. Horixe egiten dute gaur-gaurkoz milioika inurri eta zomorrorekin. Nondik ateratzen da LSDa? Ez esan ez dela abiapuntu zirraragarria

Ideia izugarria iruditu zait, zentzurik zabalenean (ez, ez nuen bideo-jokoa ezagutzen), eta sarean hasi naiz bilatzen, noraino den egia telesailean aipatzen den gai hori eta, batez ere, cordyceps onddoaren tema. Eta, maitiok, hortxe hasi da benetan beldurrezko istorioa. Natura ederra dela? Natura kabroi itzela da!

Cordyceps: inurriak zonbi bilakatzen dituen onddoa 13 - teknopata.eus
Cordyceps gaiztoak adar bat ateratzen dio inurriari burutik, eta bertatik esporak haizatzen ditu beste inurriak kutsatzeko. (Irudia: BBC)

Cordyceps zitalak oihaneko inurriak kutsatzen ditu. Haien kontrola hartzen du helburu bakar batekin: hedatzea. Itxuraz, kutsatutako inurriaren burmuinaren kontrola hartzen du: beste inurriak normalean pasatzen diren bidetik gertu dagoen landare batera igoarazten du, prezisio matematikoarekin, 25 cm. inguruko altuera batera, eta behin han dagoela, inurri gaixoa bere matrailak hosto baten nerbio nagusiaren inguruan ixtera behartzen du. Behin inurria hostoari ondo helduta dagoela, onddoa inurriaren barrenak jaten hasten da, hiltzen duen arte, eta burutik adartxo bat ateratzen du, puntan esporak dituena.

Gogoratu inurri gaixoa bere lagunak normalean pasatzen diren bidetik 25. cm altuerara dagoela. Haizea datorrenean, esporak azpitik pasatzen diren inurrien gainean jausten dira, eta halaxe hasten da berriz ziklo osoa. Ez esan ez denik beldurgarria!

Hori guztia gutxi balitz, duela gutxi jakin da, gainera, uste zenaren kontra onddoak ez duela inurriaren burmuina ukitzen. Aldiz: bere giharren kontrola hartzen du zuzenean. Hau da, nolabait esateko: inurria erabat ‘konszientea’ da, onddoak berari gustatzen ez zaion landare batera igoarazten duen bitartean. Gaur amesgaiztoak!

Gaia interesatzen bazaizue, Ana Galarragak azalpen luze samarra eman dio asteon Urko Aristiri Hitzokei saioan. Klikatu beheko irudian bideoa ikusteko!

Cordyceps: inurriak zonbi bilakatzen dituen onddoa 15 - teknopata.eus
Ana Galarraga Urko Aristiri beldurrezko istorioak kontatzen

Gaiak ni bezain txundituta utzi bazaituzte, hemen beste bideo labur-labur bat. Sir Richard Attenborough ezagunak kontatzen digu bertan cordycepsak zer egiten dien inurri gaixoei:

Beste hau, luzeagoa eta The Last of Usen zuzenean oinarrituta, informazio zehatzagoa ematen du, inurriak ez diren beste animalia batzuen kasuak kontatzen ditu… eta bueno, oso-oso ikusgarria da:

Eta amaitzeko, sustoa apur bat arintzeko, beste honek, gazteleraz, argi azaltzen digu zergatik ez den erraza onddoek inurri eta beste zomorro batzuei egiten dieten triskantza horiek gizakioi ere egitea:

Ale! Asteburu on!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.