Komunikazioa

Paperezko egunkarien etorkizunaz Euskadi Irratiko Faktorian

Solasaldi mamitsua izan dugu Euskadi Irratian, paperezko egunkarien etorkizunari buruz
Estoniako aldizkariak kiosko batean. Argazkia: Lev Narozhny

Asteon ere tokatu zait EiTBren egoitzatik, oraingo honetan Euskadi Irratiko Faktoria saioan jarduteko. Atzoz geroztik, Estonian ez da paperezko egunkari bakar bat ere argitaratzen astelehenetan eta, hari horri tiraka, Nagore Telleriak tarte txukuna prestatu du paperezko egunkarien etorkizunaz jarduteko. Hainbat lekukotzaz gain, EHUko Aitor Castañeda eta ni ere gonbidatu gaituzte estudiora, euskarazko toki komunikabideak batzen dituen TOKIKOMen ordezkari gisa.

Kontestua jarri digute lehenengo, bertan bizi den lagun euskaldun baten ahotik. Aspaldi da Estoniako kioskoetan ez zegoela egunkaririk salgai astelehenetan, baina atzoz geroztik, astelehenetan paperezko alea harpidedunei soilik bidaltzen zien Eesti Päevaleht egunkariak harpidedunentzako astelehenetako edizioa ere itxi egin du. Gutxi gorabehera Bizkaiko populazioa eta Euskal Herriaren azalera halako hiru duen Estoniako estatuan, beraz, ez da batere paperezko egunkaririk izango astelehenetan. Erabakia hartzeko azken bultzada Estoniako posta zerbitzuak, Omnivak, iragarritako bidalketa kostuen izugarrizko igoera omen da. Baina tartean komentatu dugun bezala, bestelako arrazoi kultural/sozialak ere egongo dira atzetik seguruenik. Estoniako digitalizazio maila handia eta harpidetzak ordaintzeko prestutasuna-edo aipatu dira, besteak beste.

Egia esan, ez da aparteko fenomenoa euskarazko prentsari begiratzen badiogu. Berriak eta Hitzek ez dute paperik argitaratzen astelehenean, eta TOKIKOMeko tokikoetan ere era guztietako malabarismoak egiten ari dira azken urteotan paperarekin lotutako gastu zuzenak (papera bera), eta zeharkakoak (banaketa…) murrizteko. Enfin, beheko irudian edo hemen klik eginda entzun ahalko duzue izan dugun solasaldia, interesgarria benetan (nahiz eta txarto dagoen neuk esatea!)

Paperezko egunkarien etorkizunaz Euskadi Irratiko Faktorian 6 - teknopata.eus
Estoniako egunkari bat. Irudian klik eginda ere entzungo duzu Euskadi Irratiko tartea. Argazkia: Lev Narozhny.

Apuntatu eta esaten ez diren gauzak

Tarterako hartu ditudan oharren artean, Reuters Institutuaren 2022ko Digital News Report txosteneko datu batzuk daude. Denak ezin izan ditut aipatu eta bueno, lana berdin-berdin hartu dudanez, ba hemen utziko ditut jasota, apunte moduan. (Batzuon sentsibilitatea zuritu lezakete).

Paperaren kontsumoa maldan behera

Ez da sorpresa, noski, baina horrela, hain argi margotuta ikusteak hazkura apur bat ematen du behintzat. Espainia mailan, paperaren pisua informazio iturri gisa erdira jaitsi da 2013tik: %60 baino apur bat gehiago zen orduan, eta %30era ez da iritsi 2022an. Sare sozialek kontrako bidea egin dute, berriz. 2013an %28ren albiste iturri ziren. 2002an, berriz, %56renak. Horrek dakarren guztiarekin.

Albisteetatik ihesi

Ez da fenomeno kezkagarri bakarra. Reutersen txostenak dio etengabe hazten ari dela joera oso kezkagarri bat: albisteei bizkarra ematea, nahita. Goraka doa joera hori, adin-tarte guztietan:

Horretarako arrazoiak hainbat dira ikerketaren arabera:

  • Politika eta COVID gehiegi (%43)
  • Albisteek eragin txarra dute umorean (%36)
  • Albiste kopuruak gaindituta/erreta dauka (%29)
  • Albisteak ez dira fidagarriak (%29)
  • Saihestu nahi dituzten eztabaidak eragiten dituzte (%17)
  • Inpotentzia eragiten dute, frustrazioa ezin dutelako ezer egin albisteen aurrean (%16)

Hor ere, badago zer arakatu, noski. Batez ere Covidaren temak denok 'ukituta' utzi gaituen honetan, albisteen tonu negatiboa jende askok informaziotik ihes egiteko eragile garrantzitsu bilakatu liteke. Eta badakigu zeintzuk ari diren egundoko abantaila ateratzen norberak hautatutako desinformazio egoera horri! Galdetu Brasilen, edo Q-Anon mugimenduak Estatu Batuetan hondatutako milioika familiatan... edo Bizitza Plataforman!

Enfin, asko eta asko dago hitz egiteko hemen, eta ez soilik paperaz!

Badaezpada ere, EiTBko loturak inoiz kale eginez gero, hemen audioaren kopia bat!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.