Horrelako gauzak ditu, gero, teknopata izateak: aurreko batean, lanean nenbilela, e-mail bat jaso nuen (tira, asko jaso nituen, egunero bezala, baina honek arreta eman zidan!). Ez zen laneko kontua, noizean behin iristen diren friki-galdera horietako bat baizik. Hona galdera:
Galdera-mesede bat: zuk ezagutzen duzu (edo existitzen da) programarik audioak testu bihurtzeko, transkripzioak egiteko? Kosta egiten zait pentsatzea 2014an ibili behar dudala audio bat mila aldiz entzuten aurrera eta atzera, eta idazten…
Aitortu behar dut ezustean harrapatu ninduela galderak. Lehen tentazioa ezezko borobil batekin erantzutea izan zen, ez baitut halako programarik ezagutzen. Baina gero Twitterrera bota nuen galdera, adimen kolektiboaren laguntzaren bila… eta erantzun sokatxoa ere etorri zen berehala.
Erantzunen artean, sakontzeko biderik errazena ematen zutenak @unaimy renak ziren. Googleren besoetan bota eta lana hari emateko gomendatu zidan. Eta tira, proba batzuk egin ditut bide horretatik abiatuta.
Ordenagailutik: Google Chrome eta Dictanote aplikazioa erabiliz
Errazena edo fidagarriena izango delakoan, audio -> testu itzulpena ordenagailutik egiteko moduen bila hasi naiz. Uste nuen Google Translatek ahozko testuak sartzeko aukera emango zuela, telefonoan bezala, baina ez da hala. Beraz, alternatiben bila hasi eta zera topatu dut: Dictanote izeneko web aplikazio bat, Chromen instalatu beharrekoa.
Aplikazioa oso erraza da maneiatzen: irekitzean, Google Docsen antzeko pantaila bat erakusten digu. Goiko tresna barran, ezkerreko muturrean, mikro baten ikonotxoa ikusiko dugu. Mikro horretan sakatuz gero, berehala has gaitezke testua diktatzen, eta aplikazioak txintxo-txintxo idatziko du dokumentuan. Hori bai, gogoratu lehenengo eta behin zer hizkuntzatan aritu nahi dugun esan behar diogula, tresna barraren eskumako muturrean dagoen gurpiltxoan klik eginda. (Bukaerako bideoan ikus dezakezue adibide bat).
Era horretan dohainik erabil daiteke Dictanote, eta gero testua kopiatu eta beste nonbait itsatsi. Dokumentuak gordetzeko ahalmena nahi badugu, ordea, erregistratu eta kutxatik pasa beharko dugu (dohainik erregistratzeko aukera ere badago).
Telefono edo tabletatik, Googleren ahots bidezko diktaketaz
Bigarren aukera telefonoa edo tableta erabiltzea da. Googlek aspalditik eskaintzen du euskarazko ahots errekonozimendua bere ‘ahots bidezko diktaketan’. Androiden behintzat, sistemaren parte da aspalditik funtzio hori. Topatzen ez baduzu, saiatu Googke teklatua instalatzen, adibidez.
Funtzionalitatea hor egonda, horixe da kontua, erabiltzea: sartu Google Docs edo testua idazteko beste edozein aplikaziotan, eta aktibatu ahots bidezko diktaketa. Sinplea, ezta?
Funtzionamendu aldetik ez dute batere konplikaziorik, ez batak eta ez besteak, baina ikusi beharko da nolako emaitzak ematen dituzten, eta benetan balio dezaketen praktikan zerbait egin ahal izateko. Probatxoa egin dut metodo biekin, zuek ikusteko zein den emaitza, eta tira, hemen duzue, esperimentua, bideo labur batean:
Argi dago Androiden ahots errekonozimendua askoz ere finago dabilela Dictanoterena baino -euskaraz gutxienez- baina kontuan izanda lagun honek irratsaioak transkribatu behar dituela, nik tresna biak baztertuko nituzke zuzenean, testua ‘diktatuta’ halako akatsak egiten badituzte, auskalo zer ez ote duten egingo ahozko diskurtso arrunt batekin! Zorte txarra, lagun, bilatzen jarraitu beharko!
Hala ere, Androideko aukera nahiko ondo nabil, eta esango nuke oso erabilgarria izan daitekeela testu laburrak, mezutxoak eta halakoak idazteko. Batez ere sakelako txikia eta esku handiak dituzuenen kasuan!!!
Eta zuek? Ezagutzen al duzue beste alternatibarik? Hala bada, kontatu mesedez!!!
RT @joxe: Euskarazko ahotsa testu bihurtzeko bi modu http://t.co/S83PSl5jmn
RT @joxe: Euskarazko ahotsa testu bihurtzeko bi modu http://t.co/S83PSl5jmn
RT @joxe: Euskarazko ahotsa testu bihurtzeko bi modu http://t.co/S83PSl5jmn
EGUERDI OSTETXOKO PASEA: Ezagutzen duzue euskarazko ahotsa testu bihurtzeko sistemarik? http://t.co/TrmzLS6y0a
.
Euskarazko ahotsa idatzizko testu bihurtzeko bi modu, hemen:
1)http://t.co/VnGv1QXZGY > @joxe
.