Gaur askatu du Mozilla Fundazioak Firefox, nabigatzaile libre eta irekiaren 20. bertsioa. Segurtasuna eta deskargen kudeaketa hobetu dituzte nabarmen bertsio honetan. Besteak beste, leiho pribatuak irekitzeko aukera eskaintzen du Firefoxek orain (orain arte leiho guztiek izan behar zuten pribatuak ala publikoak), eta deskarga kudeatzailea ere goitik behera aldatu dute, gainontzeko leihoekin hobeto integratzeko.
Eta onena: hobekuntza horiek guztiak euskaraz ere baditugu lehen unetik bertatik, Librezale.org taldearen lan izugarriari esker. Haien webgunean aurki daiteke Firefox berriaren inguruko jakingarri gehiago.
Androiden ere bai
Firefoxen abantaila handietako bat plataforma aniztasuna da: Windows, Mac, GNU/Linux eta Android sistema eragileetan erabil daiteke eta, Sync ezaugarriari esker, gailu batean zabalik dituzun leihoak, edo gordeta dituzun gogokoak, besteetan ere ikus ditzakezu. Hartara, etxeko ordenagailutik nabigatzen ari bazara eta alde egin behar baduzu, zure Android telefonoa hartu eta bertako nabigatzailean jarrai dezakezu nabigatzen, ordenagailuan utzi duzun puntu beretik abiatuta.
Androiden ere euskaraz erabil daiteke Firefox. Bi era daude horretarako:
- Firefoxen bertsio ofiziala jaitsi eta euskaraz nabigatzeko konfiguratu. Menuak ez ditugu euskaraz ikusiko (Androiden muga teknikoen ondorioz), baina nabigatzailea euskaldun gisa identifikatuko da nabigatzean.
- Erabili garapen bertsioa. Funtzionalitate berriak ‘ofizial’ egin aurretik, ‘Aurora’ izeneko probako nabigatzaile batean sartzen ditu Mozillak. ‘Aurora’ hori Firefox bezalakoxea da, baina apur bat aurreratuago dago eta -batzuetan- litekeena da arazoren bat edo beste ematea. Probatan dauden ezaugarrien artean hizkuntza bera ere badago. Hemen klik eginda, euskarazko bertsioa jaitsi eta erabil dezakezu zure sakelako edo tabletan. (Kontuan izan instalatu ahal izateko, iturburu ezezagunetako aplikazioak instalatzea onartu behar duzula: Ezarpenak > Segurtasuna > Iturri ezezagunak). Laguntza xeheagoa behar baduzu, Sustatu.com-en duela aste pare bat argitaratu zuten pausuz pausuko gida bat.
Zergatik Firefox eta ez beste aukeraren bat?
Firefoxek izaera irekia du, eta Safari, Explorer edo Chrome ez bezala, onura publikoa bilatzen duen fundazio bat du bere atzean, ez enpresa pribatu bat. Mozilla Fundazioak erabateko konpromisoa du internet aske eta neutrala mantentzeko, eta Firefox horretarako tresna da.
Baina berandutxo egin zait hau dena idazten eta ez zaituztet aspertu nahi. Denbora baldin baduzue, ikusi bere garaian Nick dut Nik-en Mozilla Europe-ko Tristan Ninot-i egin genion elkarrizketa, bertan azaltzen dira Firefox erabiltzeko arrazoi nagusiak:
Información Bitacoras.com…
Valora en Bitacoras.com: Gaur askatu du Mozilla Fundazioak Firefox, nabigatzaile libre eta irekiaren 20. bertsioa. Segurtasuna eta deskargen kudeaketa hobetu dituzte nabarmen bertsio honetan. Besteak beste, leiho pribatuak irekitzeko aukera eskaintze…..