Astebete barru seguruenik erabat ahaztuta izango ditudan bi asmo edo promesarekin hasi dut urtea. Lehenengoa: blogaren martxa berreskuratzen saiatu eta nolabaiteko maiztasunez idaztea, lehengoan idatzi nuen honi jarraiki. Hori buruan behintzat badut nahiko garbi, eta uste dut egin beharrekoa dela. Besterik da gabonetako oporrak pasata eta eguneroko martxan berriz sartuta, gogorik geratuko ote zaidan benetan egiteko!
Bigarrenak, aldiz, arazo, kontraesan eta zalantza gehiago sortzen dizkit: interneteko sare sozialak pixkanaka-pixkanaka alboratzen joatea. Bueno, nire kasuan, argi eta garbi esanda: Twitter alboratzen joatea da duela zenbait astetik hona buruan bueltaka dudan asmoa.
Twitterren kontra
Twitterren jarraitzearen kontra pilatzen joan zaizkidan arrazoiak ez dira oso ezberdinak, egia esan, bere momentuan Faceboook uztera eraman ninduten haietatik. Facebooken kasuan Cambridge Analytica auziak eman zidan azken bultzada, eta orain Musken erosketak eta ondoren hartutako erabakiak izan dira garondoko iletxoak tenkatu dizkidatenak. Muskek batere disimulurik gabe iragarri du Estatu Batuetako ultraeskuinari bozgorailua emateko asmoa. Adierazpen askatasunaren izenean, Muskek ahotsa bueltatu die Twitterren Q-Anon eta Twitterren aurreko zuzendaritzak blokeatutako zenbait konturi, eta, horrek berez nahiko hozkirri emango ez balu bezala, bere atzera-aurrera trakets eta gutxi disimulatuak izan ditu kazetariak blokeatzeko orduan, adibidez.
Aber, ez dira kontu erabat berriak, noski. Twitter sekula ez da izan utopia sozialista bat, hain zuzen ere. Askok izango duzue akorduan oraindik nola -Muskek eskua sartu baino dezente lehenagotik ere- desaktibatu behar izan ziren bertan martxa jarritako adimen artifizialeko txatbotak, makina gaixoak Twitterren sartu eta bertan ikasitakoarekin, ordu gutxira guztiz faszista bilakatuta zeudelako. Bere momentuan jijiji-jajaja komentatu genuen Twitterren zer giro eskasa zebilen, adimen artifizl horiek twitterlarion elkarrizketetan oinarrituta erabat fatxa bilakatu izana bertan genbiltzanon errua zelakoan. Baina ez dezagun ahaztu, beste sare sozialetan bezala, erabiltzaile bakoitzari zer iristen zaion lehenago, zer maizago, eta zer geroago edo gutxiagotan, sare sozialak berak diseinatutako algoritmoak erabakitzen duela.
Esan nahi dut: ‘begirada garbia’ daraman adimen artifizial bat sartzen bada sare sozial batean, eta handik ordu gutxira adimen artifizial hori Hitlerren balioen pertsonifikazioa baldin bada, hori ez da (soilik) sare sozial horren erabiltzaileok xextrazale amorratuak garelako. Hori da, neurri handi batean sare sozial hori propio diseinatuta dagoelako erabiltzaileak pentsamolde estilo horretarantz eramateko. Nahi beste ‘baina’ eta kakotx eta ñabardura egin daitezke ideia horren gainean, noski; baina oro har, horixe da kontua. Twitter, beste edozein sare sozial bezala, oso urruti dago burmuinean txertatu diguten erabateko neutraltasun iruditik. Eta adimen artifizialen kontu horrek argi erakusten du erabiltzaileak eskuineko, edo gutxienez muturreko ideietarantz bultzatzeko diseinatuta dagoela.
Baina gainera, Muskek Twitter erosi duenetik, inoiz baino argiago utzi du Twitter bere jolastoki, jostailu edo dena delako pribatua dela. Nahi duen momentuan eta nahi duen bezala egin eta desegin dezakeela. Arauak berak egin eta desegiten ditu, gogoak ematen dion bezala, eta gero betetzen dituela ala ez, segun zer egun daukan. Eta eskubide osoa du, noski, horretarako gastatu ditu 44.000 milioi dolar. Baina ez dezala kontatu nirekin bere jostailu garestiari txinparta ateratzeko. Eta are gutxiago edukia eta trafikoa sortzeko ultraeskuina eta desinformazioa modu esplizitoan sustatzen ari den sare batean!
Twitterren alde
Baina, ai, buruak goiko hori guztia esaten didan bitartean, bihotzak beste zeozer esaten dit, noski. Ia 16 urte dira Twitterren kontua ireki nuenetik. Eta boladaka, oso aktibo ibili naiz bertan. Informazio asko jaso dut, informazio apur bat eman ere egin dut… eta batez ere, jende zoragarria ezagutzeko eta barre itzelak egiteko baliabidea izan da Twitter urte hauetan. Barre asko egin dut hari esker; hunkitu ere, sarritan hunkitu naiz… eta bueno, ba hori, benetako zirkulu soziala hedatzeko tresna zoragarria izan da. Gauzak horrela, kosta egiten da, bai, ateari kolpea eman eta betiko alde egitea… baina pentsatzen jarrita, urtetxoak dira Twitterreko giro orokorra dezente aldatu dela; honezkero ez da garai bateko auzoko kafetegi lasai eta konfiantzako hura.
Badakit, badakit aldekoen zati hau ez dagoela kontrakoena bezain zehatz azalduta, baina bueno, badakizue, alde emozional horrek ere asko tiratzen du, zalantzarik ez. Eta gero, noski, ezin da ukatu Twitter eta antzeko sareak izugarrizko tresna direla norbere edukiari zabalkundea emateko, epe luzera trukea oso gizalegezkoa ez bada ere.
Mastodon: bai baina ez
Puntu honetara iritsita, badakit askok esango didazuela: “e, Joxe, baina ez da ezer pasatzen! Etorri Mastodonera eta bertan jarraitu egiten orain arte Twitteren egiten zenuena!”. Mmmm… bai, baina ez… Mastodonek baditu gauza on asko, eta bertan ere banago, bai. Baina ez da Twitterren ordezko zuzena (eta bueno, ondo dago hori, uste dut ez duela izan beharrik ere), eta, azkar eta zikin azaltzeko, nagi apur bat ematen didaten kontutxoak baditu:
- Volver a empezar. Pelikulan bezala, (ia) zerotik hasi beharra sare guztia berriz eraikitzen, jarraitzaileak eta jarraituak identifikatzen… uf!
- Giro ezberdina. Ez dakit nola azaldu hau argi eta hitz gutxitan, gehiago duelako sentsazio pertsonaletik beste ezeretik baino, baina Mastodonen faltan botatzen dut Twitterreko (garai bateko) giro bizi eta dibertigarria. Askoz leku lasaiagoa da Mastodon ikusi ahal izan dudanagatik… seguruenik zerikusi zuzena izango du aurreko puntuarekin, bertako sarea guztiz osatua ez edukitzearekin, baina ñah, badiotsuet: sentsazioa ez da ez berdina, ezta antzekoa ere. Besteak beste, askoz ere giro ‘geek’-agoa dago Mastodonen… edo bueno, hori da nire inpresioa.
- Ongi etorri errefuxiatuak… Gauzak diren moduan: asko eta asko ‘benetan’ akordatu gara Mastodonekin gauzak oso itsusi jarri direnean beste aldean… ‘etorkin’ mordo bat iritsi omen gara Mastodon instantzia ezberdinetara azken asteotan… eta hori ez zaio gustatu ‘mastodonzahar’ batzuei behintzat. Zehazki, larregi gustatu ez zaizkidan bi diskurtso-motarekin egin dut topo. Biak ere ulergarriak egin ahal zaizkit neurri batean, baina buf, nagi handia ematen dute:
- Benetako mastodonzaleak eta etorkinak. Aspaldiko Mastodon erabiltzaile batzuk kexaka dabiltza egunotan (arrazoiz, seguruenik), sare sozial zentralizatuetatik iritsitako errefuxiatu berriek sare sozial horietako ohitura txarrak ekarri dituztelako haiekin: influentzerrismoa, jakin zein jakin ez erantzun beharra, xextra errazerako gogoa… Aber, ulertu dezaket, noski, zure tabernatxoan urteak eman badituzu super gustura, batere ez gustatzea bat-batean taberna modan jarri eta jendetza zaratatsuz betetzea… baina tira, esango nuke bat-batean masa handiak sare dezentralizatuetara jotzea garaipen gisa ulertu beharko litzatekeela… Ez dakit, mezu solteak izan dira han-hemenka, baina nolabaiteko ‘klasismo’ bat ere sumatu dut horrelako mezu eta eztabaida batzuetan.
- Kalea neurea da. Mastodon eta beste sare dezentralizatuak instantzia edo nodo ezberdinak daude… eta nodo edo instantzia horiek euren jabe edota moderadoreak dituzte. Twitterren Muskek kazetariak bota eta berriz onartu ditzakeen moduan, Mastodonen instantzia bakoitzeko jabeak edo moderazio taldeak jendea bota dezake, noski, eta egin egiten du. ‘Hau nire zerbitzaria da, neuk ordaintzen ditut gastuak, eta ez daukat zertan aguantatu gustatzen ez zaidan jendea’. Arrazoi, noski, hori bakarrik falta zen… baina niri behintzat fenomeno paradoxikoa iruditu zait, Mastodonen inguruko diskurtso orokorrak saltzen digun (edo bueno, neuk ulertu dudan) irekitasun, aniztasun eta tasun horien guztien ondoan. Azkenean, instantzia txiki mordo bat egonda, aukerak ere badaude ElonMusk txiki mordo bat ibiltzeko hor zehar, gauzak egiten eta desegiten. (Eskubide osoz, ojo, baina izan, badira!).
Zer egin?
Kostatzen ari zait erabaki bat hartzea, 16 urteko ohitura bati uztea ez baita gauza erraza. Hainbat aukera dauzkat buruan:
- Twitter kontua itxi eta bertan argitaratutako edukia desagerraraztea. Berez hau litzateke aukera lojiko eta koherenteena. Baina, pena da, egia esan, 16 urte hauetan sortutako eduki guztia betiko galtzea. Eta ez nago oso ziur kontua itxiz gero, atzetik besteren bat etor daitekeen eta nire erabiltzaile izena hartu guztiz bestelako kontuak argitaratzeko.
- Twitter kontua ‘zonbi’ mantendu. Telefonoko zein ordenagailuetako aplikazioa desinstalatu eta ez publikatu beste ezer Twitterren, baina kontua ezabatu gabe, nolabait artxibo moduan. Zentzuzko aukera dirudi, baina neure burua ezagututa, badakit lehenago ala geroago jausiko nintzatekeela -noizean behin baino ez bada ere- erantzuteko eta txorradak jartzeko tentazioan, hau da: neure edukiarekin Muski zeharka laguntzen ultraeskuinari babesa ematen.
Enfin, ez dakit, ideia mordo bat dauzkat egunotan buruan bor-borka, gehienak euren artean kontrajarriak, eta partekatu nahi nituen, ordenatzera behartzeko, batez ere. Ekarpenik, iruzkinik edo purrustadarik baduzue, denak ere ongi etorriak, noski! (Ah, baina beheko iruzkinetan utzi, mesedez, eta ez sare sozialetan, e?) :-)
Nik, momentuz, eutsi.
Zuk? Ba plazer duzuna. Ahal dela zeu Musken gainetik. Erabilizuk zeuk Musk. :-)
Oh.: bale, arrazoia duzu denean, dena esatera. Hala ere, nire hautua, Musk erabiltzea. Kontradizio guztiekin.
Ez dakit noraino den posible aipatzen duzun bidea, Iban. Muskek baldin badio “hau orain nire jostailua da, eta erabili nahi dut ultraeskuin ‘libertarioari’ hauspoa emateko”, ba bai, egon gaitezke han bueltaka jolasten, beste ideia batzuk ditugunak. Baina elikatzen dugun bitartean, bolumena ematen diogun bitartean, edukia eta trafikoa oparitzen diogun bitartean, hura ari da gu erabiltzen, guk beste edozer pentsatuta ere. Orain, hori bezain argi ikusten dut segun zer esparrutan oso zaila dela erabateko desbandada orokor bat egitea, azken 16-17 urte hauetan egundoko boterea eman diogulako Twitterri bozgorailu gisa, eta gu geu ere ohitu garelako orain ‘ezin bestela’ iruditzen zaizkigun dinamika batzuetara.
Enfin, mila esker ekarpenagatik. belarrietatik sua dariola nabil kontu honekin! :)
Kaixo Joxe, idatzi duzun guztia ulertzen dut eta kuadratzen dit. Faltan sumatu dut zuk aipatzea “Elon olatuek” eraginda jendea mastodonera iritsi denean, dagoeneko bertan ginen gehienok asko poztu garela. Iritsi berriei emandako aholkuak eta laguntza ere (ez da konplikatua ere, baina bizpahiru gauza ulertzean egiten du klik buruak) ez duzu jaso. Poza eta Harrera jarrera, egon dira, ezta?
Geek giroa egon da lehenengo horra iritsitakoak software libre zaleak zirelako. Orain gauza gehiagori buruz hitz egiten da.
Eta zure aukeren artean, biak erabili baina Mastodoni lehentasuna ematea falta zaizu. Ulertzen dut sakrifizio bat izatea zuretzat, bestean jarraitzaile asko izateagatik etab. Zeuk erabaki behar duzu zer egin, nik ikusi ditut mastodoni lehentasuna ematen Twitterren jarraitzaile asko.zeuzkatenak, eta miresten ditut horregatik.
Mila esker ekarpenagatik, Mikel! (Beitu, mobida honek guztiak gauza on bat ekarriko du beharbada: interakzio apur bat itzuliko da blogetara?) :-)
Arrazoi guztia duzu, Mastodonen ‘baina’ horietan larregi zentratu naiz beharbada, eta ahaztu zait aipatzea badela jende zoragarria ere, errefuxiatuoi ongi etorri bero eta goxoa emateko jo ta ke lanean.
Egia esan, neure aukeren temak ez nau asko kezkatzen. Maila pertsonalean erraz egin dezaket jauzia Mastodonera eta Twitter egonean utzi. Pena ematen dit, noski, urte hauetan landutako sarea galtzen uztea, baina bueno, ez nabil influentzerrismoaren gurpil zoroan sartuta eta ez da galera handia. Gehiago kezkatzen nau laneko kontuekin eta abar zer egin. Ez da erabaki erraza… baina tira, ea gutxienez eztabaida apur bat zabaltzen den, eta inertziaz baino, gauzak apur bat pentsatuta egiten haste3n garen :)
Kaixo, Joxe:
Lehenik eta behin, eskerrik asko zure hausnarketa gurekin partekatzeagatik. Gai hauei buruz zer pentsatzen duzun jakitea gustatu zait. Mastodonen erantzun behar nuen, baina pentsatu dut blogetara itzuli behar izanez gero askoz egokiagoa dela artikulua iruzkintzea, beraz… goazemank. Patxadaz hartu, luze joko du. 😛
“Twitterren kontra” atalean egiten duzun hausnarketa ona iruditzen zait, izan ere, neure burua antifaxistatzat dut, eta koherentziagatik erabaki nuen Twitterreko nire profila zoombie gisa uztea (https://twitter.com/desertorea/status/1596262375061323777). “Twitterren alde atala” ere konpartitzen dut. Alde emozionalak asko tiratzen baitit. Eta, hain zuzen ere, alde emozionalari garrantzia ematen diodalako, uste dut Twitter erabiltzeari utzi behar diogula. Twitterrengatik ez balitz, agian guk biok ez genuke elkar ezagutuko, eta urte hauetan beste hainbat pertsona interesgarri ezagutzeko eta desbirtualizatzeko aukera izan dut. Twitterren, aspalditik, bakoitzak bere barrikadatik idazten du eta oso aspergarria izateaz gain, ez du komunitate-sentimendua sortzeko gaitasunik eskaintzen. Beraz, maite genuen hori komunetik behera joan da (bota al dugu?).
Hutsetik hastea galbana kontua da. Ziur nago denbora pixka bat eskaintzen badiozu, sare berria osatzeko behar duzun motibazioa aurkituko duzula.
“Mastodon: bai baina ez” atalak sortzen dizkit zalantza gehien. Izan ere, oso bestelako esperientzia bizi izan dut Mastodonen eta fedibertso osoan. Adibide gisa mezu hau (https://mastodon.eus/@desertorea/109376252928119644). Aipatu behar dut nire ustez Mastodon ez dela Twitter, are gehiago, nire ustez ona da Mastodon ez izatea Twitter. Adibidez, Elon Musk Twitterreko lanpostuak suntsitzen hasi zenean, hiru gauza utzi zituen agerian: hodei kontzeptuaren abstrakzioa hautsi egin daitekeela, haustura horretatik eratorrita lan-gatazka bat agerian gera daitekeela eta jende asko nekatuta dagoela Twitterren toxikotasunarekin (https://www.sarean.eus/txango-bat-fedibertsotik/). Gaurko honetan hirugarrena goraipatu nahi nuke. Ez dut uste ideia ona denik Mastodonek Twitter “klonatzea”. Zergatik aipatzen dudan ez garela berdinak? Ba maila teknologikoan sare egitura desberdinak direlako, baina gehien bat, eta hau da interesatzen zaidana, Mastodonen helburua komunitatea sortzea delako eta beti saiatzen garelako komunitatea zaintzen (https://mastodon.eus/@admin/109564344439614435).
Mastodon.eus-en hiru arau nagusi daude:
1. Mastodon.eus euskaraz bizi da. Ahal bezain beste euskara erabili.
2. Debekatuak daude: faxismoa, arrazakeria, sexismoa, xenofobia, homofobia, transfobia.
3. Ez inor iraindu edo jazarri.
Lehenengo puntua garrantzitsua da, eta mastodon.eus eta mastodon.jalgi.eus euskararen arnasgune digitalak direla erakutsi dute urte hauetan, baina bigarrenak eta hirugarrenak bereizten gaituzte gehien beste sare sozial korporatibo batzuetatik, eta euskal komunitatea zaintzen lagunduko digutenak dira.
Giro ezberdinari dagokionez, Mikelek aurreko iruzkinean “Elon olatuek” aipatzen ditu, eta mastodon.eus-en, maila pertsonalean, nola bizi izan nituen azaldu nahi nizuke. Dakizunez mastodon.eus kudeatzen laguntzen dut eta “Elon olatu” handienean gorago ere aipatu dudan mezu hau idatzi nuen (https://mastodon.eus/@desertorea/109376252928119644). Bene-benetan sinetsita nago hor jasotakoa egia dela, baina zure inpresioarekin nolabait talka egiten du. Nahiz eta badakidan ez duzula orokortu nahi, ez dugu esperientzia berdina bizi izan. Onartzen dut, borondate onez onartu ere, ni mastodonte-hazle amorratua naizela eta agian beti bilatu diodala alderik humanoena. Baina esango nuke Txopik Mastodonen (https://mastodon.eus/@txopi/109621796810250813) eta Mikelek goiko iruzkinean aipatzen zutenaren harira, giro ederra eta osasuntsua dagoela fedibertsoko euskal komunitatean. Eta lortu dugula, maila baten behintzat, Twitterretik toxikoak iruditzen zitzaizkigun jarrerak alboratzea. Hau erabiltzaile berrientzat hamargarren minutuan begi bistakoa izan dela esatera ausartuko naiz.
“Kalea neurea da” atalean, berriz ere, ados gaudela uste dut. Baina…, baina bat sartu behar dut. Egia da aipatzen duzun hori gertatzen dela. Adibidez, azken egun hauetan nabarmenak izan dira posizio horiek zenbait instantzietan eta eztabaida gogorra egon da horri dagokionez, baina…, sorionekuak gu, euskal komunitatean ez da horrelakorik gertatu eta ez da etorkizunean gertatuko. Euskarazko instantziak, momentuz ez daudelako norbanakoz osatuta eta proiektu gisa ulertzen dugulako elkar. Adibidez, mastodon.eus instantziaren kudeaketan hurrengo hauek parte hartzen dugu: Azkue Fund, Dinahosting, iametza, Laborategia.eus, PUNTUEUS eta Talaios Koop. Mastodon.jalig.eus-i dagokionez, Izarkom. Seguru nago instantzia biak ulertzen dugula Mastodon burujabetza digital ariketa gisa. Eta hori da, hain zuen ere, zure artikuluan faltan bota dudana. Aipatzea burujabetzarako joera duen sarea dela Mastodon (https://www.argia.eus/plaza/iametza/mastodonek-uko-egin-die-silicon-valleyko-inbertsioei-proiektuaren-independentzia-babesteko). Nolanahi ere, uste dut instantzia bat kudeatzen duen edonork, baduela konpromiso bat bere komunitatearekin eta gustatuko litzaidake horren inguruan gehiago hausnartuko balute zenbait administratzailek.
En fin. Dena laburbildu nahi nuke agurtzeko: “Mastodon geurea da eta nahi duguna izango da”. Horra desberdintasunik handiena. Eta horixe da, nire aburuz, euskarak eta euskal komunitateak behar dutena, ez gehiago ez gutxiago.
Ondo izan, txo.
Epale, Dabid!
Ostras, mila esker ekarpen kilometrikoagatik, benetan! Eta batez ere, mila esker erantzuna hona zuzenean ekartzeagatik! Blogari gonbidatu titulua irabazi duzu! :)
Gutxi daukat zuk esandakoari deitzeko Twitteren alde eta Twitterren kontra atalei dagokienez. Tesrtuan esaten nuen moduan, buruak oso gogor bultzatzen nau Twitterretik kanporantz. Lehen ere bai tarteka, baina Musk etorri denetik jarrera HAIN da argia, lotsagabe eta zehatza, bai ultraeskuinaren alde, baita ‘hau NEURE jostailua da’ zentzu horretan… Ba hori: hotzean pentsatuta ez daukat arrazoirik bertan jarraitzeko, baina bestetik, ba hori alde emozionala, bertan ezagututako jende jatorra, inbertitutako denbora eta ahalegina… enfin. Ezin dut zure txio zonbifikatu hori ikusi, baina tira, imaginatzen dut nondik nora doan :)
Mastodonen inguruan esan ditudanen inguruan, aitortu behar dut segituan konturatu naizela bi gauzarekin:
Tira, esandakoa: mila-mila esker ekarpen mamitsuengatik, benetan, hemen jarraituko dut hausnarrean, aber ondorio argi batera iristen naizen :-)
Ni ere antzera nabil, baina ez berdin-berdin.
Nire kasuan, oso argi dut Mastodon dela bidea, Musk-en apeten deribaren aurretik eta harago, nire informatikako printzipioengatik (https://www.sarean.eus/militantzia-digitaleko-nire-printzipioak/): deszentralizazioagatik, burujabetza teknologikoagatik, protokolo eta software irekiengatik, aberastasun eta botere banaketagatik, euskaragatik, pribatutasunagatik… Ez ditut konpartitzen zuk ikusten dizkiozun alde negatiboak.
Adibidez, ez dut uste Mastodon-eko instantzia bakoitzak bere arauak eta arduradun edo moderatzaileak izatea eta kaleratzeak egin ahal izatea zerbait txarra denik. Alderantziz, beharrezkoa eta ekidinezina iruditzen zait. Adierazpen askatasun oso-osoa ez dut uste posible edo positiboa denik, jarrera guztiz onartezinak agertuko zaizkizu goiz ala berandu; Musk-ek berak ere, Twitter adierazpen askatasunaren izenean erosi zuenak, segituan erakutsi zuen zein azal fina zuen eta non zegoen marra gorria (berari kritika egitea, alegia). Baina Twitter-en arauak eta erabakiak pertsona edo talde edo enpresa bakar baten esku egon beharrean (eta, horien jatorria eta ideologia ezagututa, ez dira izaten gure modukoen aldekoak, argi ikusi izan den bezala), Mastodon-en nodo edo instantzia bakoitzak jartzen ditu arauak, ingurune, kultura edo zaletasunen inguruko komunitateak sortuz eta, aldi berean, beste instantzia eta komunitateekin komunikatzea posible da. Gainera, dauden nodoekin gustura ez egonez gero, edonork sor ditzake instantzia berriak. Horrek nodo indeseableak ere ekarriko ditu, baina norberaren instantziaren esku dago horiek blokeatu eta isolatzea ere.
Bestalde, ez dut uste aipatzen duzun Twitter-etiko etorkin edo errefuxiatu berrien aurkako jarrera dagoenik. Nik ere irakurri nuen komentarioren bat (zehazki bat, uste dut), baina ez dut uste, ezta gutxiago ere, orokorra denik. Gehien-gehien-gehienok ustea da denontzako tokia dagoela Mastodon-en, eta zenbat eta gehiago izan hobe.
Beraz, esan bezala, Mastodon dela bidea erabat argi dut, baina nik ere ez dut trantsizio osoa egin. Baina arrazoi bakarra dago horretarako: gutxi garela bertan gaudenak. Sare sozial baten helburua jendearekin harremanak izatea eta informatzea bada, horretarako jendea, komunikabideak, enpresak… bertan egotea beharrezkoa da. Zuk aipatzen duzun bezala, Mastodon.eus-en ez dago Twitter-eko girorik, agian jende ‘geek’-agoa dago… eta gauza bera esan daiteke ziurrenik Mastodon-ez orokorrean. Baina hori guztia da oraindik oso jende gutxi pasatu garelako bertara. Guztiok Twitter utzi eta Mastodon-era salto eginez gero, hura den (zen?) bezalakoa izan daiteke, eta are hobea ere.
Alde horretatik, jende gero eta gehiago animatzea behar dugu. Nahi bada, hasieran bietan arituz. Baina euskal komunikabide eta erakundeen kasuan, ezin dut ulertu nola oraindik ez diren Mastodon.eus-en ere egotera pasatu… Berria, Naiz, Elhuyar…
Eta momentuz zer egin? Bada, ni bietan aritzen naiz, bietara sartzen naiz ikusi eta informatzera eta bietan botatzen ditut gauzak. Baina zenbait saio egin ditut Twitter-eko jendea Mastodon-en bilatzeko eta hartan jarraitzeari utzi eta honetan jarraitzen hasteko (https://mastodon.eus/@ileturia/109395020251896873, https://twitter.com/ileturia/status/1600828215227916291), eta denbora-proportzioa gero eta handiagoa da Mastodon-en alde. Pentsatu nahi dut laster iritsiko zaidala unea (masa minimo edo kritiko bat Mastodon-en dagoenean, hau da, erabiltzaile eta komunikabide eta erakunde esanguratsu edo gogokoenak pasatzean, eta denei itxaron gabe) Mastodon-en esklusiboki aritzeko. Une hori iristean, ez dakit zer egingo dudan Twitter-eko kontuarekin, itxi edo zonbie mantendu…
Mila esker ekarpenagatik, Igor. Nik ere argi samar ikusten dut bidea, arrazoi bat baino gehiago tarteko. Baina hor zehar apatu duzun masa kritikoaren kontua adibidez, norbanako erabiltzaileon kasuan bigarren mailako kontu bat izan daitekeena, ezinbestekoa da bestelako erabiltzaile ‘korporatiboentzat’ (elkarteak, hedabideak, erakundeak…) eta hor nolabait hautsi beharreko gurpil zoro batean sartuta gaude orain: jendea ez dator Mastodonera bertan ez dagoelako jende askorik… eta bertan ez dago jende askorik jendea ez datorrelako. Dinamika hori apurtzeko modu bakarra eduki batzuk Mastodonera *soilik* edo *lehendabizi* botatzea litzateke, baina ez da erabaki erraza, eta berriz goaz hasierako puntura…
Instantzia ezberdinak egotea bakoitza bere ideologia/pentsamolde/arau eta abarrekin, ba bai, alde batetik eta teorian ona iruditzen zait, baina epe ertain-laburrera, ez nago oso ziur oso praktika ‘osasungarria’ den. Esan nahi dut: bakoitza gure burbuilatxoan itxiz gero, ba ez dakit non geratzen den elkarrizketa, ideia trukea eta abarrak…
Dena den, ba hori: oso eskertuta ekarpen guztiekin, hemen jarraitzen dut notak hartzen, ea buruko korapiloa askatzen dudan :)
[…] Lehengoan azaldu bezala, azken asteotan gero eta zalantza gehiago dauzkat Twitterren jarraitu beharraz. Azken egunotan nahiko azkar argitzen ari dira zalantza horiek. Twitterri berari galdezka nabil zer egin behar dudan… eta erantzunak gero eta argiagoak dira. […]
Berandu jai honetara baina nator :)
Besteek esandakoa ez dut errepikatuko baina jakinen duzu nire esperientzia Mastondon.eus-en oso ona izan dela eta beste lekuetan ikusitako gauzak ez ditugula hor pairatu. Honek niri balio dit jakiteko instantzia ongi aukeratu nuela eta instantzia honek dituen ezaugarri batzuk baliagarriak direla Mastodonen instantzia “dexente” bat osatzeko, besteak beste instantzia txikia dela, eta talde batek eramaten duela proiektu gisa, adibidez. Argi dago Mastodonen gauzak kontzienteago egin behar direla, ahal nola instantzia aukeratu, baina hori da hain zuzen ere askok eskatzen gabiltzana aspalditik, ezta? sarean gauzak kontzienteago egitea.
Twitter utzi edo ez utzi horren harira ni nahiko “joanen naiz ikusten-ateratzen zaidana” moduan nago, eta oraingoz zera atera zait; nire edukirik jarri ez, baina besteen edukiari gogoko eman edo retuiteatu. Planteatu gabe ere oraintxe berean nire kontua retuit kontu bat bilakatu da ia. Beno, hagatik, segurunik aldatuko dut baina orain hala da.
Ni Twitterrera oso berandu sartu nintzen eta ez naiz oso nostalgikoa horrekin. Oso kritikoa nintzen Twitterrekin aurretik eta lan kontuengatik erabaki nuen egitea, eta kritikoa jarraitzen izaten naiz, baina nahiko garbi dut beti izan dela “gaizto”en esku eta haien interesendako. Hala ere, bai lehen baita orain ere, jende interesgarri asko dago gauza interesgarri (eta ez faxistak) egiten. Bai, Muskena orain lotsagarria da, baina lehen ere bazen oso, orain agerikoagoa da, baina lehen ere oso zen. Ultra eskuindarrak ez dira lehenbizikoz etorri twitterrera, bueltatu dira, eta Twitterrek bota bazituen ez zen gaizki iruditzen zitzaiolako (itzel etortzen zitzaien haiei), baizik eta iragarleentzat sare “atseginago” bat egitearren bota zituen, ez besterik. Niretzako orain egoteak, edo lehen egoteak oso ezberdintasun txikia suposatzen du. Berdin nire indarra Mastodonera pasatzeko probestu dut Elon olatua, ze duela asko nuen pendiente.
Nire aldetik gauza bi ditut garbi: prest nago Twitterren jartzen nuenak izan zezakeen oihartzunari uko egiteko, baina ez nago prest Twitterren jasotzen dudan ezagutza andanari uko egiteko. Etorkizunean aldatu daiteke eta aldatuko da segurunik, baina holaxe nago ni oraintxe. Nire kontua ez dut “zonbifikatu” baina retuit kontu bat bilakatu zait oraingoz… ea nora naraman gogoak, jakinik nire indarrak Mastodonen daudela.
Milesker hausnarketak elkarbanatzeagatik eta elkarrizketa sustatzeagatik :D
Eskerrik asko ekarpenagatik, Txo! Sekula ez da berandu!
Ados zurekin gauza gehienetan, eta beste txiki batzuetan puntualizazioak egingo nituzke: nik bai ikusi (nahi?) dut bilakaera moduko bat Twitterren eta sare sozialetan orokorrean. Talde txikietatik eta benetan komunikazio tresna gisa sortu ziren proiektuak megakorporazio bilakatu dira ‘venture capital’ delakoa barruan sartu denean, eta horrela iritsi gara puntu honetara. Musken aurrekoak ez ziren inongo aingerutxoak, hori argi dago, eta ni neurri batean ‘eskertuta’ nago Musk hain ahoberoa izateaz, lehen disimulatuagoa zena orain askoz ere argiago ikusten baita. Espero (nahi) dut horrek ondorio zuzenak izatea.
Nik aste hauetan, eta Muskek egunetik egunera botatzen dituenak entzunda, gero eta argiago daukat lehenago ala geroago Twitterretik aterako naizela. Kontua da irteera hori modu ordenatuan egitea, horretarako denbora hartu behar!
Esandakoa, mila esker ekarpenagatik!
[…] Txiokatu ala ez txiokatu; horixe da kontua […]