ApliakNabarmenak

Artxibo truke azkar eta erraza sare lokalean, Instashare erabiliz.

Hona aukera eder bat artxiboak gailu batetik bestera pasatzeko, sare bidez baina internetera atera beharrik gabe.
Artxibo truke azkar eta erraza sare lokalean, Instashare erabiliz. 7 - teknopata.eus
airdrop_save
Urliak artxibo bat bidali nahi dizu. Onartu?

Gustatu ala ez, originalak ala kopiatuak, badira ideia moloiak Appleren sistema eragileetan. Haietako bat AirDrop delakoa da: sistema bat artxiboak, kontaktuak, URLak eta abarrak erraz partekatu ahal izateko sare batera konektatuta dauden Mac, iPhone eta iPaden artean. Partekatu nahi duzuna ‘Airdrop’ ikurraren gainean bota, eta handik atoan jaso dezake besteak, klik bakar batekin.

Faena, noski, Applek oso ondo itxita duela bere ortua. AirDrop Mac eta iOS gailuen artean baino ez dabil. Zure ordenagailua Mac bat eta zure tableta Android-duna bada, adibidez, edo zure telefonoa iPhonea eta zure ordenagailua PC izanez gero, akabo festa. Edo zure gailu guztiak Apple izan arren, azken-azken belaunaldikoak ez badira ere, ez dabil.

Baina tira, badira gauza bera (bueno, edo antzekoa) egiteko beste modu batzuk. Duela gutxi deskubritu dudan bat erakutsiko dizuet, gustatuko zaizuelakoan. Instashare du izena, eta balio du artxiboak trukatzeko sare berera konektatuta dauden Windows PC, Mac, Android eta iOS gailuen artean.

Nola erabili

instashare-mac
Instashare menua, Mac batean

Lehenengo pausua softwarea instalatzea da, noski. Mac eta Windowsen, instaladoreak item berri bat sortuko digu menu barran. Artxibo bat bidali nahi dugunean, nahikoa dugu bidali beharrekoa ikur berri horren gainera botatzea, eta hantxe agertuko zaizkigu konpartitzeko erabilgarri dauden beste gailuak. Gure artxiboa gailu horietako zeinetara bidali nahi dugun aukeratu eta listo, hor joango da, airean, batetik bestera.

Argazki bat partekatzen Android telefonotik
Argazki bat partekatzen Android telefonotik

Androiden (iOSen ez dut probatu baina antzeko zeozer izango da), instalazioak item berri bat gehitzen dio ‘partekatu’ menuari. Horrela, Galeriatik argazki bat bidali nahi badugu gure ordenagailura, argazkia aukeratu, partekatzeko botoiari eman, eta hor agertuko zaigu Instashare, aukeren artean. Hortik aurrera ordenagailuan bezala funtzionatzen du: sarean zer beste gailu dauden erakutsiko digu aplikazioak, eta guk artxiboa zeinentzat den adieraztea besterik ez dugu.

Artxiboak jasotzeko, aplikazioa instalatuta izan behar dugu, noski. Ezartzen diogun segurtasun mailaren arabera, artxibo bakoitza jasotzeko banan-banan onartu beharko dugu, edo bestela, nahi izanez gero, gailu jakin batzuk konfiantzakotzat har ditzakegu, bidaltzen duten guztia automatikoki onartzeko.

Instashareren iOS bertsioa, artxibo bat jasotzeko baimena eskatzen
Instashareren iOS bertsioa, artxibo bat jasotzeko baimena eskatzen

Artxiboak ez ezik, gailuaren arbeleko edukia ere pasa daiteke Instashare bidez. Adibidez: ordenagailuan Word dokumentu baten testu zati bat aukeratu, kopiatu (CTRL-C), Instashare bidez tabletara pasatu, eta tabletatik idazten ari zaren email batean itsatsi. Oso-oso aukera interesgarria da, baina arriskutsua ere izan daiteke: xede-gailuko arbelean aurretik zegoen edukia galdu egiten baita Instasharekoa jasotzean.

Tira, oso software erabilgarria nire ustez, era bateko eta besteko trasteekin etengabe ibili ohi garenontzat ezin egokiagoa. Hori bai: ez da doakoa: zazpi eguneko probaldiaren ondoren, 3 euro pasatxo ordaindu beharko duzu erabili ahal izateko.

Probatu beraz eta, badakizu, gustatuz gero, kutxatik pasatu, jeje: hona deskargatzeko loturak:

 

Instashare: erabilgarritasuna, ondo ordainduta
  • Erabilgarritasuna - 100
  • Plataforma aniztasuna - 80
  • Erabilerraztasuna - 90
  • Interfazea - 80
  • Prezioa - 70
84

Teknopataren iritzia

Oso gomendagarria gailu batetik bestera salto-saltoka ibili behar dugunontzat.Aukera ona internet bidezko DropBox, Google Drive eta horrelakoen menpe ez egoteko, artxibo bat egongelako ordenagailutik poltsikoko telefonora pasatzeko ez dugu zerta Kaliforniatik pasarazi!!!
Ez da merkea, baina merezi du ordaintzea.
Perfektua izateko Linux bertsioa falta zaio.

Sending
User Review
0 (0 votes)
Comments Rating 0 (0 reviews)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Sending

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.