NabarmenakTeknopataren ajeak

PuntuEus Aitzindariekin flipatzen

Duela 8 urte sinistuko ez banuen ere, martxan daude jada PuntuEus domeinuak. Euskal Herriko 8. probintziako lehen kolonoak hasi dira iristen :)
PuntuEus Aitzindariekin flipatzen 7 - teknopata.eus
puntueusaitzindariak-BNR
Aurkezpeneko mahaian bildutako lagunen kopurua eta aniztasuna ere, harrigarria… eta emakumezkoen presentzia ere bai, baten batek Twitterren esan duenez!

Gogoan ditut oraindik 2006ko Euskal Herria 2.0 jardunaldi haiek. Unean konturatu ez arren, azken urteotan hainbat aldiz akordatu naiz han ikusi eta entzundako gauza askorekin. Ez daukat ahazteko nola liluratu ninduen Vicent Partalek egin zuen .cat sortzeko prozesu guztiaren azalpenak eta, batez ere, hark aipatu zituen alderdi batzuk ze etsipen, eszeptizismo eta inbidia puntua eman zidaten. Katalanen domeinua eskuratzeko eskuz idatzita ekarri nuen ezinbesteko baldintzen zerrendak utzi zidan zapore garratza: Diskrezioa? Alderdi, erakunde eta herri ekimenaren arteko elkarlana? Buuuuf, hitz potoloegiak iruditu zitzaizkidan orduan.

Zortzi urte geroago, patatekin jan behar izan dut orduko fede gutxi hura: PuntuEus Fundazioak diskrezio, elkarlan eta pazientzia dosi infinitoak erabili ditu bai, eta hari esker martxan ditugu lehen 92 puntueus domeinuak, haien artean denetik aurki daitekeela.

Poz-pozik itzuli naiz aurkezpen ekitalditik, nahiz eta -ze gordina den errealitatea batzuetan- arrebari kontatu diodanean, bere erantzuna bueno, bueno, no flipes tanto” izan den.

Baina bai: flipatzeko gogoz nabil. Poz handi bat edo beste tarteka hartzeko eskubidea ere izango dugu ezta? Utzidazue flipatzen beraz: euskal domeinuaren kontu hau pausu txiki baina handi horietakoa iruditzen zait niri, pozgarria arrazoi asko eta askorengatik.

Sekula ezin izango dugu nahikoa eskertu PuntuEus Fundazioak honaino iristeko egin duen lana. Haiei esker, euskal komunitateak badu bere leku propioa interneten. Amaitu da ‘euskal komunitatea txikia da’ mantra. Jende gehiago ala gutxiago izango du, baina orain inoiz baino globalagoak gara. Goierriko Rugby Taldea, Renoko Euskal Etxea edo Benidormeko Euskal Jubilatuen elkartea izan, denak izan daitezke puntu eus, euskara eta euskal kultura aintzat hartuz gero. Espainiako Felipe II.aren erreinuan bezalaxe, Euskal Komunitatearen lurraldean ere, eguzkia ez da sekula sartzen, munduko edozein bazterreko edonor izan daiteke partaide. Ea horrek dakarren erantzukizuna ere ondo kudeatzen asmatzen dugun ;)

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.