Abuztuan kontatu nizuen HTC HERO telefono bat erosi nuela orduan, bide estraofizialetatik erosi ere: Orangerekiko kontratua zuen lagun bati erosi, jaso bezain pronto ‘askatu’ eta Simyorekin erabiltzea zen asmoa: deietan aurrezten dudanarekin terminalean ‘inbertitzea’, nolabait esateko. Eta halaxe egin nuen: gailua jaso, segituan askatu, eta ‘bere’ operadorea ez den beste batekin erabiltzen dut.
Arazoa, ai!, oraintxe etorri da, telefonoa matxuratu egin denean. Halako batean, pantailaren beheko parteko zentimetro bateko zabalera duen zati batek utzi dio ukimenari erantzuteari, eta beraz erabilgaitza da segapotoa, besteak beste idazteko duen teklatu birtuala ez baitago erabiltzerik. Printzipioz ez litzateke arazo berezirik egon behar: terminalak urtebete baino gutxiago du, eta saltzaileak jatorrizko faktura pasa zidan. Baina, ai!
- HTCren zerbitzu teknikoak paso egiten du: terminala Orange saldutakoa denez, zerbitzu teknikoa Orangek eman behar duela dio.
- Orangek, berriz, terminala askatzean garantia ere galtzen dela dio. Halaxe agertzen da bere kontratuetan. Garantiarik gabe nago beraz, eta ordainduta ere ezin omen didate konpondu, zerbitzu teknikoak konponketa egiteko Orangeren zenbaki bat behar baitu.
Bai, badakit erantzun horiek legez kanpo egotetik oso hurbil daudela, baina enfin, ez daukat ez astirik eta ez gogorik batarekin eta bestearekin borrokan ibiltzeko, eta konponketa bide alternatiboren baten bila ibili naiz.
Halako batean, 3GSat izeneko sare bidezko zerbitzu tekniko bat aurkitu dut (Ez, hau ez da patrozinatutako mezua!). Aldez aurretik prestatutako paketeak dituzte, matxurarik ohikoenak konpontzeko, eta bestela aurrekontu pertsonalizatuak ere eska daitezke. Terminala bidali, haien teknikoek aztertu, eta aurrekontua bidaltzen dute. Onartuz gero, ordaindu eta berehala egiten dute konponketa. bestela, 8 euro inguru ordaindu behar dira aurrekontua egiteko gastuengatik.
Nire matxura estandarren artean ez badago ere, mezutxoa bidali nien 3GSatekoei, Heroaren digitalizadorea aldatzeak zenbateko kostua lukeen galdetuz. 80 euro inguruko aurrekontua eman didate eta aurrera egitea erabaki dut. Beste 20 euroren truke, atez ateko garraio zerbitzua ere eskaintzen dute: mezulari bat bidali didate etxera telefonoa jaso eta Malagara bidaltzeko, han baitu egoitza enpresak. Konponketa egindakoan, mezulari berberak etxean utziko dit telefonoa.
Astebete darama telefonoak tailerrean, konponketa konplikatu egin delako: digitalizadorea aldatu baina ez zuen batere funtzionatzen, eta HTCk azaldu omen die Orangeren Heroek digitalizadore modelo propioa erabiltzen dutela. Horrelako bat eskatu dute eta zain omen daude. Galdetu arte ez didate esan zergatik egon diren astebetez seinalerik eman gabe, baina bestela berehala erantzun dute eta informazio asko emanez gainera.
Ikusiko dugu zelan bukatzen den istoriotxoa… momentuz pentsatu dut beharbada erreferentzia interesgarria izan liteke zuotako baten batek inoiz antzeko arazorik izanez gero.
Iepa, zure sarreran esaldi hau agertzen da:
“Bai, badakit erantzun horiek legez kanpo egotetik oso hurbil daudela, baina enfin, ez daukat ez astirik eta ez gogorik batarekin eta bestearekin borrokan ibiltzeko”
Zergatik esaten duzu legez kanpo daudela erantzunak? Mugikorra askatzean garantia ezabatzen dela jakina da, eta normala iruditzen zait Orangek eskuak garbitzea asunto honetan.
Beharbada gauizki ulertu dut esan nahi zenuena…
Bestela, oso sarrera interesgarria, inoiz ez dakizu noiz behar izan dezakezun horrelako zerbitzu bat.
Epa Markel! Bueno, lehenengo eta behin, eskerrik asko mezua uzteagatik, eta loreengatik be bai!
Eta bigarrenik, ez, ez duzu txarto ulertu. Esan nahi dudana da azal gogorra behar dela hardware akatsa duen aparailu bat saldu eta eskuak garbitzeko, software aldaketa bat egin zaion aitzakiarekin.
Ez da bidezkoa, eta legezkoa den ere zalantza handiak ditut. Kontsumo legeak dio saltzaileak gutxienez bi urteko garantia ematera behartuta dagoela (edo bestela esanda, erosleak bi urteko garantia izateko eskubidea duela). Kasu honetan, kontua korapilatzen da Orangeren kontratuak duen klausulagatik, esanez garantia baliogabetzen dela telefonoa liberatuz gero. Bidezkoa iruditzen zait hori Orangeren zerbitzuaz hitz egingo bagenu, baina kontua hemen beste bat da: Orangek gailu akastun bat saldu duela, alegia, eta ez dela salmenta horren erantzule egiten liberazioaren aitzakiaz. Kontratuan hala azalduta agertzen bada ere, ez da lehen aldia horrelaketan legez kanpoko klausulak agertzen direna, bereziki telefonia zerbitzuen munduan.
Baina hori, ez dudala gogorik ezta denborarik ere horrelako putzuetan sartzeko… eta gainera, tira, banekien hau gertatu zitekeenik telefonoa erosi nuenean…
Bide batez… ia-ia bi aste pasatu dira eta nire Heroa hor zehar dabil oraindik :/
Aupa, Joxe:
Eskerrik asko informazio hau gurekin konpartitzeagatik. Dakizun bezala, nire HTC Herok bi aste baino ez ditu eta, oraindik, egokitzen ari gara biak (telefonoa eta erabiltzailea).
Interesgarria jakitea Malagako enpresa horrena. Ea konpontzen dizuten telefonoa behintzat.
Segi ondo.
[…] kontatu nizuenez, nire HTC Hero gaixoa medikutan bidali behar izan dut egunotan, ukimen pantailak sentsibilitatea galtzen hasi ostean. 3GSat online bidezko zerbitzu […]