Trepetak

Oinetarako masaje makinaren kasua

masaje hilgarria
Shape-up Roller 2, masaje makina inozoa (itxuraz)

Iluntzeko zortziak dira. Egun luze bezain gogorra izan du Fukikok, gure protagonistak. Laneko neke eta presio guztia, beti bezala, lepoaldean pilatu zaio. Minduta du, oso minduta, alboetara begiratzea ere mingarri suertatzen zaio.

Etxera iritsi da, beti bezala, zapatak kendu eta egongelara sartu da. Eta hantxe ikusi du, bazter batean: senarrak aurrekoan oparitutako makina, oinetan masajeak ematekoa.

Argitxo bat piztu zaio emakumeari: makinari kanpoko ohiala kendu (oinetan ibilia baitzuten), piztu eta lepoaldean jarri du, ahal izan duen moduan, bertako tentsioa baretzeko asmoz.

Interruptoreari eragin dio. Makina piztu eta berehala hasi dira bueltaka normalean ohialaren barruan egoten diren bi zilindroak. Halako batean, zilindroetako batek gure lagunaren lepoko ederra harrapatu, eta haren lepoaren inguruan estutzen hasi da, gero eta gogorrago. Gero eta estuago. Gero eta hilgarriago.

Yoshi, senarra, ordubete geroago iritsi da etxera. Egun gogorra berak ere. Zapatak erantzi, egongelara sartu eta hantxe aurkitu du emaztea: lurrean zerraldo, aurpegia more eta begiak odoletan. Masajista elektrikoak hil du, ohiala ez kentzeko eta oinetan soilik erabiltzeko abisuari kasurik ez egiteagatik. Beste hiru lagun hil dira Japonian horrela azken egunotan.

[youtube:http://www.youtube.com/watch?v=jzRogCk4uKM]

RTFM, esaten dute ingelesez, Read The Fucking Manual. Bistan da gure protagonistak ez zuela egin. Horregatik, batzuek uste dute istripuaren errua makinaren egileena dela. Beste askok, ordea, istripua baino, Darwinismoa dela esaten dute: selekzio naturala, hain zuzen ere.

Eta zuk, zer uste duzu?

Via: Japanprobe
  • […] hau aspaldi-aspalditik irakurtzen duzuenok (halakorik bada) gogoan izango duzue oinetarako masajeadore elektrikoaren kasua: Japonian halako gailu bat merkatutik erretiratu behar izan zuten 2008an, oinetan baino lepoa […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.