Jopetas! Lehengoan konturatu nintzen uztailean 15 urte egin dituela blog honek. HAMABOST! Bada denboratxoa, eh? Tarte honetan 848 sarrera idatzi ditut (bueno, 849, hau kontatuta). Blogeko ikustaldi kontagailuaren arabera, horietatik guztietatik hauek izan dira arrakastatsuenak:
zazpi@2007
2007ko abenduan, blog hau ireki eta hilabete gutxi batzuetara, ‘errebelazio bat’ izan nuen, eta martxan jarri urte hartan interneteko euskal esferak sortutako zazpi ekimenik onenak. Zoritxarrez, arazoak izan ditut urte hartan eta ondorengo beste batzuetan ere denon artean burutu genuen aukeraketa horren webguneko datubasearekin, eta informazioa galduta dago betiko. Baina denboraz begiratuta uste dut ideia polita izan zela… eta beste garai batzuetako adierazgarria ere bai. Konturatu zarete nola pasatu garen konturatu gabe gure web app eta zerbitzuak guk geuk sortzetik guzti-guztia ditxosozko sare sozialen bidez bideratzera? Archive.org web zoragarrian begiratzen baduzue, saritzeko hautagaien zerrenda, irakurleek eurek proposatutakoa, ikusi ahalko duzue. Ez al da harrigarria haren luzera?
Lo-lapurrak
Lehenengo horren tarte handi batera, bigarren edukirik ikusiena -beti ere WordPresseko WP-PostViews pluginaren arabera, ez dakit nik informazioa oso fidagarria den- gailuek gure loaldian izaten duten eragin negatiboaren inguruko artikulutxo hau da, 2011koa. Inkesta txiki bat ere bazeraman artikuluak. Inkesta horren arabera (12 erantzun baino ez zituen jaso! XD), gehien-gehienok mesanotxera eramaten dugu gure telefono, tablet edota liburu elektronikoa.
Google Keyboard euskaraz
2014ko uztailean komentatu genuen Googlek Androiderako ateratako teklatuaren azken bertsioak euskara ere bazuela aukerako hizkuntzen artean. Sarrera horrek ere egundoko arrakasta izan omen du.
Xuxen macOS sisteman
2011ko azaroan, sarreratxo bat idatzi nuen Xuxen euskarazko zuzentzaile ortografikoa Mac ordenagailuetan nola instalatu azalduz. Artikulua birritan eguneratu nuen, 2015eko azaroan eta 2016ko apirilean, eta instalatzaile automatiko bat ere sortu nuen, sistemako artxiboekin borrokan eroso sentitzen ez zaretenontzat. Gaur egun ere, horixe da blogeko edukirik bisitatuena zalantzarik gabe (besteak beste, Xuxenen webgune ofizialean lotura agertzen delako). Norbaitek gogorarazi diezadala, mesedez, gainbegiratu behar ditudala bai jarraibideak eta bai instalatzailea bera ere, egiaztatzeko macOS azken bertsioekin ondo ote dabilen!
Europako Batzordea eta Gauzen internet
Boskote honetako azken osagaia 2012ko apirileko albiste bat da: Europako Batzordea ‘Gauzen Internet’ delakoa arautzen hasi zenekoa. Sarreran bazegoen ETBko Nick dut Nik saioan Gorka Julio handiari egindako elkarrizketa bat ere txertatua… baina zer diren sareak, eduki horiek gehienak betiko galdu dira, malkoak euritan nola.
Enfin, uste dut nahiko nostalgia dela gaurkoz. Urteurrenaren aitzakian beharbada aitzakia ona topatuko dut hurrengo egun edo asteotan gogoeta bat edo beste argitaratzeko hemen. Ea blog gaixoa apur bat biziberritzea lortzen dudan!
Zorionak Joxe!