Badirudi euskarazko urteko hitza klima-aldaketa dela, UZEI eta Euskaltzaindiaren arabera. Aukeraketa ulertu nezake, noski, baina, zer nahi duzue esatea: ez nago ados. Lehenengo eta behin gorroto ditudalako marratxoaz idatzi behar diren hitzak, ez zaizkit benetakoak iruditzen. Eta bigarrenik, hau teknologiari buruzko bloga delako. Klima-aldaketak eragina du teknologian, noski, baina bada beste hitz eta kontzeptu bat, 2024an oso azkar hedatu dena behinola teknozale izandakoon artean. Nik ere Australiako Macquarie Hiztegiarekin bat egingo dut beraz, eta esango dut hauxe dela urteko hitza:
kakaztea
![2024ko hitza: kakaztea! 14 - teknopata.eus Joxe Rojas hitzaldi bat ematen EHUko 2024ko Uda Ikastaroetan. Pantailan letra handiekin: KAKAZTEA](https://teknopata.eus/wp-content/uploads/2024/12/IMG_20241230_192529_656-1024x575.jpg)
Kakazte hori, ingelesez enshittification, degradazio prozesu bat da, batez ere interneteko zerbitzu eta produktuetan, baina esango nuke hortik kanpo ere gero eta hedatuago dagoena. Turbokapitalismoaren logikak bultzatuta, erabiltzaileen mesedetan diseinatutako produktu eta zerbitzuak iragarleen mesedetan eraldatzen joan dira, erabiltzaileen beharren kontra bada ere, eta fase horretatik harago, zerbitzua eskaintzen duten enpresetako inbertsoreen mesedetan, azkenean bai iragarleen eta bai erabiltzaileen kaltetan, dirua pilatzeko helburu bakarrarekin. Kontzeptua Cory Doctorow pentsalari kanadiarrak garatu du, eta haren azalpen xeheak euskaraz ekarri nizkizuen urte hasiera aldera, hiru ataletan banatuta:
Kakaztea eta internet apurtua
Kakazte prozesu horren ondorioz, asko hitz egiten da internet apurtuaz ere. Bilatzaileek dagoeneko ez dute bilatzen, komunikatzeko ziren sare sozialek ya ez dute balio horretarako, “adimen artifizial” noranahikoak gero eta kutsatuago dauka berez pertsonen artean komunikatzeko sarea zena… 2024an, prozesu horren hedapena hain argia izan da ezen honezkero jende gutxi izango da argi eta garbi ikusten ez duena. Horrek ere alde positiboa baduela pentsatu nahi nuke: kontua hain argia baldin bada, errazagoa izango da denok ere urratsak egitea kakazte horren aurka.
Blogean ikusiena 2024an
Eta gainontzekoan, bueno, urte bitxia izan da blogean. Itxura aldaketa handi samarra egin nion martxoa aldera eta egunaren arabera oso pozik edo oso damututa nago horrekin. Estatistikei begiratuta, bestalde, badirudi eduki arin eta praktikoak nahiago dituzuela, hauek izan dira aurten ikustaldi gehien izan dituzten bost edukiak:
- Korrika Top 23 Korrikako kantarik gogokoena aukeratzeko bozketa, eta @arkkusorekin egindako emaitzen errepasoa izan dira edukirik ikusienak 2024an
- Bigarrena, berriz, proportzio berean harritzen eta mintzen nauen eduki bat da: 2015eko apirilean dagoeneko existitzen ez den euskal izenen inguruko aplikazio baten inguruko sarrera bat da. Googlen ondo kokatuta egongo da edo ez dakit, baina bisita mordoa jasotzen du oraindik sarrera zahar horrek!
- Hemen ere praktikotasuna nagusi: Xuxen zuzentzailea macOS sisteman instalatzeko jarraibideak.
- Gogoeta eta irakurketa luzeak nahiko beheran geratu dira zerrendan. Kakaztearen inguruko ‘trilogiaren’ lehen artikulua da urteko ikusienen laugarren postuko ‘biztanlea’.
- Zerrenda ixteko, arlo kulturetak ere badu tiradizoa. Urriko ‘Sormenean hezi, kulturan bizi’ jardunaldietan entzundako galdera batek hainbat gogoeta piztu zizkidan, eta horiek ere izan dute arrakasta irakurleon artean. (Euskal) kulturgileek zertarako behar dituzte hedabideak, Instagram eta TikTok baldin badute?
Enfin, gutxienez garai batean galdutako martxa hartu diot berriz blogari (35 sarrera urtebetean, ez dago txarto!). Esperimentu teknikoak ere egin ditut, fedibertsoarekin lotu eta lanerako eta abarretarako ideiak hartu… enfin, ea 2025a ere zer moduz datorren, eta ea hori ere elkarrekin pasatzen dugun! Mila-mila esker nire txapak aguantatzeagatik!