Twitterren, edo Linkedinen, edo nonbait ikusi dut gaur iragarpena: Googlek ofizialki berpiztu du Google News zerbitzua Espainian, 8 bat urteren ostean, ez dakit zer lege aldaketa tarteko. Googleren blog ofizialean ere azaldu dute kontua, hainbat azalpen gehituz.
Googlek dio zerbitzua webgunearen bidez atzitu ahalko dela eta, laster, nola ez, baita sakelako aplikazio baten bidez. Eta hedabide gehienok egunotan papagaitxuen moduan errepikatuko dituzten/ditugun mantrak, hala nola, Google Newsek lagunduko diola jendeari informazio iturri fidagarriak edota tokian tokiko informazioa aurkitzen.
Jopetas, hau da pagotxa! pentsatu dut, eta segituan joan naiz tokian tokiko informazio fidagarriaren paradisua probatzera. Esperantza ezkutu batekin: nire sakelakoan bezalaxe, Google kontu berbera erabiliz, antzeko albiste eta iturriak aurkituko nituela. Euskarazko mordo bat, alegia, eta erdarazko beste batzuk. Baina honekin egin dut topo:
Eta orduan hasi naiz Youtubeko Berritxu papagaitxu donostiar horren moduan: egon laaasai, ez da ezer pasaaatzen, ez urdurituuuu. Berrikusiko dut konfigurazioa, ea Googleren beste zerbitzu askotan bezala, defektuz gazteleraz baino gero eskuz euskaraz jartzeko. Aber ba! Bilatu dut hor goian eskumatara dagoen ‘Idioma y region’ ataleko aukeretan, baina ez euskara, ez vasco eta ez ezer (katalana ere ez, bide batez, kontsolamendua baldin bada).
Bueeeno, hala ere, lasai! Bilatzeko kutxan irakur daitekeenez, ‘gaiak, kokalekuak eta iturriak’ bilatu daitezke norbere jariora gehitzeko. Nire eskualdeko Geuria.eus komunikabidea gehituko dut, adibidez, eta listo. Emaitza: erdarazko albiste karrokada bat, Athleticen hauteskundeen inguruan.
Tira, Joxe, beharbada Geuria txikiegia da eta oraindik ez du harrapatu! Baaale, ba, Berriarekin saiatuko naiz, hori gutxienez harrapatuko du!
Halakoxe nekeza da euskaldun izatea, laguntxook. Ikus-entzunezko plataformetako presentzian egindako aurrerapausotxoekin, eta adimen artifizialaren gaian irekitzen diren aukerekin apur bat pozteko zirrikitua bagenuela uste genuenean, han dator publiko orokorrarentzat informazio hornitzaile handiena-edo izango dena, bere bilatzaile arruntean ondo azaltzen diren euskarazko komunikabideak albisteei eskainitako zerbitzutik propio ezabatzeko erabakiarekin.
Eta, zer nahi duzue esatea, niri neuri tragedia itzela iruditzen zait, egin ahal zaizkion ñabardura eta puntualizazio guztiekin bada ere…
[…] adibidea uztailean ekarri nizuen, eta hortxe jarraitzen du, berdin-berdin. Googlek erabaki zuen duela urte batzuk Espainiako […]