Interneten saltseatzeko edozein nabigatzaile erabiltzen duzula ere, azken bertsioetan behintzat gehienek dute oso funtzio erabilgarri bat: ‘reader mode’ edo irakurtzeko modua. Batez ere pantaila txikietarako pentsatutako modu horrek ikusten ari zaren webguneko elementu grafiko gehienak desagerrarazi eta testu soileko bertsio bat aurkezten dizu, erraz, argi eta distrakziorik gabe irakurtzeko modukoa.
Oso funtzio interesgarria da, batez ere webgunea sakelakotik irakurtzen ari zarenerako. Baina baita pantaila handian ere, publizitatea, irudiak, gif animatuak eta abarrak tartetik kendu eta testuan kontzentratu ahal izateko. Artikulu luzeetarako behintzat, esango nuke ezinbestekoa dela.
Modu hori sekula probatu ez baduzu, emaiozu aukeratxo bat, eta ikusiko duzu ze azkar egiten zaren fan. Normalean oso erraza da erabiltzen: nahiko da helbide barran edo ondoan agertzen den testu orri baten tankerako ikurrari sakatzea, magia gertatzeko.
Funtzio horren zaleak baldin badira, gomendiotxo bat egin behar dizuet: Pocket aplikazioa. Sakelako aplikazioa eta ordenagailuko nabigatzaileetarako gehigarria ere bada (Firefoxen berez dator integratuta). Nabigatzailean instalatua baldin baduzu, webgunea irakurtzeko modu horretan erakusteaz gain, zure bilduman gordetzeko aukera ere ematen dizu, etiketak gehituz, gainera, ordenatuta mantendu ahal izateko. Bilduma hori aplikaziotik kontsulta dezakezu telefonoan, edo webgunetik beste edozein gailutan. Egia esan, ez da aplikazio berria, eta pentsatzen dut askok ezagutuko duzuela honezkero. Baina tira, badaezpada ere…
Derrigor inprimatu behar baduzu…
Baina, natorren harira… irakurle modua eta bilduma pertsonalak gorabehera, batzuetan ez da geratzen beste erremediorik, webean topatu dugun artikulua paperean inprimatzea baino. Hori nabigatzailetik ere egin daiteke, noski, baina gehienetan emaitzak ez dira oso-oso txukunak: formatu arazoak, paginazio arazoak, letra tipoak, irudiak lekuz kanpo…
Bada, gaur aurkeztu nahi dizuedan web aplikazioa oso lagungarri suertatuko zaizue halakoetarako: SimplePrint du izena, eta webgune bateko artikuluen bertsio inprimagarri txukunak egiteko balio du. Irudi guzti-guztiak kendu, testuaren formatua txukundu, orriaren tamainara egokitu (DIN A4, DIN A5 eta AEBetako ‘Gutuna’ tamainak onartzen ditu), eta PDF sinple bat sortzen du, deskargatu eta erraz inprima daitekeena.
Egia esan, ezin da askoz gauza gehiago esan aplikazioari buruz, benetan sinplea (baina eraginkorra) baita… Baina enfin, gorde zure gogokoetan, egunen batean baliteke-eta erabilgarri suertatzea!
Eta zuk zer diozu? Sarritan inprimatu behar izaten dituzu webguneetako artikuluak? Errazago irakurtzeko bestelako trikimailurik ezagutzen duzu? Kontatu, kontatu! :-)