Egun batzuk barru dator blog honen 10. urteurrena, eta hasi da bat artxibo zaharrak bilatzen, horren inguruan zerbait idazteko, edo grabatzeko, edo enfin, egiteko…
Eta, hara non agertu den “joxerenwebgunea.zip” konprimitu bat. Deskonprimitu, zerbitzarian jarri eta, buatxaal, hortxe izkinatxo batean datu hunkigarri bezain negargarria: nik egindako webgune bati bisita zenbagailua jarri nioneko lehenengo eguna. Gaurko eguna! Uztailaren 6a! Baina, e, zer urtekoa uste duzue? Ez 2005ekoa, ez 2000koa… 1997koa, haisuek! O.o
Duela HOGEI urtekoa! o.O Eta memoriak kale egiten ez badit, kontagailu hura aktibatu nuenerako, bazen denbora bat HTML kodea, javascript fitxeroekin eta Claris HomePage izeneko web editore batekin pinitoak egiten nenbilela.
Eta, pues hori, bat-batean, super-zaharra sentitzen da bat. Eta konturatzen da noooooola aldatu diren gauzak, eta zeeenbat denbora pasatu den harez geroztik. Eta oso zaila egiten da onartzea, e?
Pentsa, 1997ko uztailean oraindik…
- LAU URTE falta ziren Sustatu sortzeko.
- Google bera jaiotzeko ere, urtebete. Bilaketak Yahoo, DMOZ, Excite eta halakoetan egiten genituen. Eta Olé, Ozú, Terra, eta antzeko beste batzuk ere ari ziren, bilaketen esparruan lekutxoa egiteko lehian
- ADSL konexioak bi urte geroago iritsiko ziren, 1999ko irailean.
- Euskaltel bera ere hurrengo urtean hasiko zen zerbitzua ematen, 1998ko urtarrilean.
- Apple maldan behera zihoan, eta hiru hilabete falta ziren oraindik Steve Jobs hara bueltatzeko.
Enfin, aurkitutako ZIP artxibo horretan, nire lehen webgune hartako 1997ko abenduko bertsioa dago gordeta. Oker ez banabil, Urte hartako ARGIAren urtekarian ere aipatzen zen. Ikusiko duzuenez, edukia oso sinplea zen, bi zutabe nagusitan banatuta: nire gogoeta pertsonalak (eta garai hartako maczaletasun porrokatua), eta AIZU! aldizkariaren ‘edizio digital’ kaxero-kaxeroo bat… Saltseatu nahi baduzue, hortxe (garai hartako jatorrizko erresoluzioaz, 640 pixeleko zabaleraz!):
20 urte… eta aurrehistoria ematen du, Joxe :-)
Edo historiaurrea, auskalo
Jajaja, bai, hala da, Iñaki! Bide batez, ez nago zurekin ahaztuta, e? Aipamentxo bat behintzat egingo dizut egun hauetako batean…! 😂