Esaldiz esaldi eta odolez sinatuko nukeen azalpen labur eta argi baten ondoren, Erresuma Batuko The Guardian egunkariak Xn zituen 80 kontuak erabiltzeari utzi dio, hedabideak berak dioenez 27 milioi inguru jarraitzaileri uko eginez.
The Guardianek azaldu duenez, behinola Twitter gisa ezagutu genuen platafora erabiltzearen alderdi negatiboek “aspaldi gainditu zituzten abantailak” eta, besteak beste, eduki kezkagarria, ultraeskuineko konspirazio teoriak eta arrazakeria aipatu ditu. The Guardianek dio Xk Estatu Batuetako hauteskunde kanpainari egindako jarraipenak bertatik ateratzeko erabakia ‘kristalizatu’ duela.
Kontuak kontu, momentuz honela utzi du The Guardianek Xrekiko harremana:
- Hedabideak ez du gehiago publikatuko bertan zabalik dituen kontuetan
- Irakurleei aukera emango die egunkariko edukia Xn partekatzen jarraitzeko. Hori bai: TheGuardianen webguneko partekatze botoiak albisteen URLa kopiatuko du ordenagailutik erabiliz gero, eta telefonoko partekatze menua irekiko du sakelakoetan. Jadanik ez dute erabiltzen sare sozialek eurek hornitutako partekatze botoi edo kodeak, sareek erabiltzaileen jarraipena egiteko erabiltzen baitituzte.
- Erredaktoreek aukera izango dute X iturri gisa erabiltzen jarraitzeko eta noizean behin bertako mezuak euren edukietan txertatzeko. Kontu korporatiboak erretiratu egingo dituzte, baina kazetariei ez diete mugarik jarri momentuz, X erabiltzeko orduan.
The Guardianek gogorarazi duenez, joan den urtean Estatu Batuetako NPR irabazi asmorik gabeko irrati katea Xtik erretiratu zen, eta PBS telebista kate publikoak ere berdin egin zuen. Duela egun batzuk, Berlingo zinema festibalak ere berdin egin du, eta berdin egin dute Norvegiako eta Galeseko poliziek, behinola Twitter izandakoaren ildo editorial berria zerbitzu publikoarekin bateraezina delakoan.
The Guardianena erabaki ausarta eta eredugarria da, RAP elkarteak proposatutako hiru neurrietatik harago ere baitoa. Pertsonalki, benetan espero dut laster beste hedabide multzo handi batek bide bera hartzeko behar zen bultzadatxoa izatea.
@teknopata Albiste onak! La Vanguardiak ere bide berbera hartu du: https://www.lavanguardia.com/vida/20241114/10105193/vanguardia-dejara-publicar-x-convertido-red-desinformacion.html
@teknopata Eta Goienak ere bai! https://goiena.eus/debagoiena/1731659817274-x-sare-sozialetik-irtetea-erabaki-du-goienak