Bertigo handia ematen dit inork ni zerbaitetan ‘aditu’ deitzeak, baina EMUNeko lagunak horretan tematu dira, eta egunotan abiatu duten hausnarketan parte hartzeko gonbite-eskaria luzatu didate. Enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gainean hausnartzen ari dira Emunen, eta datozen asteotan saltsa hauetan mugitzen garen hainbat laguni eskatu digute gure ekarpentxoak egiteko.
Galdera zehatza ere proposatu didate, gaia apur bat zentratzeko:
Gure erakunde edo enpresa sare sozialetan badago, zenbat kontu erabili? Bakarra bi hizkuntzatan? Bat hizkuntza bakoitzeko?
Zintzotasun osoz erantzungo dut, etxeko flexoaren argipean jarduteak ematen duen patxada horretatik: ideiarik ere ez. Ez dut uste galdera horrek erantzun bakarra izan dezakeenik. Esango nuke faktore asko hartu behar direla kontuan, eta horien arabera izango dela egokiagoa erantzun bat ala bestea. Erantzuna baino, beraz, galdera gehiago bururatzen zaizkit, zirt ala zart egin erabakitzen lagundu ahal digutenak.
Koherentzia kontuak
Sare sozialetan sartu aurretik ere, gure erakundeak hizkuntz irizpide batzuk izango ditu zehaztuta: zer hizkuntzari ematen diogun lehentasuna, laneko hizkuntza zein dugun, kanpo komunikazioan nola jokatu… Sare sozialetan (erakunde gisa) dugun jardunak horrekin bat etorri behar du, finean erakundearen komunikaziorako beste kanal bat baino ez da.
Normalean euskaraz komunikatzen gara egoerak bestela eskatu ezean? Sarean ere halaxe ibiltzea komenigarriena orduan. Bezero edo interlokutorearen arabera jokatzen dugu? Jokaera hori sare sozialetara nola ‘itzuli’ aztertzen jarri beharko gara. Horren inguruan ez dugula batere gogoetarik/erabakirik inoiz egin? Tira ba, aitzakia ezin egokiagoa dugu hau zer hizkuntz jokaera dugun, horrek zer eragin duen, eta ‘arautu’ nahi dugun hausnartzeko.
Abiapuntu moduan, proposamen bat irakurri nion aurrekoan Joseba Kamiori, eztabaidatzen hasteko primerakoa iruditu zitzaidana. Josebak berak aipatzen duen graduazioa ezartzeko eztabaida oso interesgarria izan daitekeela iruditzen zait.
Nolako jarraitzaileak (nahi) dituzu?
Komunikazio kontuetan, sarritan entzuten da hartzailearen arabera jokatu behar dela. Gure mezua harengana iristea nahi dugu, eta horrek, noski, gure jarduna baldintzatzen du. Irizpide horretan soilik oinarrituta, honek guztia konponbide erraza du, noski: erdara hutsez aritu eta akabo problemak, euskaldun guztiak erdaldunak ere garenez gero.
Baina honaino iritsi bazara, zuk edo zeure erakundeak hizkuntzarekiko neurri bateko ala besteko konpromisoa ere baduzue, eta konpromiso horrek ere gure komunikazio jarduna baldintzatzen du. Esaten dugunaz gain, nola esaten dugun ere oso garrantzitsua da. Gure mezuak gaztelera hutsez, elebiz ala euskaraz soilik eman, oso ideia ezberdinak zabalduko dituzte edukian bertan azaltzen dugunaz gain. Hizkuntza aukerak berak irudi bat zabalduko du gure jarraitzaileen artean, gutaz zein haiekin izan nahi dugun harremanaz.
Irizpide orokor gisa, euskara soilik erabili ahal den guztietan horren aldeko apustua gomendatuko nuke. Ikasleentzako papergintza materiala saltzen duen enpresa bat bagara, egintzat jo dezakegu gure publiko horrek euskaraz jakingo duela; bai gutxienez twitter bidez eman daitezkeen mezu laburrak ulertzeko beste. Edozein kasutan ere, sare sozialek daukaten abantailarik handienetakoa feedback erraz eta berehalakoa da. Azkar jakingo dugu euskara hutsezko jardunak arazo bat sortu ahal digun, eta arazo hori larria den ala ez.
Nolako mezuak zabalduko dituzu?
Baina jo dezagun erdaraz ere aritzea beste erremediorik ez dugula. Gure xede taldean ez-euskaldunek pisu handia dutelako, Euskal Herritik kanpoko merkatuan ere badihardugulako… Josebak hizkuntza bakoitzak bere kontua izatea proposatzen du, eta komunikazio hutsezko irizpide batetik ikusita erabat lojikoa iruditzen zait: zertarako ‘zikindu’ jarraitzaile ez-euskaldunaren pantaila ulertuko ez dituen euskarazko mezuekin? Edo zertarako bidali euskaldunari mezuak bi hizkuntzatan errepikatuta? Onena eta ‘garbiena’ hizkuntza bakoitzak bere kanala izatea…
Baina planteamendu horretan euskararekiko konpromisoaren aldagaia txertatuz gero, beharbada garbitasun apur bat sakrifikatu dezakegu beste hainbat konturen izenean. Esan nahi dut: sare sozialetan dugun jarduna oso zabala ez bada (egunean bizpahiru mezu gehi, noski, iristen zaizkigun mezuei erantzutea), euskara eta erdara kontu bakar batean uztartzeak ikusgarritasuna ematen dio euskarari. Erdaldunak euskaraz ere mugitzen garela ikusiko du, eta beste jende batek ere gurekin euskaraz jarduten duela. Eta ondo ezagutzen ez gaituen euskaldunak ere euskaldun gisa identifikatuko gaitu, nahiz eta, beharbada, ordura arte gurekin erdaraz aritu den. Zentzu horretan, hizkuntza bakoitzak bere kontu propioa izateak bi hiztun-komunitateen arteko mugak indartzea dakar.
Horrek bere mugak ditu, noski: informazioa asko sortzen badugu eta sare sozialetan mezuak ordu erdirik behin zabaldu behar baditugu etengabe, argi dago bikoizten ibiltzeak kalte baino ez digula egingo. Horrelako kasuetan hizkuntzak banatzea lagungarri gerta daiteke.
Oharrak
Orain arte idatzitakoa gainbegiratu ondoren, kontu bakarraren alde egingo nuke oro har, egingarria eta arrazoizkoa den kasu guztietan (mezu kopuru ez oso handia, publikoaren zati handi bat euskaldun ‘pasiboa’ behintzat…), eta horretarako aukera minimoa ikusiz gero, euskara hutsez gainera. Berriz ere diot: Twitter bezalako sare batean sar daitezkeen mezuak ulertzeko ez da euskal filologia behar normalean; eta Facebook eta enparauetan, gure mezua ulergarriago egiteko irudiak eta bestelako makuluak erabil ditzakegu…
Kontu bakar horretan, gainera…
- mezuak lehendabizi euskaraz sartuko ditugu
- euskarazkoak eta gaztelerazkoak mezu banatan, ez biak mezu berean sartuta
- Google Plusen, esaterako, mezuak zirkuluka banatzeko aukera aprobetxatu ahal dugu euskarazkoak eta erdarazkoak publiko ezberdinetara zabaltzeko
- garrantzitsuena irudi, bideo edo doinu bat denean, aukera baldin badago euskarazko testu bakar batekin moldatu. “Hona gure etxe berria”, “Egun on”, “Zorionak”… baina baita “Karpeta gorria 10€”, “Disko berria salgai”
Hala ere, zure kasuan kontu ezberdinak behar izanez gero, eman lehentasuna euskarazkoari, eta lehentasun hori era grafikoan islatu. Gauza sinpleak dira: esaterako, euskarazko kontuaren izena ERAKUNDEA izatea, eta erdarazkoa ERAKUNDEA_ES (edo ERAKUNDEA_FR), eta ez alderantziz.
Eta honaino flexoaren epeltasunak logura eragiten hasi bitartean bururatu zaizkidanak. Hasieran esan dudanez, errezeta magikorik ez daukat, eta gainera ez dut uste halakorik dagoenik. Baina zure erakundean honen inguruko gogoeta egiteko denboratxo bat hartzeak seguru ez dizuela kalterik egingo.
Bitartean, ondo egongo litzateke honen inguruko eztabaida zabaltzea. Zuek nola ikusten duzue kontu hau guztia? Esperientziarik bai? Erabili beheko erantzunak hau dena osatzeko (edo ukatzeko!)
Ideia bat izan dut: Orain artikulu hau kopiatu, beste nonbait itsatsi eta izugarri aberastuko naiz!
Egizu lasai. Baina gogoratu nondik atera duzun argi esan behar duzula. Eta on egin!
Esango nuke, oro har, zurekin ados nagoela. Niretako garrantzitsuena puntu hau da: mezuak sekula ez bikoiztu. Twitter kontu bakar eta elebiduna baduzu, konforme. Mezu batzuk euskaraz idatzi eta beste batzuk gaztelaniaz. Zuk zeuk erabaki %95 izango den euskaraz ala %27,6; berdin da Baina ez itzuli gaztelaniara euskaraz idatzi duzun guztia. Hori bai dela onartezina, nire ustez, euskaldunak 2. mailako bihurtzen gaituena.
Eskerrik asko aipamenagatik Joxe. Kontu pare bat soilik nere aldetik. Kontu elebiduna denean, gaia ez da bakarrik ez-euskaldunei ulertuko ez dituzten mezuak ez helaraztea, baizik eta EUSKALDUNAK EZ AZTORATZEA! Hau erabat ahaztuta daukagu. Bakea piskat eman behar diegu euskaldunei behingoan. Bestela, kontu elebidunekin euskarari ikusgarritasuna ematen zaion kontu hori erradikalki baztertuko nuke, ez soilik twitterren, baita hedabideetan ere. Ikusgarritasuna ematea bai, baina ez jario/eduki elebidun baten bidez. Bestetik, hizkuntzak resonantzia kulturala dakar aldean, eta, horrenbestez, eduki ezberdinak sortu behar dira edo sor daitezke euskarazko jarioan eta erdarazkoan. Aspektu hau kritikoa da nere ikuspegian, marketina interneten engagement delakoan oinarritzen delako (edukiak+elkarrizketa), ez posizionamenduan, off-line munduan gertatzen den bezala. Beraz, bai marketinaren aldetik baita soziolinguistikaren aldetik, bi kanaletara joko nuke nik oro har. Jakina, zure publiko bilatuak aukera ematen badizute, kanal bakarrera joko nuke, euskarazko kanal batera alegia, eta hor erdarazko mezuak ere bota daitezke bai, baina egoera hori praktikan eztabaidatik kanpo gelditzen zaigu, hautu argia delako eta ez dagoelako praktikan kudeaketa arazorik. Areago: mezua batzuk gazteleraz botatzea triangulatzeko aukera polita dira, hizkuntza aukeraketak berak hautu bital (politiko) bat ere badelako. Bestetik, ez ginake oso pertsona normalak izango inoiz hitzik ere erdaraz egingo ez bagenu. Online munduan aurrez aurreko komunikazioaren aspektu guztiak oso indartsuak dira, eta hor dagoen ikasgairik handiena zera da: zu zara mezua.
Bi -a eta ergatibo bat soberan, gutxienez. Erruki jauna!
Oro har ados nago zurekin, Joxe. Baina zalantza bat dut: esaten duzu kontu bakarra izanez gero, lehenik mezua euskaraz idaztea eta gero gaztelaniaz. Eta hor sortu zait zalantza. Kontuan izanda, sare sozialetan lehendabizi agertzen dela azken mezua, horrek ez dio esuakarazko mezuari bisibilitatea kentzen? Ez litzateke alderantziz egin behar? Lehenik gaztelaniakoa eta gero euskarazkoa?
Txerrak dioenarekin ados. Gure inguruan ere horixe aholkatu izan dugu: Twitterren bi mezu batera kaleratzekotan, lehenengo es eta gero eu (perfilean horixe ager dadin). Hala ere, bi mezuen artean denbora-tarte handia egon behar bada, hobeto lehenengo euskaraz kaleratzea eta euskarazko horren inguruan sortzea “saltsa” pixkat, eta orduetara (edo biharamonean) argitaratu gaztelaniazkoa (igarri dadila itzulpena dela, baina ez lehentasuna).
Nire ustez kontu bakar batera murriztu beharko genuke gure sare aktibitatea, euskaraz eta erdaraz bada ere.
Ados nago iruzkinak errepikatu behar ez direla. Sinplea da, euskaraz ez dakien bati erdaraz egin eta kitto, guk horrela egiten dugu behintzat asoziazioetan… jarraitzaileak nolakoak diren jakin eta noizbehinka erdarazko mezu batzuk bota gehiengoa euskaraz egiten jarraituz. Edo adibidez Espainian egiten den kongresu batera baldin banoa, erdaraz tuiteatzen dut normalean (azkenean euskaraz egin nuen gehiena #lswc).
Kontua zera da, esparru euskaldunari edo erdalduna heldu nahi diogu? Erantzuna baldin baduzu, badakizu nola kudeatu.
Joxek kontatutakoarekin sinplea da ;-)
[…] kontu erabili? Bakarra bi hizkuntzatan? Bat hizkuntza bakoitzeko? Joxe Rojas "Teknopatak" bere iritzia utzi du bere blogean eta Sustatuk hona ekarri CC-by-sa lizentzia erabilita. […]
Oso interesgarria artikulua, Joxe.
Txerrak eta Asierrek diotenaren harira, guk ere enpresa batean Joxek proposatzen duena jaso genuen irizpideetan, hau da, euskarazkoa tuita botatzea lehendabizi, hau Eusko Jaurlaritzaren gizarte-sareetako erabileren eta estiloaren gidak ere gomendatzen du. Hala ere, guztiz ados Asierrek dioenarekin, hau egitekotan gaztelaniazko tuita denbora batera egin behar da.
[…] + 100 Oso interesgarriak @joxe-k idatzitakoaren inguruan irakurri ditugun iritziak. Share this:TwitterFacebookLike this:LikeBe the first to like this post. […]
[…] izan da ibilbide honi hasiera eman diona eta ondorengo gaiaren inguruan luze eta argi idatzi du: kontu bakarra ala bi kontu?. Honen harira ere Euskadiko Kutxako Ander Toñak, euren esperientzia kontatu digu. Lehenengo […]
Eskerrik asko guztioi ekarpenengatik (eta barkatu erantzuteko horrenbeste denbora hartu izana!). Uste dut oso eztabaida interesgarria dela eta, erantzun egoki bakarra ez badago ere, gaiari buruzko hausnarketa egitea asko aurreratzea da, ezta?
@Joseba: eskerrik asko azalpenengatik, orain askoz hobeto ulertzen dut zeure artikuluaren zentzua. Hedabideen kasuan oso barneratuta daukat hizkuntza bakarrarena, eta, ez dakit zergatik, interneteko kontu hauekin gehiago kostatzen zait. Esango nuke segun eta zer erakunde / hartzaile / bezero klase zaren/duzun, batzuetan ez dela erabaki erraza hizkuntza batean, bestean ala bietan aritzea. Bestela, euskaldunak ez aztoratzearekin (eta beste guztiarekin ere!).
@txerra, @asier ulertzen dut euskara profilean ‘itsatsita’ geratzearren euskarazko mezua azkena izatea… zentzua du azaltzen duzuen moduan. Baina jarri mezuak nolabaiteko ‘berehalakotasunaz’ jasotzen dituenaren buruan (telefonorako aplikazio baten bidez, ordenagailuan ‘popup’ leihoen bidez… Lehenengoa gazteleraz botatzen badugu, (eta euskarazkoa horren errepikapena baino ez bada), euskarazkoa iristen denerako hartzaileak badu informazio hori, eta kasurik ere ez dio egingo…
@dabid eta @edurne, mila esker loreengatik
Edonola ere, ez dirudi erantzun errazeko galdera denik, e?
Gabon!
Nire ustez kontu bakar bat erabiltzea kudeatzeko erosoagoa da baina irakurlearentzat deserosoa.
Hizkuntza bakoitzarentzako kontu bat kudeatzea deserosoa da kudeatzailearentzat baina erosoa irakurlearentzat.
Beraz, irakurlean pentsatzen badugu bigarren aukera da egokiena. Arazoa da honek denbora gehiago exigizen duela…
[…] dut:- Enpresa, sarea eta hizkuntzak: eztabaida/hausnarketa kokatzen eta zehazten duen artikulua.- Sare sozialetan kanal bakarra ala bi?: Joxe Rojasen artikulua. Sustatun ere eztabaida polita ekarri zuen.- Sare sozialetan kanal bakarra […]
http://www.searchenginejournal.com/how-to-manage-twitter-multi-language-accounts/37891/ via @robergutierrez
[…] eta kexaren bat baldin badago hizkuntzaren inguruan enpresaren baloreak ondo azaldu. Twitterren Joxe Rojasen artikuluari (eta artikuluko iruzkinei) kasu egingo diogu eta Facebooken jarduteko adibide ona da […]