Elkartu dira Azpeitian, Sormenean Hezi, Kulturan Bizi jardunaldietan, Euskal Kultur Sorkuntzaren Transmisioa Jardunaldien hirugarren ekinaldian, hain zuzen ere, eztabaidatzeko hedabideek zer paper duten eta izan behar duten euskal kulturgintzaren hedapenean.
Aurkeztu dute Euskal Hedabideen Behategiak egindako ikerlan bat, jakiteko euskal kulturgintzak zer presentzia duen hedabideetan, eta hor ez dago sorpresa handirik, baina bai susmo batzuei datu zehatzekin heltzeko tresnak:
- Euskarazko hedabideek eta elebidunek kultur paisaia ezberdinak irudikatzen dituzte.
- Hedabide elebidunek kanpoko kulturaren zabaltzaile dira, euskal kultura ezkutatu eta batzuetan karikaturizatu ere egiten dute.
- Ondorioz, bada publiko potentzial handi bat ez duena euskal kulturaren berri, eta beraz ezin du hautatu.
- Audientziak aldatu dira, datu soziologiko, soziolinguistikoak eta abarrak aldatu dira, baina hedabideetan duela 40 urteko eskemekin jarraitzen dugu.
Horren ostean kulturgileen arteko solasaldi luze bat etorri da, besteak beste euren jardunean hedabideekin izandako harremanen berri eman eta balorazioa egiteko. Solasaldiaren inguruan pare bat esku hartze egon dira, belarriak tentetu dizkidatenak:
Batetik, Behategiko Libe Mimenzak hitza hartu du komentatzeko asko hitz egin dela goiz osoan hedabide tradizionalez, eta beste meloi bat dela kanal digitalak, eta batez ere, Instagram eta TikTok bezalako plataformak. Aztertu beharra dela kulturgintzaren digitalizazioa, eta herri algoritmo bat behar dugula euskal esparru digitalean euskal edukien presentzia bultzatzeko.
Bestetik, Gotzon Barandiaranek, aurrekoari helduta, galdera guztien amandrea bota du. Azaldu du sortzaile asko, batez ere musikariak, estresatuta ikusten dituela TikTok eta Instagram elikatzen, eta hori ikusita: “Zertarako behar dituzte euskal kulturgileak hedabide tradizionalak, egun osoa pasatzen duenean Instagram eso TikTok kontua elikatzen, non milaka jarraitzaile dituen?”
Bi puntu horiek nire azken boladako alarma gorri guztiak piztu dizkidate berriz. Ez dukat ez bata ez bestearentzako erantzun zehatzik, baina bai ideia solte batzuk, nire ustez ezinbestean kontuan hartu behar direnak. Asko poztuko naiz inorentzako ekarpen gisa balio badute, baina bueno, irribarretxo kondeszendienteak ere ez zaizkit arrotzak egiten. Hortxe ba -berriz ere- boteprontoko ideia parrastada ordenatu gabea.
Digitalizazioa vs. plataformizazioa
Espero dut denok argi samar izatea gauza bat dela kulturgintza digitalizatzea: sortze, ekoizte, hedatze eta merkaturatze prozesuetan kanal digitalak integratzea, nolabait esateko; eta beste bat kulturgintza plataformizatzea: hedatze eta merkaturatze prozesu osoa datu kapitalismoko makroeragileen esku uztea. Bigarren hori akats mortala litzateke nire ustez, jarraian azaltzen saiatuko naiz.
Ez-algoritmoa.
Sare sozial eta plataformetako algoritmo santubak makroformula matematikoak besterik ez dira, ez dezagun ahaztu. Zenbakietan, kopuruetan oinarritzen dira, horien arabera hartzen dituzte erabakiak. Libek aipatu duen beste tema bat da ‘datuen kultura’ falta dela euskal kulturgintzan.
Euskal kulturgintzak, euskal hedabidegintzak, euskalgintzak ez du lekurik matematikatan eta kopuruetan oinarritutako logika baten barruan. Kultura minorizatua gara, milioi bat hiztun ere ez, eta horietatik kultur kontsumitzaile aktiboen portzentaia marginal bat, mundu osoan ehunka milioika partaide dituzten beste bi hizkuntza eta mundu mailan lingua franca moduan asentatu den beste hizkuntza erraldoi baten artean. Kontestu horretan ezin dugu matematikatik lehiatu. Big data, influentzerrismoa eta algoritmoak bateraezinak dira euskaraz jardutearekin.
Behar duguna, beraz, ez-algoritmo bat da. Matematikatik eta kopuruetatik ihes egiteko kapaza den logika bat, fokua jarrita gehiago atxikimenduan eta irauteko borondatean, edozein formula matematikotan baino. Nola, zergatik, zertarako, nork dira gure galdera eremuak, eta ez zenbat.
Zertarako hedabideak, plataformak baldin baditugu?
Kezka azaldu da jardunaldian hedabideek kulturgintzaz (falta) duten interesaz. Eta horri, berriz ere, zuzenean eta zeharka, kontrajartzen zaio sare sozialetako jarduna. Instagramek eta TikTokek ildo editorial bat izango ez balute bezala. Meta edo ByteDance Vocento baino euskaltzaleago balira bezala. Metak eta ByteDancek bertara igotzen den edukiaz ardura minimoa balute bezala.
Iban Arantzabalek erantzun egoki batzuk eman ditu momentuan, hasteko eta bat: sortzaileek plataformetan egin dezaketena ez da kazetaritza. Hor ez dago egiten denari buruzko kuestionamendu minimorik, azalpenik… gauza bat da, guztiz zilegia, noski, norbere lana edo produktuaren sustapena egitea, eta beste bat elkarrizketa batean sortu daitekeen gogoeta egiten denaren mamiaz eta arrazoiez eta abarrez. Bigarren parte hori, gogoetarena, sekula ez da etorriko plataforma sozial zein ez hain sozialetatik.
Eta hortik aparte, sare sozialen atzetik dauden Metak, ByteDancek, Googlek… ez dute kulturgintza sustatzen. Eduki sorkuntza da sustatzen dutena. Berdin die kulturak, euren publizitatea eta propagandan tartekatzeko edukiak behar dituzte: Txoria txoriren coverra, etxeko katua hankartea miazkatzen, edo minbizia limoi uraz sendatzeko aholkua. Ñabardura txikia dirudi, baina ez da.
Horientzat bai funtzionatzen dute zenbakiek. Ekarri ahalik eta jende gehien erakar dezakeen edukia, eta saritu egingo zaitut. Enpresari arazorik txikiena eman diezaiokeen edozer, berriz, batez ere hizkuntza minorizatu batekoa baldin bada, eta batere kontenplaziorik gabe desagerraraziko dut. Nire negozioa jendea pantailara pegatuta mantentzea baita, eta ez Europako ez dakit nongo puntako kultura bitxi bat sustatzea.
Horra bada, zergatik behar dituzten euskal kulturgileek euskal komunikabideak:
- helburuak eta mundu ikuskerak partekatzen ditugulako
- elkar elikatzen dugulako
- erabakigune hurbil eta kontrolagarria partekatzen dugulako, multinazionalen lojika kuantitatibo hutsetik harago
- sinbiosi horrek aukera irekitzen duelako komunikazioa egiteko ‘engagement rate’-tik haragoko ikuspegitik.
- honezkero ezaguna, publikoa eta dokumentatua den heinean, ‘sare sozial’ deitutako horiek euren erabiltzaileen aurka dihardutelako propio. Nik neuk behintzat jendearen alde diharduen kultura/komunikazio sistema bat nahi nuke. Gero eta gehiago gustatzen zait hor nonbait irakurritako ideia, badela garaia sare sozial komertzialak tabako industria bezala tratatzen hasteko: gero eta lotsa gutxiago dute euren negozioaren oinarria dela erabiltzaileen osasuna kaltetzea.
Beste inoiz esan izan dut badela garaia sare sozialek gatibu gaituzten harreman toxikoaren gurpila apurtzeko. Ez da lan erraza, seguru, eta mina emango du hasieran, baina norbaitek eman behar du lehen urratsa.
Helduleku potenteak ere baditugu horretarako. Adibidez: Egia da IKUSIKER behategiko datuen lehen begiratua terrorifikoa dela. Euskal gazteen artean, erdiak baino gehiagok aitortzen dute sare sozialak erabiltzen dituztela albisteak jasotzeko:
Baina apur bat sakonduz gero, ikerlan berberak dio gazte horiek sare sozialetan kontsumitzen dituzten albisteen zatirik handiena hedabideek eurek bertan argitaratutako albisteak direla.
Gehien kontsumitzen duten edukia hedabideok oparitzen ari gara sare sozialen negozioa eta eragin ahalmena biderkatzeko. Gurpil zoro hori, beraz, punturen batean apurtu beharko da…
Joan den urtarrilean saiakera egin nuen lankideak sare sozialetatik atera daitezen konbentzitzeko, baina zero arrakasta unitate izan nituen. Gehiagotan eta sendoago saiatu beharko!
Ah! Eta amaitzeko, baina ez garrantzi gutxi duelako, ez dezagun ahaztu gure komunikazio interpertsonala multinazionalen esku pribatizatzea normalizatu dugun honetan, eta aurrez aipatzen nuen zenbakien lojika estuari jarraituz, oso, oso, oso erraz eman dakiokeela buelta Gotzonen hasierako galderari, alegia…
Instagram eta TikToken kontsumitzaileek zertarako behar dituzte euskal kulturgileak, Taylor Swiftek edo Rosaliak askoz ere produkzio sofistikatuago, ikusgarriago eta ugariagoa eskain dezaketenean?
Ai, inork ez zigun esan… 🎶
Interesa izanez gero, Berriako lankideek jardunaldi osoa grabatu eta euren Youtube kanalean argitaratu dute. Artikuluko irudi nabarmendua, berriz, AzpeitiaGUKAko lankideei hartu diet. Mila esker biei!