KomunikazioaNabarmenak

Hedabideak eta sare sozialak: harreman toxikoa

Gero eta harreman toxikoagoa dago hedabide tradizionalen eta sare sozialen artean, eta hori apurtu beharra dago!
sare sozialen iragarkiak

Sare sozialen hedapenak krisi handi bat ekarri du gure gizarteko informazio sistemara. Printzipioz parte hartzearen eta adierazpen askatasunaren gailur gisa hedatu ziren sare sozialak, joan dira pixkanaka-pixkanaka bakoitza bere ‘lorategia’ ixten, eta bestetik, hau ere pixkanaka-pixkanaka, joan dira gu guztiongan haien bidez komunikatzeko edota informatzeko ohitura sortzen, harik eta une bat iritsi den non berez entretenimendurako, solaserako eta, batez ere euren jabeen poltsikoak betetzeko sortutako sare sozial hauek ohiko hedabideen lehia (edo, kasu askotan, ordezko) zuzena bilakatu diren.

Ez pentsa asmatzen ari naizenik, eh? Reuters Institutuak urtero argitaratzen duen Digital News Report txostenaren 2022ko datuen arabera, Espainian honezkero inkestatuen %56k dira sare sozialak dituztenak albiste iturritzat, 2013ko portzentajea bikoiztuz. Frantzian, berriz, %40 dira. Gutxitxoago, bai, baina 2013ko datuaren bikoitza baino gehiago.

Fenomeno hori nabarmenagoa da publiko gaztearen artean. Mundu osoko gazteen arteko lagin hartuta, 2019az geroztik gehiago dira albisteetako webgune eta aplikazioak baino, albiste iturri nagusitzat sare sozialak dituzten gazteak.

Ondorioz, une honetan egundoko harreman toxikoa sortu da hedabideen eta haien lehiakide zuzenak diren sare sozialen artean. Publikoa hain ohituta, hain engantxatuta gaude sare sozialetara, ezen hedabideentzat praktikan ia-ia derrigorra baita sare horietan presentzia izatea, edukiei zabalkundea eta presentzia soziala emate aldera. Horrek dinamika toxikoa elikatzen jarraitzen du, fenomenoa gero eta larriago bihurtuz, eta hedabideen kalterako den gurpil zoro bat etengabe elikatuz: "Pitxurri, geratu zaitez lasai asko hemen Instagramen gora eta behera. Nik berdin-berdin ekarriko dizkizut albisteak hona". Pentsa horrek atzetik dakarren guztia:

  • Irakurleak asetzat emango ditu bere informazio beharrak, inongo komunikabidera jo beharrik gabe. Ederto arduratuko dira sare sozialen jabeak behar diren psikologo, diseinatzaile eta programatzaile guztiak kontratatzeaz, sentsazio hori areagotzeko.
  • Publizitate sarrera guztiak edukia bistaratzen den euskarriak jasoko ditu. Hots: sare sozialak. Edukiak sortzeak dakartzan kostuei aurre egiteko publizitate sarrerak murriztuta. komunikabideak diru iturri alternatiboak bilatu behar dituzte, izan teledendak, gida komertzialak, deskontu klubak edo ordainpeko edukiak. Hots: arrisku handia dago biziraupen ekonomikoaren izenean, komunikabide tradizionalek irizpide editorialak 'malgutu' edo narrasteko. Honek tamaina guztietako hedabideei eragingo die. Are gehiago, esango nuke larriagoa izango dela inguruan ditugunak bezalako hedabide txikietan, non diru aldetik maniobratzeko margena oso txikia den.
  • Baina gainera, komunikabideek euren edukien zabalkundea sare sozialen esku jartzen duten momentu berean, ildo editorialaren kontrola erabat galtzen dute. Zeren, gehienetan ahazten bazaigu ere, sare sozialak ez baitira -inondik inora ere- sare neutroak. Hemen kontua ez da aldizkari batek bere albistetxoa publikatu, eta automatikoki sare horren erabiltzaile guztiek ikusten dutela. Ez dezagun ahaztu sare sozial bakoitzak bere jabea duela, eta jabe horrek erabakitzen duela erabiltzaileetako bakoitzak zer ikusten duen eta noiz:
    • Batzuetan, irizpide komertzialen arabera, gehiago interesatuko zaiolako gai jakin baten inguruko edukiak nabarmentzea. Zer dakit nik: autokarabanen publizitate kanpaina bat sartu denez, orain komeni da bidaien inguruko edukiak erakustea, adibidez.
    • Beste batzuetan, sare sozialak bertan mantendu nahi duelako erabiltzailea ahalik eta denbora gehien, iragarki gehiago erakutsi eta etekin gehiago ateratzeko. Hori dela eta, erabaki dezake albiste txarrek uxatu egiten gaituztela, eta horiek gutxiagotan erakutsi edo, zuzenean, ezkutatu.
    • Eta azkenik, beste edozein hedabidek bezala, sare sozial bakoitzak badituelako bere irizpide editorial eta politiko propioak, disimulatzen saiatu arren, eta bere gustuko eta disgustuko gai politiko, sozial, kultural eta abarrak.

Albiste laburpenak, kriptotxanponak, eta bertsoak.

Pentsa dezakezu esajeratzen ari naizela, eta kontua ez dela hainbesterako, eta prest nago onartzeko joera daukadala dramatikoegi jartzeko. Baina gauza da goiko horren guztiaren adibideak baditugula jadanik gure artean, zoritxarrez, eta, zer nahi duzue esatea, niri neuri kezka eragiten didate.

Google News, no news

Hedabideak eta sare sozialak: harreman toxikoa 6 - teknopata.eus
Aber, Google Newsen aukeratu, aukeratu daiteke eu hizkuntza gisa, baina emaitzak beharbada ez dira espero genitzakeenak 🙄

Lehenengo adibidea uztailean ekarri nizuen, eta hortxe jarraitzen du, berdin-berdin. Googlek erabaki zuen duela urte batzuk Espainiako merkatutik erretiratutako Google News albiste agregatzailea berriz jartzea martxan... baita bertatik apartatzea gazteleraz ez diren albiste iturriak. Gurean sakelakoen merkatuan gehiengoa duen softwarearen egileari ez zaio sudur puntan jartzen euskarazko informazio iturriak aintzat hartzea. Eta berak ez baditu aintzat hartzen, bere sistema daramaten telefonoen jabeek ere ez dituzte defektuz ikusiko. Ez behintzat hamaika hack, konfigurazio ezkutu eta aplikazio arraro deskargatu gabe. Googlerentzat, eta bere sistema darabilten telefonoen erabiltzaileontzat ondorioz, hemen albiste da gazteleraz argitaratzen dena. Edota: euskaraz argitaratzen dena ez da albiste. Horra teknologia enpresa baten erabaki editorial bat, eragin erraldoia duena.

Kriptotxanponen kalteak

Hedabideak eta sare sozialak: harreman toxikoa 8 - teknopata.eus

Beste adibide bat, duela egun gutxi batzuetakoa, eta lehengo eguneko sarrera honetan ere aipatu nuena. Iruzurgile batek lortu du euskarazko komunikabide baten sare sozialen kontrola hartzea, eta hasi da, txorpretxa, kriptxanponen eta NFTen inguruko eduki publizitarioak igotzen: testuak, argazkiak bideoak... Sare sozialaren erabaki fulminantea, kasu honetan Youtuberena: eduki horiek gure ildo editoriala urratzen dute, eta beraz, kontu hau betiko itxi dugu. Orain joan eta topatu norekin hitz egin behar den gertatutakoa azaldu eta urteetako eduki guztia berreskuratzeko. Horra beste erabaki editorial bat, hedabideari eduki galera ikaragarria dakarkiona, eta oso zaila buelta ematen.

Kartzelako gaia

FaktoriaEiTB Twitter kontua, mugatuta
Kontuz: ez zaigu sudur puntan jartzen hedabide honen edukiak ikustea.

Hirugarren adibideak nahiko harrotu ditu hautsak azken hiruzpalau egunotan. Euskadi Irratiak publikatu du Maddalen Arzallusen kantu (edo bertso sorta musikatu) bat, Ion Parot preso askatu berriaren kartzelaldiaren inguruan. Sartu gabe EiTBk gerora hartu dituen erabakietan, ikus dezagun beste sare sozial batek, kasu honetan Twitterrek, hartu dituenak, eta nola eragin dioten hedabideari. Ikus dezagun sekuentzia:

  1. Faktoria saioak txioa publikatu du bere Twitter kontuan, eta hainbat erabiltzailek bertxiotu.
  2. Beste hainbat erabiltzailek, noski, edukia desegokitzat jo dute, terrorismoaren apologia eta halakoak salatuz.
  3. Erabiltzaile horietako batzuek Faktoriaren txioaren kontrako salaketak egin dituzte Twitterren bertan.
  4. Twitterren algoritmoak, salaketa horiek jasota, txioa ezabatu* eta irratsaioaren Twitter kontua 'mugatu' egin du, arriskutsutzat joaz. Berdin berdin erabaki zezakeen, aurreko adibideetan bezala, kontua betiko itxi eta ezabatzea.

*Gauzak nola joan diren ikusita, ez dakit seguru txioa Twitterrek ala Euskadi Irratiak berak ezabatu zuen lehenengo. Baina bueno, adibiderako jo dezagun Twitter aurreratu zela. Oso litekeena da.

WWW da gure territorio libre bakarra

Total: harreman toxiko hori ageri-agerikoa dela, eta gainera indar desoreka gero eta nabarmenagoa, sare sozialen alde, noski. Hori guztia gutxi balitz, baditugu komunikazio adituak inguruan, lasai asko esaten dutenak gaur egun publikoa sare sozialetan dagoela, eta beraz hedabideentzat oztopo bat dela webgune propioa izatea. Alferrikako gastu bat, alegia: publikoa sare sozialetan badago, ba bertan publikatu zure edukia, eta ahaztu webgunea mantentzeak dakartzan kostuak!

Et gauza justu kontrakoa da nire ustez. Sare sozialek hartu duten indarrarekin, inoiz baino garrantzitsuagoa da hedabideek beraiek zuzenean kontrolatu ditzaketen euskarri propioei eustea, izan webgune, aplikazio, posta buletin edo dena delakoa. Sare sozialetako profilak oso ondo daude gehigarri gisa, baina ez dira norberarenak eta, ikusi dugun bezala, etekin zein erabaki editorial eta komertzialak beste batzuei oparitzea dakarte.

  • […] Ez da sorpresa, noski, baina horrela, hain argi margotuta ikusteak hazkura apur bat ematen du behintzat. Espainia mailan, paperaren pisua informazio iturri gisa erdira jaitsi da 2013tik: %60 baino apur bat gehiago zen orduan, eta %30era ez da iritsi 2022an. Sare sozialek kontrako bidea egin dute, berriz. 2013an %28ren albiste iturri ziren. 2002an, berriz, %56renak. Horrek dakarren guztiarekin. […]

    Reply
  • Sare sozial pribatiboak vs Fedibertsoa
    2023(e)ko maiatzak 24 at 04:44

    […] elkartegintzan eta beste alor batzuetan ere azken boladan asko hazi den kezka bat da nola atera sare sozial pribatiboek sortu diguten harreman toxikotik. Jardunaldian ere behin baino gehiagotan ere atera da gaia: sare sozial komertzialetan jende mordoa […]

    Reply
  • […] elkartegintzan eta beste alor batzuetan ere azken boladan asko hazi den kezka bat da nola atera sare sozial pribatiboek sortu diguten harreman toxikotik. Jardunaldian ere behin baino gehiagotan ere atera da gaia: sare sozial komertzialetan jende mordoa […]

    Reply
  • […] ba kontua da azken asteotako buruhauste honen eta honen ondoren, pentsatzen ari naizela pisu gehiago ematea Mastodoni eta gutxiago Twitterri nire […]

    Reply
  • […] Badakit, badakit aldekoen zati hau ez dagoela kontrakoena bezain zehatz azalduta, baina bueno, badakizue, alde emozional horrek ere asko tiratzen du, zalantzarik ez. Eta gero, noski, ezin da ukatu Twitter eta antzeko sareak izugarrizko tresna direla norbere edukiari zabalkundea emateko, epe luzera trukea oso gizalegezkoa ez bada ere. […]

    Reply

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.