Eskandinavian ez zuten nahikoa euren bizimodu maila, hezkuntza edo osasun sistemarekin ematen diguten inbidiarekin, eta orain euren poliziak ere jarri behar gaitu jeloskor.
Izan ere, ohar labur baina zehatz batean, Norvegiako poliziak iragarri du gaurtik aurrera utzi egin diola Twitter erabiltzeari. Eman duten azalpena marko batean ipintzeko modukoa da. Norvegiako Poliziaren Zuzendaritzako buru Torgeir Haurgen-ek halaxe azaldu du:
Norvegiako Polizia 2011n hasi zen Twitter erabiltzen, zerbitzu publikoko mezuak, alertak eta abarrak argitaratzeko. Esperimentazio sasoi zabalak ere izan omen dituzte, izan beharreko tonu ofizialaren eta jarrera hurbil/informalaren arteko oreka puntua topatu arte, eta 675.000 mezutik gora bidali dituzte denbora honetan. 13 urteko lanaren ostean, eta batez ere Muskek Twitterri eman dion norabidearen ostean, Norvegiako poliziak erabaki du plataforma jadanik ez dela fidagarria, ezta egokia ere, informazio publikoa herritarren eskura jartzeko. Algoritmoen bidezko zuzentze ideologikoa eta ordainketa zein datu-hormen bidezko funtzionamendua aipatu dituzte balorazio hori egiteko arrazoi gisa.
Erabaki zaila izan da seguru, kontuan hartuta Norvegiako Poliziaren kontuetako batzuek daukaten jarraitzaile kopurua. (Oslokoak 556.300etik gora, Trondheimekoak beste 144.200…). Baina zenbakien aurretik jarri dute informazioaren eskuragarritasuna eta herritarren pribatutasunaren defentsa. Polemika ere sortu da, noski, ez baita falta Norvegiako Poliziaren erabakiari ‘eske jendea hemen dago’-ka erantzun dionik. Eta bestetik, noski, ez dira gutxi ere mugimendu hau informazioa ‘jendea benetan dagoen lekutik ezkutatzeko’ saiakera dela salatu dutenak. Poliziak bere kanal ofizialak izandakoak abandonatu izanak desinformazioa errazteko modua ere izan daitekeela salatu dute hainbatek, erraz gerta bailiteke beste erabiltzaile batzuek Poliziarenak izandako erabiltzaile izenak (edo oso antzekoak) ‘okupatzea’ iruzurrak egiteko asmoz.
Twitter utzi arren, Norvegiako Poliziak alertak eta zerbitzuko informazioa ematen jarraituko du, baina bere euskarri propioetatik: Politiloggen izeneko webgunetik eta aplikaziotik, hain zuzen ere. Twitterrekoaren oso antzeko denbora lerro bat eskaintzen du webguneak (pentsatzen dut aplikazioa ere antzekoa izango dela), eta norberak aukeratutako eskualde eta gaien arabera iragazita erakusten ditu polizia alertak.
Eta hara non, bilaketa azkar bat eginda, Norvegiakoa ez den azken egunotan Musken atzaparretatik atera den polizia bakarra. Galesekoak ere gauza bera egin zuen urriaren 12an, argudiatuz Musken zerbitzua honezkero ‘ez dela bateragarria’ Galeseko Poliziaren baloreekin. Berez, Erresuma Batuko polizia indar guztiak ari dira Twitterretik urruntzen, haren bidez zabaldutako desinformazioak udako istilu oldea pizten lagundu zuenetik.
Tira, ea pixkanaka-pixkanaka olatu hori hegoalderantz hedatzen doan, ezta?
[…] egin zuen. Duela egun batzuk, Berlingo zinema festibalak ere berdin egin du, eta berdin egin dute Norvegiako eta Galeseko poliziek, behinola Twitter izandakoaren ildo editorial berria zerbitzu publikoarekin bateraezina […]