NabarmenakTeknopataren ajeak

Adimen artifizialaren mitologia: ez adimen, eta ez artifizial

Adimen artifiziala saltzen duten enpresak mitologia oso bat hedatzen ari dira euren produktua errazago saltzeko. Izenetik bertatik hasita: AA delakoa ez da ez adimena, ez artifiziala.
'Mitologika' liburuaren azala, sorgin baten eta galtzagorrien irudiekin.

Lehengoan oso artikulu mamitsuarekin egin nuen topo Mastodonen: Challenging The Myths of Generative AI (AA sortzailearen mitoei aurre egiten). Eryk Salvaggio ikertzaile eta artistak idatzi zuen abuztu bukaeran, TechPolicy iritzi eta ikerketa agerkarian. Halakoetan gertatzen den bezala, azken boladan irakurritako beste zenbait konturekin nahastu dira Salvaggioren esanak neure buruan, eta lehendik trinko samarra zen potajea areago loditu da.

'Mitologika' liburuaren azala, sorgin baten eta galtzagorrien irudiekin.
Euskal kulturak nola, adimen artifizialak ere badu bere mitologia propioa.(Liburuari buruzko informazio gehiago hemen)

Hasteko eta behin, gustatu zait mitologiaren ideia ekartzea esparru honetara. Adimen artifiziala deitzen diogun hori, besteak beste, produktu bat da. Saltzaileak ditu atzetik, eta saltzaile horiek mitologia oso bat sortzen eta hedatzen ari dira, euren produktua guri, azken erabiltzaileoi, baina batez ere poltsikoak betetzen dizkieten inbertsiogileei saltzeko. Dirua ukitu ezin daitezkeen produktu horietan gastatzeko gogoa izateko, ezinbestekoa baita erabiltzaileok zein inbertsiogileek fede handia izatea gauza oso onak ekartzen edo ekarriko dizkigutela. Eta beraz, AA saltzaileak urteak daramatzate jo ta fuego haien produktuaren inguruko fantasiazko ipuin bat elikatzen eta hedatzen, kontakizuna merke samar erosi duten/dugun beste eragile askoren laguntzaz: hedabideak, hezkuntza, erakunde publikoak…

Ez adimen, ez artifizial

Mitologia hori teknologiari eman zaion izenarekin, eta izen horrek burura ekartzen dizkigun irudiekin lotuta dago erabat. Adimen artifiziala ez da ez adimena, eta ez artifiziala.

Ez da adimena, finean dituen datu multzo erraldoien arteko harreman estatistikoaren gaineko kalkuluetan oinarritzen delako. Ezin du jakin, ez du ahalmenik ulertzeko, bere kalkulu estatistikoen ondorioz eskaintzen digun edukiak zer dioen, nahiz eta sortzen dituen eduki horiek, atzetik dituen ehunka milaka milioika adibide eta laginei esker, benetan errealistak eta atzetik ‘pentsatutakoak’ iruditu. AAk ematen dizkigun testu, irudi eta abarren egiantzekotasun hori oso-oso arriskutsua da. Baina ez sistemak duen ‘adimen maila’ adierazten duelako, baizik eta itxura errealista horrek geure buruan eta ikuspegi kritikoan eragiten dituen kalteengatik. Oso erraz sinistu dezakegu izaki adimentsu batekin ari garela hizketan… eta hortxe dago arrisku handiena, makina benetan pentsatzen ari dela sinistean.

Ez da artifiziala, batez ere ‘adimen artifizial sortzailea’ deitu zaion horretan, sormena sistema elikatzeko erabili den ehunka milaka milioika lanetan baitago. Hau da, gizakiek sortu dituzten lan horietan dago sormen lana. Makinak ez du ezer berririk sortzen. Datu-basean dituen irudi, testu eta audioak estatistika eta probabilistika uztartuz nahastera dedikatzen da.

Beraz, ez adimen, eta ez artifizial. Baina noski, onartu beharra dago ikuspegi komertzialetik askoz eraginkor eta salgarriagoa dela ‘adimen artifiziala’ izena, ‘estatistika aurreratua’, ‘konbinatoria automatiko aurreratua’ edo ‘probabilista elektronikoa’ baino. Marketin aldetik zero kritika erabaki horri.

Zalantza izpi txikiena ere ezin dugu izan AAren inguruan dagoen marketin kanpaina erraldoiaz, eta marketin kanpaina horretan gauzak izendatzeko moduak jokatzen duen paperaz. ‘Adimen artifizial’ terminoa kontu handiz aukeratuta dago, denok pentsatu dezagun sistemak badituela benetan ez dituen ahalmen batzuk, (pentsatzekoa, besteak beste). Eta gainontzeko terminologia ere oso ondo lerratuta dago ideia horrekin.

2001 pelikulako HAL 9000 ordenagailu adimendunaren interfazea. WIkimediatik hartua.
Teknologia alorreko guruek zientzia-fizkioak inspiratutako espektatibak dituzte AAren inguruan, eta horiexek hedatzera dedikatzen dira beren diskurtsoan.

Izan ere, Adimen artifizial deitzen diogun baina berez estatistika sistema konplexu bat besterik ez den horrek emaitza okerrak ematen dituenean, nola deitzen zaie oker horiei? ‘Akats estatistikoak’ izan zitezkeen, ‘kalkulu erroreak’, ‘akats teknikoak’ besterik gabe… Baina, ez: alor horretako teknikariek (edo saltzaileek, ez dakigu), oso bestelako hitz bat hedatzen ari dira AAren emaitza akastunak izendatzeko: ingelesez “hallucination”, hau da: ‘haluzinazioa’ euskara batuan. Hots: adimen artifizialak emaitza oker bat eman du kalkuluek edo barruko programazio algoritmoek huts egin dutelako, baina akats hori izendatzeko, medikuntzako termino bat hedatzen hasi zaizkigu, hiztegiaren arabera esan nahi duena: “Pertsona batek ez dagoen objektu edo kanpo-estimulu baten pertzepzioa izatea eta egiazkotzat jotzea”.

Beste saiakera bat (arrakastatsua, ‘haluzinazio’ hitz hori oso zabalduta dagoelako honezkero), guztion burmuinean irudi zehatz bat eraikitzeko,. Zuzenak ala okerrak, baina pertzepzioak izan ditzakeen entitate batez ari garelako ideia finkatzeko.

Kasualitatea? Ez dut uste!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.