Trepetak

Intimitatea? Ze intimitate?!?

New Yorken kasualitatez konturatu dira telefono kabinen mantenua egiten duen enpresak inguruko sakelakoen jarraipena egiteko gailuak instalatu dituela Manhattan auzoko 50 kabinatan. Udalari berari ere ezer esan gabe, gainera.
Intimitatea? Ze intimitate?!? 7 - teknopata.eus

Ederra New York-en sortu den saltsa. Udalak bertoko telefono kabina zaharrak berritzeko enkargua egin dio TITAN izeneko enpresa bati. Enpresak txukun-txukun utzi ditu kabinak eta, betiko telefonoaz gain, Wi-Fi konexioa, sakelakoak kargatzeko atakak eta publizitate panel elektronikoak jarri dizkie. Horraino udala pozik, eta Manhattan-en gora eta behera dabiltzan exekutiboak ere bai.

TITAN Phone Booths, NYC
TITAN Phone Booths, NYC cc-by-nc-sa Jack Morgan

Baina, ai amigo! Halako batean, kazetari bat halako kabina baten ondotik pasatu eta bere telefonoa zoratu egin zen, segurtasun abisuak jo eta jo. Hurrengo kabinaren ondotik pasatzean ere, berdin… eta halaxe, tonto-tonto, kazetaria konturatu da beste gehigarri bat ere jarri dietela telefono kabinei. ‘Beacon’ erako gailua, hain zuzen ere.

Beacon horiek (izenak ‘itsasargi’ esan nahi du ingelesez) ingurutik pasatzen diren telefonoekin komunikatzen dira Bluetooth bidez. Telefonoa nondik nora ibili den jakin eta erregistratzeko gauza dira, baita beste informazio piloa atzemateko ere: zer aplikazio instalatu diren, jabeak nola eta zertarako erabiltzen duen internet, erosketa historiala… Teoria da gailu horiek denda fisikoetan erabiltzeko direla, bezeroen ‘erosketa esperientzia’ hobetzeko. Jakiteko zein apalategiren ondoan geratzen diren eta zeinetatik pasatzen den begiratu gabe, zer eta noiz erosten duen, eta abar, eta informazio horrekin publizitate pertsonalizatua eskaini ahal izateko.

BuzzFeed atariak New Yorken topatutako Beacon guztien mapa. (Klik handiago ikusteko)
BuzzFeed atariak New Yorken topatutako Beacon guztien mapa. (Klik handiago ikusteko)

Baina kontua da TITAN enpresa horrek handira jokatu duela: ‘faroak’ espazio itxi batean baino, auzo oso batean zehar barreiatu ditu, eta horrekin aukera du bertatik mugitzen den jende guztia edo ia guztiaren joan-etorriak jarraitu eta gordetzeko. Ez jende horri, ez udalari, ez beste inori ezer esan gabe.

Enpresak aitortu du bai, gailuak ezarri egin dituela, eta udalaren aginduei jarraiki kendu egingo dituela. TITANek azaldu duenez, erabili dituen gailuak Gimbal etxekoak dira, eta ezin dute daturik jaso erabiltzaileek ez badute euren telefonoan aplikazio berezi bat instalatzen, gero handik faroekiko konexioa baimentzeko.

Hori hala izanda ere, benetan beldurgarria da baimen hori emanda ‘beacon’ ditxosoek jaso dezaketen informazio kopurua, eta datu horiek gurutzatu eta konpartitzeko gaitasuna. Gombalek aukera eskaintzen du datuok berak zuzenean kudeatzeko, ala hirugarren baten zerbitzarira bidaltzeko.

Datu sortaren barruan: telefono bat faroaren ondotik pasatzen denean nondik zetorren, aurretik beste gailuren baten paretik pasatu den ala ez, internetera konektatuta dagoen ala ez, zer datu mota erabiltzen ari den sarean, pasatzeko ordua eta abiadura, telefonoan instalatutako aplikazioen zerrenda…

Intimitatea? Ze intimitate?!? 13 - teknopata.eus

 

Enpresa berak Estatu Batuetako beste hainbat hiri handitako komunikazio sareak ere kudeatzen ditu, eta oraindik ez du erantzun beste horietan ere antzera egin duen galdetu zaionean.

Eta gu, bitartean, Google, Facebook eta abarretako ezarpenak aldatzen gure intimitatea babestearren. Ai, intimitatea! Nostalgikoen kontuak, badakizue!!!

Postdata:

Bide batez, Bilbon halako panel elektronikoen bila nenbilela, hara zerekin egin dudan topo gaur bertan. Bilboko Uriolan kontatu dut gertatutakoa xeheago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.