Asko entzuten ari gara azken bolada honetan gidaririk gabeko autoei buruz. Googlek 2020rako iragarri ditu bere lehen modelo komertzialak, eta azken asteotan badirudi Apple bera ere badabilela muturra autogintzan sartzeko asmoz. Zurrumurruak zurrumurru, honezkero asko ziurtzat joten genuen kotxe ‘autogidatuak’ urte gutxiren buruan ikusiko genituela errepideetan.
Baina hara non, azken albisteen arabera, gidaririk gabeko lehen autoak aste gutxi barru ikusiko ditugun. Bai behintzat, autogintzaren mundura hainbat iraultza ekarri dituen Tesla Motors enpresari sinistu behar badiogu. (Luxuzko) auto elektrikoak modan jarri dituen enpresak atzo bertan iragarri zuenez, bere autoek software eguneraketa bat jasoko dute ekainean, ‘Autopilot’ funtzioa gaituko duena. Hots: pilotu automatikoa. Pilotu automatiko horrek hiru egoeratan funtzionatuko du:
- Autopista, autobide eta antzeko bideetan. Hots: gidatzea errazen (eta aspergarrien) suertatzen den inguruetan. Kale artean ibiltzean, aldagai arriskutsuegi asko hartu behar dira kontuan (oinezkoen jokaera, besteak beste), eta beraz piloto automatikoa itzali egingo da abiadura handiko bideetatik irtetean.
- Jabearen etxean aparkatzean. Gaur egun gama altu eta ez hain altuko hainbat modleok egiten duten bezala, Tesla autoek laguntzarik gabe aparkatuko dute ekaineko eguneraketa hori jasotakoan.
- Jabeak urrutitik deitzen dionean. Bai! Tesla autoen jabeak Michael Knight bihurtuko dira ekainetik aurrera, eta, autoaren bila joan beharrean, autoa etorriko omen zaie haiei bila, giltza elektronikoko botoi bati sakatuta. Awesometasunaren gailurra!!! O.o
Etorkizuna hementxe dago lagunok! Eta hementxe esaten dudanean, hementxe esan nahi dut e? Tesla autoak ez daude oso hedatuta Europan oraindik, baina bada gure artean ikusi dituenik.
Nik bezala, hamabi bizitzako soldata beharko bazenu halako auto bat erosi ahal izateko, egon lasai: teknologiak ondo funtzionatzen badu, eta gidatze automatikoa manuala baino seguruagoa dela frogatzen bada, lehenago ala geroago auto merkeagoetan ere txertatuko dute. Eta orduan beste gerra bat etorriko da: aseguruak gehiago kobratuko digu, seguru, gure autoan halako sistemarik ez dugunoi!
Zer iruditzen? Aukera izanez gero, hartuko zenukete piloto automatikoa duen autoa, ala nahiago duzue zeuek gidatzea? Honelakoek xarma kenduko diote gidatzeari?
@joxe Azkenik!!!!!!