Teknopataren ajeak

Offline dendetan ere jarraitu nahi digute

Online dendatan egiten ditugun mugimendu guztien jarraipen xehe-xehea egiten dute. Eta horrek abantaila handia ematen die saltzaileei produktua non, nola eta noiz eskaini behar duten erabakitzeko orduan. Adreiluzko dendetan informazio horren inbidiaz dabiltza, eta sistemak probatzen ari dira bezero bakoitza identifikatu eta dendan egiten duenaren jarraipen zehatza egin ahal izateko.
Offline dendetan ere jarraitu nahi digute 7 - teknopata.eus
Captura de pantalla 2013-07-16 a la(s) 22.42.44
Hona etortzen zaretenean ere, Googlek xehe-xehe aztertzen du nondik zatozten, zenbat denbora pasatzen duzuen hemen, nora joaten zareten gero, eta abar, eta abar…

Konturatzen ez bagara ere, online erosten dugunean jarraipen estua egiten digute saltzaileek: nola iritsi garen euren dendara, zer artikulu kontsultatu dugun, non egin dugun klik, zer orritan egon garen denbora gehien eta zeinetan gutxien, zenbat kostatu zaigun erosteko erabakia hartzea, konpetentziako dendetan konparatu dugun ala ez, lehenengo bisita den ala beste batzuetan ere etorri garen… Finean, edozein webgune bisitatzean uzten dugun arrasto berbera, baina erosketa prozesuarekin lotuagoa, eta xeheago aztertua. Esan bezala, sarritan konturatu ere ez gara egiten, baina tira, nolabait barneratuta daukagu online erosteak dituen abantailen truke ordaindu behar dugun bidesaria dela.

Eta betiko dendetan?

Tira, ba kontua da offline dendek inbidia handiz begiratzen diotela denda birtualek erosleen inguruan jaso dezaketen informazio kopuru erraldoiari, eta datu preziatu horiek eskuratzeko teknika berrien bila dabiltza.

Online gabiltzanean oso erraza da gure jarraipena egitea, etengabeko arrastoa uzten dugulako batetik bestera nabigatzean. Baina erosle presentzialak zenbatzea beste kontu bat da. Nola identifikatu eta jarraitu denda batean sartzen den lagun bakoitza? Minority Report ikusita baduzue, irtenbide drastiko eta efektiboa proposatzen da bertan:. Jende guztiari erretina eskaneatzea, eta erretina eskanerrak kokatzea non-nahi, hiritar bakoitza uneoro identifikatua egoteko: dendetan, garraio publikoan, erakundeetako egoitzetan… Akabo identifikazio txartelen beharra! Metroan sartzean, kamera batek zure erretina irakurri eta zure izen abizenekin agurtuko zaitu! Bide batez, nondik nora zoazen ere gordeko du. Denda batera sartzean, iragarki automatiko batek gomendioak egingo dizkizu zure azken erosketetan oinarrituta: halako prakak ofertan daude… aurrekoan erosi zenuen kamisa berde horrekin oso ondo doazen zapata berri batzuk iritsi zaizkigu…

Offline dendetan ere jarraitu nahi digute 12 - teknopata.eus

Paperean oso sistema eraginkorra izan liteke,baina baita garestia ere. Gauza sinple eta egingarriagoen bila hasita, sakelakoak erabiltzen hasi dira AEBetan denda handietako bezeroak identifikatzeko. Ia guztiok daramagu segapoto (gutxienez) bat poltsikoan, eta gailu bakoitzak bere identifikadore propioa du. Hori jakinda, trikimailu estrategia ezberdinak baliatzen ari dira dena handiak bezeroak sakelakoaren bidez identifikatzeko:

  • Aplikazio propioak eskaini, eta aplikazio horietan datuak sartzeko eskatu, deskontu kupoien eta halakoen truke. Modurik kaskarrena da beharbada,baina jende asko prest dago bere informazioa emateko deskontu txikien truke. Aplikazio horiek zerbitzari batera konektatzen dira bezeroa dendara sartzen denean, eta eskaintza pertsonalizatuak, azken orduko pagotxak eta bestelakoak eskaintzen dizkiete jabeei.
  • Wi-Fi edota Bluetooth bidez telefonoaren MAC helbidea (identifikadore bakarra) eskuratu, gorde eta horrela identifikatu eroslea. Metodo hori aurrekoan komentatzen genituen beste batzuekin uztartu daiteke, telefonoaren jabea zehazki nor den jakiteko (doako internet konexioa erabiltzeko email helbide bat eskatuta, esaterako).

minority-report-ocular-scan-adBi bide horietatik, zehazki erregistratu daiteke noiz sartu eta noiz irten den eroslea dendatik, baina baita zer ibilbide egin duen dendaren barruan, non egon den geldi, begira, eta nondik pasatu den azkar samar… lehenengo aldia ote den dendara etorri dena ala beste bisita batzuk eginak dituen aurretik… teknologia horri beste batzuk gehituz gero (kamera bidezko jarraipen automatizatua, esaterako), jakin daiteke gainera zeri begira egon den zehazki, zelako umoreaz sartu eta zelako umoreaz irten den dendatik…

Informazio hori guztia hartuta, ez dirudi oso urrun dagoenik denda batera sartzean, saltzaile birtual batek neurri-neurrira egindako eskaintzak egingo dizkigun eguna. Amazonen gertatzen den gauza bera, baina offline dendatan. Orain, zer inplikazio izango du horrek gure pribatutasun eta intimitate eskubidean? Esistitzen dira halakoak oraindik, ala iraganeko kontuak dira?

Informazio gehiago (ingelesez) The New York Times-en. Mila esker @iturri jaunari pista emateagatik!

3 iruzkin
  • Bitacoras.com
    2013(e)ko uztailak 16 at 23:44

    Información Bitacoras.com…

    Valora en Bitacoras.com: Hona etortzen zaretenean ere, Googlek xehe-xehe aztertzen du nondik zatozten, zenbat denbora pasatzen duzuen hemen, nora joaten zareten gero, eta abar, eta abar… Konturatzen ez bagara ere, online erosten dugunean jarraipen ……

    Reply
  • Joseba
    Joseba
    2013(e)ko uztailak 19 at 11:09

    Betiko/Herriko/Auzoko denda txikietan erosteko beste arrazoi bat

    Reply
  • Joseba E.
    Joseba E.
    2013(e)ko abuztuak 5 at 12:49

    Aupa, Joxe:

    Aipatzen duzuna (pribatasuna galtzea, marketing zorrotzagoaren biktima izateko arriskua, etab.) egia izan arren, badira nire ustez 3 arrazoi gutxienez kontrol hori nolabait sahiesten dituztenak sarea erabiltzen dugunean bai denda fisikoetan zein birtualetan erosketak egiteko garaian: (1) ez dago dendarik sareak duen baino erakuslehio handiagoa duena eta aukera ugaritasun horrek esijenteagoak bihurtzen gaitu zerbait erosterakoan, edo behintzat, aukera ugaritasun horrek jarrera hori ahalbideratzen du, bi zentzutan gainera: produktuaren izaeran eta prezioen konparaketan. (2) sarea erabiltzeak badu halako anonimotasun-hoztasun bat esango nuke, erosketa inpulsiboen aurka jokatzen duena, hau da, errazagoa dela pantailari ezetz esatea, dendari bati ezetz esatea baino; errazago den moduan merkatal gune handi bateko dendariari ezetz esatea, auzoko denda txiki horretako dendariari baino. Eta (3), baina beste biekin lotuta, esfortzu fisiko gutxiago eskatzen du sarea erabiltzeak erosketak egiteko, esan nahi dut, zenbat aldiz gertatu zaigu dendaz-denda ibili zerbaiten bila eta nazkatuta, ez dugulako aurkitu bilatzen genuen hori, erdi-purdiko erosketa batekin konformatu eta finean damutu. Gainera, kontuan izanda internetik ez zegoen garaiak ezagutu ditugula, sarea erabiltzearen arrazoia izan da ez konformatu izana ohiko bideetatik eskaintzen digutenarekin eta hori, berez, jarrera aktibo baten erakusle da.

    Beraz, sarea erabiltzearen alde nago: newsletterren harpidedun izateko beldurrik gabe edo facebook bitartez denda ezberdinen jarraitzaile bihurtu.

    Ondo izan.

    Reply
  • joxe
    2013(e)ko abuztuak 5 at 23:30

    Aupa Joseba & Joseba, mila esker zuen ekarpenengatik! :-)

    Joseba E, nire ustez, online dendek justu kontrako efektua dute (esperientzia pertsonalagatik diot, e?). Niri askoz errazagoa egiten zait denda birtual batean erostea, batez ere segun eta zer nolako gauzak. Esan nahi dut: 300 eurotik gorako gailu bat erosteko tentatua nabilenean, denda fisiko batean erostea zailagoa egiten zait: prezioak normalean altuxeagoak dira, ordainketa ‘fisikoa’ egin beharrak nolabait atzera eragiten dit…

    Baina online, berriz, askoz errazago heltzen diot amuari:
    -Normalean leku bat baino gehiagotan begiratu daiteke erraz, prezioak konparatu eta, sarritan, denda fisikoetan baino prezio nabarmen merkeagoak aurkitu.
    -Erakusleihoa, diozun moduan, oso handia da, eta amu tentagarri piloa jartzeko aukera ematen du: ezaugarri teknikoen zerrenda amaigabeak, bideo eta argazki liluragarriak, beste erosleen lehen momentuko komentario liluratuak…
    -Eta azkenik, txartel zenbakia jartzea eta ‘ordaindu’ botoiari ematea, sarritan txartela poltsikotik ere atera beharrik gabe, ordainketa ‘fisikoa’ baino askoz ere erosoagoa da. Min gutxiago ematen du, kopuru handia izan arren…

    Enfin, neu ere online denden zale handia naiz e? Baina kontrolaren aspektu hori hor dago, nik egunero jasotzen ditut Amazonen eskaintzak orain arte begiratu ditudan produktuetan oinarrituta… eta gero eta tentagarriagoak dira, haiek ere gero eta hobeto ezagutzen dituztelako nire gustuak.

    Ni ez nago sarea erabiltzearen kontra, baina bueno, uste dut komeni dela jakitun izatea horrek zer ‘bidesari’ dakarren ordainetan…

    Reply
  • […] Badirudi Applek bista-bistakoak ez diren berrikuntzak sartu dituela iPhone eta iPaden iOS7 sistema eragilean. Duela ez asko kontatu nizuen nola ari diren aztertzen hainbat sistema, denda fisikoetan ere, birtualetan bezalaxe, bezeroen jarraipen pertsonalizatua egin ahal izateko, et… […]

    Reply
Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.