Trepetak

iBask

Horrelaxe deitu ahal zaio gaurkoan ekarri dizuedan gadget-ari. Sare sozialen garai hauetan, intimitatea historia bihurtu den Anai Handiaren sasoian… nork ez du nahi bere pisua egunero neurtu eta lau haizetara zabaltzea?

Egon zaitezte lasai, ba! Orain aukera duzue goizero altxatzen zaretenean baskula gainera igo, pisatu eta, beste ezer egin gabe, zuen pisuaren berri mundu osoari emateko. Zuekin: Withings baskula edo, erraz ulertzeko, iBaskula.

iBaskula
Munduko baskularik kontakatiluena

Withings baskula honen ezaugarririk nabarmenena bere Wi-Fi konexioa da. Hari esker, gainera igotzen zaren bakoitzean zure pisua, koipe masa eta IMC (Gorputz Masaren Indizea) kalkulatu eta sarera bidaltzen du informazio guztia, “zure eboluzioaren jarraipena egin ahal izateko”. Eboluzio horren jarraipena iPhonearen bidez egiteko pentsatua dago baskula hau, betiko paper eta lapitzaren ordez.

Baskulak, dena esan behar baita, oso diseinu dotore eta erakargarria du, eta, esan bezala, jasotako datuen jarraipena iPhonetik egiteko aplikazio bat dakar. iPhonerik ezean, jarraipen hori web bidez ere egin daiteke, baita Google Health eta antzeko hainbat zerbitzuren bidez.

Hori bai, zure pisua munduko edozein txokotatik kontsultatu ahal izatea ez zaizu merke irtengo. Katxarroak 129 euro balio du… bidalketa gastuak aparte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.