Komunikazioa

Albisteetan ere, dieta desorekatua :/

Gazte helduek 'albiste nekea' pairatzen omen dute albiste eta titularrez inguratuta bizitzearen ondorioz, eta arazoak omen dituzte istorio sakonetan sartzeko, Associated Press agentziak Suedian aurkeztu berri duen ikerketa baten arabera.
Albisteetan ere, dieta desorekatua :/ 7 - teknopata.eus

Breaking NewsGazte helduek ‘albiste nekea’ pairatzen omen dute albiste eta titularrez inguratuta bizitzearen ondorioz, eta arazoak omen dituzte istorio sakonetan sartzeko, Associated Press agentziak Suedian aurkeztu berri duen ikerketa baten arabera.

Agentziak albiste kontsumo-ohituren azterketa egiteko asmoa zuen, eta ikerketa etnografikoak egiten dituen The Context-Based Research Group taldeari luzatu zion enkargua. Ondorio nagusia ez da oso harrigarria: 18-34 urte bitarteko irakurleen albiste kontsumo ohiturek alde nabarmenak dituzte aurreko belaunaldiek zituztenekiko. Ikerlanak Estatu Batuetako, Britainia Handiko eta Indiako sei hiritako etnia ezberdinetako 18 gazteren albiste kontsumoa aztertu zituen.

Azterlanaren emaitzak baliatuz, albisteak emateko eredu berria sortu nahi du agentziak, gazte helduen beharrei erantzuteko. APren estrategia zuzendaria den Jim Kennedyren hitzetan, “azken finean, haiek dira hedabide tradizionaletatik albiste digitalerako jauzia gidatzen ari direnak. Ikerketak eredu bat eman digu jakiteko gazteek nola kontsumitzen dituzten albisteak esparru digitalean, eta horretan oinarrituta bide eman digu albisteak jasotzeko eta proiektu berriak sortzeko orduan”.

Emaitzen artean, APk “1-2-3 filing” deritzon sistema: titular labur bat azken orduko albisteetarako; orainaldian kontatutako istorio laburra jarraian, interneten zein irrati-telebistan erabil daitekeena, eta, hirugarren urratsean xehetasunak eta formtau egokitzapenak, euskarri bakoitzari egokitutakoak. Londoneko Telegraph egunkarian ere antzeko eskema bati jarraitzen diote, eta horrek izugarrizko gorakada ekarri dio egunkariaren edizio digitalari.

Ondorio nagusietako bat, hala ere, hasieran aipatutakoa da: ikerketan parte hartu duten gazteek kalitatea eta fondoko informazioa nahi dute, baina zailtasunak dituzte halako edukia eskuratzeko, titularren, eguneraketen, eta abarren etengabeko bonbardaketa dela eta.

Gainera, ezinezkoa zaie albisteei erabateko arreta eskaintzea, aldi berean beste zenbait kontutan ibiltzen baitira: posta elektronikoa irakurtzen, esate baterako. Hori aldaketa sakona da aurreko belaunaldien kontsumo ereduarekiko: duela oso gutxira arte, jendea eseri egiten zen egunkaria irakurri edo telebistako albistegia ikusteko. Nolabait esateko, Context-Based Reserch Groupeko Robbie Blinkoffen esanetan “gazteen albiste-dieta desorekatuta dago, titular eta flash gehiegi kontsumitzen dituztelako”. Erremedio gisa, azterketaren egileek bi gomendio eman dute: batetik, erraztea irakurleak eduki sakonetara iristeko bidea; eta bestetik, ekiditea titularren etengabeko errepikapena.

Eta zu? Gazte heldua zara? Igarri duzu inoiz titularren betekada? Beste zerbait egiten duzu albisteak irakurtzen dituzun bitartean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.